15/06/2019

Pello Otxandiano
Bi ardatz

Hauteskunde emaitzek gizartearen argazki bat ere eman digute, argazki finko bat abiadura bizian aldatzen ari den errealitate sozial batena

Gaur eratuko dira udalak Hego Euskal Herrian. Iruñean dago interes fokua. Sanchezek zer motako gobernua osatuko duen argitzeke dagoen garaian Nafarroa estatu auzia da beste behin. Ikusteke dago estatu krisiaren zein kudeaketa molde nagusituko den azkenean, eta ondorioz zer motako aliantzak bilatuko dituen PSOEk. Edozein kasutan, hauteskunde emaitzek, datozen lau urteetako mapa instituzionala argitzeaz gain, gizartearen argazki bat ere eman digute, argazki finko bat abiadura bizian aldatzen ari den errealitate sozial batena; krisi-aro globaleko euskal gizartea zertan den.

Emaitzok ikusita esango nuke ETAren ondorengo euskal panorama soziopolitikoa argituz doala pixkanaka. Bi ardatz nagusitan ari da konfiguratzen euskal gizartea, globalizazioaren testuinguruan erabat txertatuta baina bereizgarri batzuei tinko eutsi nahian. Ardatz kontserbadorea da lehena: krisia bizi dugu, zibilizazio krisi bat. Garai ziurgabeak dira eta asko dugu galtzeko maila indibidualean zein gizarte bezala. Jendeak, daukana galtzeko beldurrez, nahiago du ez arriskatu eta gutxiagorekin gelditu. EAJk oso ondo irakurri du hori eta espazio kontserbadorearen erreferentzia nagusia bilakatu da EAEn. Nafarroan, pultsio kontserbadore hori eskuin espainolistak eta PSNk baliatu dute, eta bai, atera diote atarramendua.

EAJri dagokionez, uste dut aurreko ziklo politikoan hautu estatalista bat egiten zuten sektore kontserbadoreak bereganatzea notizia ona dela herri ikuspegi batetik. Euskal eskalarako desplazamendu bat gertatzen ari da espazio soziologiko kontserbadorean, eta hori ona da. Hau da, gatazka armatuaren testuinguruan espainiar alderdi zentralista erasokor baten aldekoa zen jendea orain autogobernuan sakontzeari uko egiten ez dion –estetikoki baino ez bada ere– euskal alderdi kontserbadore baten aldekoa da. Bada zerbait.

Penagarria dena da hori nola egiten ari diren. Finean, euskal gizartearen mehatxu nagusia EH Bildu dela proiektatuz, noiz eta agintari katalanak Auzitegi Gorenean epaitzen ari diren garaian. Bide batez, Jordi Turullen azken hitzartzea entzun dut lerro hauek idazten hasi orduko. Biba zuek!

Bigarren ardatz bat ere indarrez ezarri da euskal gizartean: ardatz progresista-soberanista-errepublikazalea. Mobilizazio sozialek erakusten dute gure metabolismo komunitarioa bizirik iritsi dela XXI. mendera. Hauteskunde emaitzok ere nabarmendu dute hori. 2011ko tsunamiaren boz kopurua gainditu du EH Bilduk. Hori izugarrizko emaitza da, are gehiago orain hiru urte non zegoen kontutan izanik. Nafarroara begiratuz gero, azken hamarraldietako emaitzen serieak erakusten du bigarren ardatz hau indartuz doala eta lehena ahulduz.

Atalaia onean jarri da EH Bildu etorkizuneko erronkei heltzeko. Esango nuke bi direla nagusiki. Batetik, egitasmo independentistaren (bir)definizioa. Manuel Castellsek esana da aste honetan Bilbon: Euskal Herrian eta Katalunian sortzen ari diren proiektu-identitateak dira neoliberalismoaren eta fundamentalismoaren alternatiba, Europa berriaren oinarria. Bigarren, gorpuzte politiko-organizatibo bat beharko du hurrengo hauteskunde zikloan jauzi kualitatibo bat emateko. Potentzial handia du garatu gabe oraindik. Azken bi kanpainek erakutsi dute EH Bilduren indargunea bere komunitate bizia dela: jende prestatuena, zintzoena eta konprometituena du.

Badu aukera EAJk espazio kontserbadorean lortu duen transbertsalitate maila espazio progresistan saiatzeko. Ez da lan erraza eta ez dago formula magikorik. Egitasmo emantzipatzaile baten eroale den bitartean outsider gisa hartuko du establishment-ak, eta era guztietako botere baliabideak erabiliko ditu bere kontra. Arazoa –edo mehatxua– ez baita iragana, etorkizuna baizik, Kataluniak ondotxo erakutsi duen legez. •