08/06/2019

Maite Ubiria Beaumont
Ez da krisi soila izan, mundu aldaketa baizik

Iraganeko mugen gainetik, lurraldeen arteko banaketa zaharkituez gaindi, denbora errealeko demokrazioaren bidez helduko den «politika berria» irudikatu zuen «Erpurutxoa» irribarretsu joan da

Izenburuan jasotako ideia hori izan zen Michel Serres filosofoak Jean-Marc Ayrault frantses lehen ministro ohiari 2012. urteko hondarrean besopean eraman zion diagnosia. Zendu berri den intelektualak behin baino gehiagotan kritikatu zuen, horren ondotik ere, aipaturiko krisiari erantzun ekonomizista soila emateko joera. Zientzia-historialari, idazle, irakasle, munduaren eta pertsonen behatzaile nekaezina... Serresek ohartarazpen zehatza egin zuen, azken 50 urteotan ezagutu gabeko aldaketa sakonaren aitzinean erantzun poliedrikoak bilatzeko premiari buruz. «Ekonomiaz liluratura gauden heinean krisia termino ekonomikoetan aztertzen dugu; alta, krisia eragiten duten hainbat faktore badira, finean, munduan gertatzen ari diren aldaketa erraldoiek gure baitan sortzen duten ezinegonarekin lotura zuzena duelako krisiak». Lehman Brothers inbertsio bankuaren 2008ko hondoratzeak irudikatu zuen eztandari so egitea krisiaren narrazioa abiatzeko, akats handia izan zen. Horrek, gure munduak bizitako iraultzari neurria hartzeko baino, aldaketaren sakontasun eta irismena desitxuratzeko balio izan baitzuen. Hala adierazi zuen Serresek.

«Petite poucette»

Haur ipuinaren pertsonaia eta pantaila batetik bestera igarotzeko baliatzen den hatzaren arteko hitz jokoa proposatuz, 2012an “Petite poucette” lana argitaratu zuen Serresek, teknologiaren bilakaerari buruz lehenengo hausnarketa proposatuz. Denboraren poderioz informazioaren truke azkar eta etengabea hizpide duen munduari buruz gogoeta prebentiborako aparteko tresna bilakatu zen genero femeninoa aintzat hartu zuen lana, baita bertako pertsonaiak ere. Geroztik, “gizaki berriaren” arketipoak bere bidea egin zuen, ordenagailuaren baitan bizi diren belaunaldiak eta ordenagailuaren presentziara egokitu diren herritarren arteko pertzepzio arrakalak agerian utziz, baina, bereziki, elkarbizitzarako molde berriak imajinatuz. “Erpurutxo” berriak galderak pausatu ditu etengabe: nola antolatu gizartea, lan esparrua, unibertsitatea, informazioa... arautu gabeko eremu berriak etengabe zabaltzen diren garaian? Bizi-larritasuna areagotuko luketen erantzun hertsiak eskaini ordez, Serresek gogoeta zelaiak irudikatu zituen. Bere erranetan, abiadura bizian garatu den mundu berriak erakunde politiko demokratikoagoak behar lituzke eratu, ezagutzak partekatzeko hezkuntza tresna sendoagoak sortu, informazioaren digestio osasuntsua xede luketen hedabideak birsortu. Beldurrik gabe hauxe aitortu zuen filosofoak “Le Journal du Dimanche” kazetak berreskuratu duen elkarrizketa batean: «Dagoeneko erabakitzeko zentro gunerik ez dago, baina demokrazia asmatu zenean ez zegoen horrelakorik ere ez!». Abiapuntu horretatik, beldurrak uxatzeko errezeta utzi zuen: «Iraultza numerikoak aukera paregabea eskaintzen du afera anitzen gainean erabakiak hartzeko, denon artean, hemen eta orain». Iraganeko mugen gainetik, lurraldeen arteko banaketa zaharkituez gaindi, «politika berria martxan jarriko da, ez galdetu, ordea, nolakoa izanen den, aski jakintsua ez naiz-eta hori iragartzeko». Hatzari begiratu baino ortzimuga berriak behatzera joan da “Erpurutxo”.•