Juantxo EGAÑA

Rafael Lopez de Heredia, gerratik upategira

Rafael Lopez de Heredia euskal emigranteen semea Txilen jaio zen, 1857an. Aita Dulantzikoa (Araba) eta ama Nabarnizkoa (Bizkaia) zituen. 1871n Urduñako jesuiten ikastetxera joan zen. Bigarren Gerra Karlistan, 16 urterekin, Urduñako 4. batailoian izena eman zuen 1873ko otsailaren 20an, eta Portugaleten, Bergaran, Zumarragan eta Urretxun borrokatu zen, besteak beste. Gerra amaitu zenean, Nantesen erbesteratu eta gordeta egon zen. Garai hartakoa da artikulua ilustratzen duen argazkia. Beste boluntario batzuekin ageri da Lopez de Heredia, atzeko ilaran laugarrena, ezkerretik hasita. Nantestik Baionara joan zen, Lapurdiko hiriburuan ikasketak bukatu zituen eta elikagaigintzan hasi zen. 1889an R. Lopez de Heredia elkartea sortu zuen Haron, bertan lurrak erosi eta Viña Tondonia lursaila eratu zuenean. Argazki hau bodega horretako artxiboan gordeta dago. Artxibo berean dauden irudietatik, nabarmentzeko modukoak dira ere Manuel Torcida argazkilariak 1910ean egin zituenak. “Foto Lux” gisa ezagunagoa zen argazkilari bilbotarrari 1910eko Bruselako Nazioarteko Erakusketarako eskatu zizkion bodegak argazki horiek.