Amaia Nausia Pimoulier

Agur Asiron, baina adiorik ez

Iruñekoa naiz jaiotzez, Iruñean hazi nintzen eta bertan eman ditut nire bizitzaren urte gehienak; Antsoainek bihotzaren zati bat lapurtu zidan arte, orain dela zortzi bat urte. Orduan joan nintzen herri horretara bizitzera. Hala eta guztiz ere, nire bihotzaren zati handi bat iruindar sentitzen da oraindik; Iruñean lan egiten dut eta lagunak eta familia bertan ditut. Beraz, Iruñean gertatzen denak sakonki pozten eta mintzen nau.

Astelehenean goibel esnatu nintzen, hauteskundeek utzitako emaitzak ikusita etorkizun lainotua aurreikusten nuelako. Haserre ere ikustean bizi izan naizen Arrosadia bezalako langile auzo batean, hamarkada luzez udaletxean nagusi izan diren agintariengatik utzita egon dena, eskuinak berriro ere irabazi duela.

Amets bat Iruñean eta Nafarroan?

Pasa den igandeko emaitzak ikusita berriro ere imajinatu nezakeen Iruñea orain dela hamabost urte bezala, Barcinaren inperiopean. Gaztelu plazako zuhaitzak ez dituzte berriro moztuko, nafar guztien kutxa ez digute lapurtuko eta sanferminetako txosnak debekatuko, edo agian bai. Baina, era berean, gogoratu nuen orain dela lau urte ez genuela sinisten Iruñeko Udala alkate aurrerakoi eta abertzale baten esku egon zitekeenik ere. Agian lau urtez amets bat bizi izan dugu Iruñean, eta Nafarroan, eta oraingo egoera benetako statu quo-tik gertuago dago.

Azken hamar urteotan eskuin espainolistak Nafarroan izan duen beherakada ikusita, estatistikek ez dute ametsaren teoria sostengatzen, baina ni ez naiz analista politikoa hori esateko, historiagilea baizik. Eta historiagile bezala jakin badakit erregimenen gainbeherak gizarte aldaketen ondorio direla, eta ez alderantziz.

«Txiripak» oraindik funtzionatzen du

Ados, askori entzun diedan bezala, orain dela lau urte gertatutakoa “txiripa” bat izan zen. 15M mugimenduaren ondorioz emandako Podemosen gorakadari eta eskuinaren beherakadari esker emandako kasu magiko horietako bat, ehun urtetik behin zabaltzen den aukera-leiho horietako bat. Baina Nafarroan zerbait aldatu dela badakigu, itxaropena errealitate bihur daitekeela badakigulako. Ezinezkoa zena egia bihurtu delako eta Nafarroako herri askotan oraindik ere “txiripa” horrek funtzionatu egiten duelako. Ez dakit «que vienen los vascos» horrek luze funtzionatuko ote dien, batzuek adarrak ez ditugula ikusi dute-eta.

Orain itunen garaia datorkigu. Zentro-ezker espainolistaren esku dago erabakia. Nafarroan, tamalez, badugu eskarmentua, “agostazo” pare bat bizi izan ditugu-eta. Ez dakit zer gertatuko den, agian pertsona “normalak” itzuliko dira udaletxera –Mayaren hitzetan– “anormalak” kanpo gelditzen garen bitartean.

Arrazoia eman beharko diogu Maya jaunari, izan ere, nafar anormal asko norma eta estruktura zaharretatik kanpo beste komunitate bat eraikitzen aritu gara urteetan zehar. Erresistentzia garaia da, beraz, anormalen garaia. •