Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta

Nerabeak eta helduak

Nerabezaroa esplorazio eta hazkunde aldia da, abagune handikoa, baina baita zaurgarritasun handikoa ere. Aldaketa ugari gertatzen dira maila fisikoan, emozionalean bezainbeste. Haurtzarotik helduarorako trantsizio garaia izanda, garunak ezaugarri bereziak ditu.

Hamabi urte inguruan, nerabezaroaren atarian, garunak gehienezko tamaina lortzen duen arren, heltzea falta zaio oraindik, eta hori ondorengo hamar urteetan zehar gertatuko da. Heltze prozesuan, neuronen arteko konexio berriak gertatuko diren bezala, batzuk desagertu egingo dira. Garapenak, garunaren atzeko aldetik hasi eta aurreko alderaino egiten du bidea, horrela, area prefrontala, hau da, heltzen azkenekoa, kopeta inguruan dagoena da. Prozesu horren bitartez, helduak haurrengatik ezberdintzen dituzten zenbait gaitasun lortzen dira: autokontzientzia, identitatearen garapena, esperientzia berrien araketa, emozioen kudeaketa, pentsamendu konplexuagoa, harremanen esplorazioa, arrazoitzeko gaitasuna, eta abar. Aldaketok, gaitasun handiago eta konplexuagoak lortzera bultzatzen duten heinean, aukera gehiago ere ekartzen dizkiote nerabeari. Baina, beste alde batetik, nerabea kalteberagoa bihurtzen da heltze prozesurako bidean.

Hala eta guztiz ere, dena ez dago garunaren menpe. Garunaren heltze prozesuan, garrantzizkoa eta ezinbestekoa da nerabeek guraso eta beste heldu erreferenteengandik jasotako heziketa. Horrela ba, nerabezaroak erronkak ekartzen ditu guraso eta seme-alabentzat eta ulergarria da gurasoentzat beren rola aurrera eramatea korapilatsua izatea. Aldaketek autonomiarantz bultzatuko dute nerabea eta, horrek, gurasoengan sentimendu kotraesankorrak sor ditzake. Zenbait guraso mehatxatuak sentitzen dira seme-alaba nerabeak beren buruak berresten eta identitate propioa garatzen hasten direnean. Seme-alabek altzotik alde egin dutela eta interes eta emozio berriak dituztela onartzea ez da erraza. Horrela, nerabeek haur izateari uzten diotenean, gurasoengan ere trantsizio bat ematen da eta errealitate hori ukatzeak askotan harreman arazoak ekartzen ditu. Gurasoek bizi duten mehatxuaren aurka defentsa-jarrera hartzen dute, eta hori askotan seme-alaben nerabetasun ezaugarriak ukatuz egiten dute, nerabearengan oraindik dirauen haur identitateari oratuz. Gurasoek eta helduek orokorrean nerabeekiko harremana hobetu eta aldatzeko eman beharreko lehen pausoa norberaren burua hobeto ezagutzea da.

Nerabezaroa frogaldia da guztientzako. Gure seme-alabenganako dugun jokaerari buruz hausnartzeko eta beraien espazioa aurreiritzirik gabe errespetatzen hasteko garaia da. Beharrezkoa da haiei bizitzea tokatzen zaiena esperimenta dezaten uztea eta beren esperientziak, erabakitzen duten unean bizitakoak, partekatzeko konfiantza nahikoa eskaintzea. Ezinbestekoa da gurasoek ikustea euren seme-alabekiko banako independenteak direla. Horrek lagunduko baitie seme-alabek erabakiak hartzeko, onartzeko, ukatzeko eta aldatzeko duten eskubidea aitortzen. Benetako ahalegina egin behar dugu nerabezaroaren gainean nagusi den negatibotasun haloa alde batera utzi eta nerabezaroa gure seme-alabekin dugun harremana indartzeko abagune moduan ikusteko. Zure semea edo alaba, auzokidea edo ikaslea aldi honetan baldin badago, lagun izan eta berarekin ikas ezazu, ezagut ezazu, maite ezazu eta onar ezazu erabakiak hartzen hasi dela, bere bidea aukeratzen hasi dela. •

saioaaginako@gmail.com