08/06/2019

Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea
Zapalkuntzaz, gutxien espero nuen lekuan

Welsh Not» zer zen ez nekien. Eta, gutxien espero nuen lekuan jakin nuen horren berri. Osteopataren kontsultan nengoen, eta, hasierako azaleko elkarrizketaren ostean (eguraldia, Brexita eta futbola), bat-batean «euskalduna zara?» galdera egin zidan. Bi aldiz baino ikusi ez nuen pertsona harri buruz oso gutxi nekien eta bere intentzioen irakurketa zuzena egiteko ez nintzen gai sentitzen. Normalean, hemen Londresen izaten ditudan antzeko galderarekin hasitako elkarrizketek bi norabide hartzen dituzte. Bata, ignorantziaren eta gertaera mediatiko apur batzuen eraginez ezagutza eskasekoengandik, sentsibilitate kultural eta identitario gabekoengandik datorren bakarrizketa ziklikoa. Bestea –oso gutxitan gertatzen dena– benetan entzuteko eta ulertzen saiatzeko prest dagoen norbaitengandik etorria, Euskal Herriarekin asoziazioa gastronomia eta terrorismotik haratago ikusten duena.

Botila erdi beteta ikusten duen horietakoa naizen arren, ustez galdera sinple bat baino ez denaren inguruan eskarmenturik badut eta egun hartan ez nengoen odola berotu eta ikusi nahi ez duen horri ikusarazteko esfortzu antzuan denbora galtzeko aldartean. Nire sorpresa atseginerako, bigarren norabidekoa zen gizon hura. Galesen jaioa eta Londresen hogeita hamar urtetik gora zeramatzana. «Ingelesa ez naiz, galesa baizik», esan zidan harrotasunez. Euskal Herriko egoerari buruz informazio eguneratua zuen, eta interesez galdetu zidan azkenaldiko mugimendu politikoei buruz hainbat gauza.

WN inizialdun taula pisutsu bat lepotik zintzilikatzen zieten zigor bezala eskolan galesez hitz egiten zuten haurrei. WN, «Welsh Note» edo «Welsh Not»-i erreferentzia eginez alegia. Lepoan zintzilik eraman behar izaten zuten, beste haur bat galesez hitz egiten harrapatu arte; eta orduan hark eraman behar izaten zuen lepokoa. XIX. mendean gaixotasun bat bezala ere diagnostikatu zuten hizkuntzaren erabilera; kultura ingelesaren opresio garai lazgarrienak ziren. Erresuma Batuko gobernuak XIX. mendearen erdian argitaratu zuen hezkuntzari buruzko txosten batean, galesak txatxukeria, promiskuitatea eta jarrera liskartiak sustatzen zituela ondorioztatzen zen.

Osteopataren amak galesez bakarrik hitz egiten omen zuen eskolan hasi zen arte. Eta, beraz, eskolan, “Welsh Not” zigorra askotan jaso omen zuen. Hainbeste aldiz, egun batean isilik gelditu zela. Garunak ez zion erantzuten, hitzak ez ziren ahotik ateratzen. Zigor haien guztien ostean, erabat traumatizatuta geratu zen neska. Handik aurrera ezin izan zuen gehiago galesez hitz egin. Zigorrak lortu zuen bere helburu eraginkorra: ingelesez bakarrik hitz egin zuen handik aurrera.

Hotzikara batek zeharkatu zidan gorputz guztia, kontatzen zidana fikzioa ez zela banekien, eta nire ulergarritasunak edo zalantzan jartzen ez nuela ikusita, oraindik xehetasun gehiagorekin egin zidan kontaketa. Emozio ukitu handiz. Dagoeneko hilda dagoen bere ama bizirik alboan edukiko balu bezala.

Laurogeita hamar urte dituen bere aitak, oraindik ere Erresuma Batuko gobernukideei “zapaltzaileak” deitzen omen die. Gauza batzuk ez dira sekula ahazten.

Elkarrizketa aberasgarria izan genuen; gurea ez den beste lurralde batean bizitzeak ematen digun gauzez eta faltan botatzen ditugunez aritu ginen. Etxera indarberrituta itzuliko nintzela uste nuen, eguneroko bizitzak ematen dizkizun ezusteko atseginengatik, konektatzen duzun jende berria azaltzen denean; baina, han eta gurean egin diren bidegabekerien mamu beltz hura ezin nuen gainetik kendu. Nonbait idazteko beharra sentitu nuen. Hemen emaitza. •