15/06/2019

 
 
EUSKARA, LEHEN MAILAKOA
Aitor Agirrezabal - Amagoia Mujika - J. Iturria - Ane Ukiri
0615_arrasate

Batzuen ustez kasualitatetik joeratik baino gehiago dauka eta badira ikuskera positiboagoarekin ikusten dutenak. Bata edo bestea, datua hor dago eta nabarmentzea merezi du; gizonezkoen futboleko Lehen Mailan bost euskal talde lehiatuko dira datorren denboraldian eta bostek entrenatzaile euskal herritarrak eta euskal hiztunak izango dituzte, hasieran, behinik behin. Bost entrenatzaileekin hitz egin dugu datu eder horri buruz eta bostek garbi daukate aprobetxatu beharreko egoera dela, begi eta belarri asko izaten direlako futbolaren pulpitura begira.

Jagoba Arrasate

 «Futbolak daukan oihartzuna baliatu dezakegu gure hizkuntza zabaltzeko eta hedabideek erantzukizuna duzue»

Aitor AGIRREZABAL

Berriatuan sortua 1978an, jokalari urteetan Realaren gazte mailetatik Eibar B taldera egin zuen jauzi; eta Lemoa, Beasain, Elgoibar, Amorebieta eta Portugaleterekin Bigarren B Mailan eta Hirugarren Mailan jokatu zuen. 2007an jokatzeari utzi eta herriko taldea entrenatzen hasi zen. Ostean, Elgoibarrekin igoera lortu eta Realak harrobian entrenatzeko fitxatu zuen. Lehen talderaino iritsi, Soriatik pasa eta Iruñera iritsi zen iragan udan. Bederatzi hilabetean, taldea Lehen Mailara eraman du.

Zorionak. Nolakoak izan dira igoeraren osteko egunak?

Ospakizun asko. Pila bat, baina arrunt polita. Helburua lortzen duzunean, baina, batez ere hainbeste jende pozik ikusten duzunean, zurekin ospatzeko asmotan, oso polita izaten da. Futbolak daukan gauza politenetakoa hori da, jendea zoriontsu egiten duzu eta haiekin ospatu dezakezu.

Igoera ospatzen ari zinetela, bertso bat bota zenuen udaletxetik eta birala bilakatu zen. Aurretik pentsatutako zerbait izan zen?

Ez zen aurretik pentsatutako zerbait izan. Sorian ere bota nuen bertsoren bat gazteleraz. Eta Elgoibarren ere, igo ginenean. Pozik nagoenean, atera egiten zait. Egoera horretan zerbait normala da niretzako. Bertsoa beti egon da oso presente nire bizitzan. Lagunak bertsolariak ditut eta iruditzen zait ospakizunetan erabili daitekeen gauza bat dela. Udaletxean geunden eta pentsatu nuen unea zela, jakin gabe gero ze oihartzun edukiko zuen. Komunikatzeko beste era bat da bertsoa.

Ulertzen duzu Iruñeko batentzat zer suposatzen duen euskaraz, Osasunaren entrenatzaileak, bertso bat botatzea udaletxetik?

Momentu horretan ez. Gero bai, hasten zara mezuak jasotzen eta esaten dizute hori, Iruñean, euskararentzat nolako bultzada den. Momentuan ez nuen pentsatu ze ondorio izango zituen.

Beste batzuetan, txupinazoan kasu, txistuak izan dira euskara erabili denean. Kasu honetan, baina, deigarria izan zen azken esaldia denek zurekin abestu zutela.

Guk euskara oso normalizatuta daukagu. Bigarren entrenatzailearekin [Bittor Alkiza] euskaraz hitz egiten dugu, Richard Sanzol [atezainen entrenatzailea], Oier kapitaina, kanpoko jokalari batzuk euskara ikasten ari dira eta ospakizunetan ere erabili zuten… Guk gure artean oso presente daukagu. Agian jendearentzako arraroa izan daiteke orain arte ez delako horrela izan, baina guretzako erabat normala da euskaraz aritzea.

Euskaltzale bezala agertu zara, euskararen erabiltzaile eta defendatzaile. Hori globalizatutako futbol mundu batean praktikara eramatea ez da erreza izanen.

Ez. Ikasi dugun dena, kurtsoetan eta abar, beti gazteleraz izan da. Kontzeptuak azaltzea-eta ez da erraza. Norberak eman behar dio itzulpena. Egia da badabilela jende bat orain –Koikili futbolari ohia tartean– metodologia guztia euskarara itzultzen ari dena. Aurrerapausoak eman ematen dira, baina joera beti izaten da erdalduna.

Futbolari eta entrenatzaile izan zara Realean ere. Nola aldatu da egoera futbolean jokatzen zenuenetik orain arte?

Futbola aldatzen doa. Gehiago zaintzen dira jokalariak. Denek dute entrenatzaile pertsonala, elikadura kontrolatzen dien norbait, gorputza asko zaintzen dute. Horrek kontrapuntu bat ere badauka. Hainbeste zaintzen zara eta gero taldearen zerbitzura jarri behar duzu, eta hori da gure lana. Hori kudeatzea. Nire kasuan zorte handia izan dut bai Realean bai Sorian bai Iruñean oso aldagela jatorrak aurkitu ditudalako eta izaera horiek kudeatzea erraza izan da. Banakakoak gero eta garrantzi gehiago dauka, sari indibidualek kasu, eta hor guk lan egin behar dugu jokalariari erakusteko garrantzitsuena taldea dela. Ni egon naizen taldean etxeko jende asko izan dugu eta etxeko jende asko egoteak badakar balore batzuk hartuta izatea eta guretzako errazagoa da.

Harrobian egin beharreko zerbait da?

Nik argi daukat kanpoko talde batean egon banintz agian zailago izango zela. Baina azkenean %60 edo %70 etxekoak badira, formatuta datoz eta kanpokoei erakusten diete zer den hau. Zentzu horretan entrenatzaileak asko dauka irabazita.

Hau zer den erakusteko euskarak ere balio du?

Bai, eta uste dut Osasunak zentzu horretan aurrerapauso asko eman dituela. AEKrekin akordio bat sinatu du, aukera ematen die Osasunaren talde ezberdinetako jokalari eta langile guztiei euskara ikasteko, sare sozialak euskaraz ere kudeatzen ditu... Beharrezkoa da. Iruñea da, Euskal Herria da eta euskal izena duen talde bakarra da Osasuna. Harro egoteko modukoa da klubak euskararen alde eman duen aurrerapausoa.

Entrenatzailea eta kapitaina euskaldunak izateak ere izango du bere garrantzia.

Azkenean bi erreferente dira. Lehen lerroko bi aurpegi euskaldunak izateak bultzada bat ematen du, noski.

Askotan kritikatu ohi da futbola errealitatetik urrun bizi dela. Osasunak, baina, aurrerapausoak eman ditu euskararen normalizazioan.

Futbolariak erreferenteak dira eta haiek esaten dutena toki askotara iritsi daiteke. Hala ere, askotan ez digute adierazten uzten. Prentsaurreko batean galderak oso sinpleak izaten dira gehienetan. Askotan galdera horiei erantzutera mugatzen gara eta orduan ez gara jendearengana iristen. Nik eskertuko nuke, ez da-eta gure gauza bakarrik, baizik eta hedabideen ahalegin bat ere. Topikoetara jotzen dugu beti eta zaila da beste zentzu batzuetara iristea.

Futbolak daukan oihartzun hori erabiltzea?

Hori da. Azken egunetan ikusten ari gara Iruñeko haur guztiak Osasunaren kamisetarekin eta jokalariek diotenak seguru daukala garrantzi handia haur horientzako. Baina berriro diot, beti berdinaren inguruan galdetzen badigute, beti berdina erantzuten dugu.

PP alderdiak Osasunaren zuzendaritza kritikatu zuen «nazionalismoaren besoetan» erortzeagatik.

Euskara beti lotzen da politikarekin, baina nik uste kluba zentzu horretan busti egin dela eta aurrerapausoak eman dituela. Eta ez ahoz bakarrik, baizik eta ekintzetan. Oraindik badugu hobetzeko, batez ere hedabideekin egiten dugun lanean. Adibidez, Oierrekin, elkarrizketa euskaraz egin beharrean, ETB2rako galdera berdina gazteleraz egiten diote. Umeek Oier ikusten badute ETB2n gazteleraz, pentsatuko dute erdalduna dela eta euskalduna da. Hedabideek erantzukizuna dute. Muga batzuk daude ez digutenak uzten euskaldunoi euskaraz egiten. Pena ematen dit ume bat Oierrengana gerturatzea eta gazteleraz egitea edo Aritz Adurizi edo, bere garaian, Xabi Prietori elkarrizketak erdaraz egitea.

Eta taldeek zer egin dezakete?

Beno, bost entrenatzaileek [Jose Luis Mendilibar, Asier Garitano, Imanol Alguacil, Gaizka Garitano eta Jagoba Arrasate bera] zerbait egin dezakegu. Euskaldunak eta euskal hiztunak bagara, aukera polita daukagu hau bultzatzeko. Futbolak daukan oihartzuna baliatu dezakegu gure hizkuntza zabaltzeko.

Erreportaje hau Lehen Mailako bost euskal taldeek bost euskal entrenatzaile izanen dituztela oinarri hartuta egingo dugu. Deigarria da historian lehen aldiz 2019-2020 denboraldian gertatzea.

Euskal entrenatzaile pila dago. Europan zehar ere. Beti egon da harrobi bat. Orain euskararena balio erantsi bat da. Ederra da bost euskal talde Lehen Mailan egotea eta bost euskal hiztun gainera entrenatzaile gisa. Polita izanen da. Ea bostok pozik amaitzen dugun.

Oporrak noiz? Sanferminik bai?

Uztailak 10-11n hasiko gara eta igual egunen bat harrapatuko dut, baina ez uztailaren 6a. Egondakoa naiz udaletxean.

Gaizka Garitano

 

«Irudi publiko bat daukagu eta euskararen etorkizunean gu ere garrantzitsuak gara»

Amagoia MUJIKA TELLERIA

Derion jaioa, baserrian, 1975. urtean. Athleticeko harrobian hazia, geroztik Eibarren, Realean eta Alavesen aritu zen jokalari. Baita Estatuko beste talde batzuetan ere. 2012an Eibarren entrenatzaile laguntzaile bezala hasi eta hurrengo denboraldian bertan entrenatzaile izatera pasatu zen. Azken bi denboraldietan Athleticen ari da lanean. Euskaraz bizi da, euskara arnasten du eta euskara maite du. Horregatik, oso kontziente da oraintxe dagoen pulpitu horretatik asko eman diezaiokeela hain barruan duen hizkuntzari.

Zer harreman daukazu euskararekin? Euskara zer da zure bizitzan?

Dena da euskara niretzat. Ni Derion jaio nintzen, baserrian, eta txikitatik euskaraz bizi izan naiz; euskaraz berba egin, euskaraz ikasi, unibertsitatean ere euskaraz… Betidanik euskaraz bizi naiz, lagunekin, alabekin… ahal dudan guztiekin.

Futbol munduan, nolako harremana izan duzu euskararekin?

Taldearen arabera. Nire urterik gehienak Euskal Herrian eman ditut futbol munduan. Jokalari bezala, Eibarren eta Realean batez ere, euskaraz aritzeko aukera handia izan dut. Orain Athleticen ere jokalari askorekin euskaraz hitz egiten dut, baita langile askorekin ere. Tokiaren arabera, euskarak presentzia gehiago edo gutxiago izan du niretzat futbol alorrean.

Zuretzat garrantzitsua da futbolean euskaraz aritu ahal izatea?

Zalantzarik gabe. Euskarak harreman askoz estuagoa lortzeko aukera ematen dizu, konfiantzazkoa. Harreman berezia sortzen da bi euskal hiztunen artean futbolaren munduan eta, horregatik, nik nahiago dut euskaraz aritu. Gainera, lehen hitza beti euskaraz egiten dut. Gero, badakigu Euskal Herrian erabat euskaraz bizitzea ez dela erraza gaur egun, badirela oraindik euskaraz ez dakitenak, eta horregatik batzuetan ezinezkoa da euskarari eustea.

Futbol mundua gero eta euskaldunagoa al da?

Ez zait iruditzen. Nire ustez orain kasualitatea da bost entrenatzaile euskaldun eta euskal hiztun izatea Lehen Mailan. Baina hori ez da ohikoena, ez da eguneroko errealitatearen isla. Pena da, baina horrela da.

Batzuen begietara futbolak ez du balio gauza serioetarako. Eta futbola, egungo jendartean, gauza serioa omen.

Tira, euskarak denerako balio du. Estrategiak eta azalpenak jokalari guztien aurrean ematen ditudanean, gazteleraz egiten dut, taldean badirelako euskaraz ez dakitenak. Baina euskaraz dakitenekin euskaraz egiten dut beti. Azalpen guztiak euskaraz ematen dizkiet. Baina, gero, talde osoaren aurrean hitzaldiak ematen ditudanean edo bideo-gelan lan egiten dugunean, gazteleraz.

Modu naturalean sortzen da.

Bai. Niretzat oso zaila edo ia ezinezkoa da Mikel Balenziagarekin, Mikel San Joserekin edo Adurizekin, adibidez, gazteleraz hitz egitea. Niretzat zaila da, eta, haientzat, berdin. Modu naturalean ateratzen zaigu elkarrekin euskaraz aritzea.

Komunikabideekin izan duzu arazotxoren bat euskaraz aritu izanagatik. Almeriako kasua sonatua izan zen.

Euskal Herrian ez dago arazo handirik, bi hizkuntzetan aritzeko aukera izaten dugu. Espainia aldera joatean arazo gehiago sortzen dira, hor ez da hain erraza izaten. Baina, orokorrean, gure hizkuntzarekiko errespetua dago eta ez dugu arazorik izaten. Guk prentsaurrekoak euskaraz eta gazteleraz egiten ditugu etxetik kanpo ere. Batzuetan izan ditugu arazoak, baina, aspaldian, ez.

Zuek, entrenatzaile zein jokalari, komunikabideen aurrean euskaraz aritzea oso garrantzitsua da.

Oso garrantzitsua da eta jakitun naiz. Nik euskara plazaratzeko erantzukizun handia sentitzen dut. Niri gustatuko litzaidake nire mezua euskaraz soilik plazaratzea, baina ulertzen dut bizi naizen gizartean eta nagoen klubean gazteleraz ere egin behar dudala. Baina, modu naturalean, nik nahiago dut euskaraz egin.

Bestetik, gustatzen zait nire ingurukoek –lagunek, etxekoek, alabek, ezagunek– telebistan ateratzen naizenean euskaraz egiten ikustea. Niretzat hori da hitz egiteko modurik naturalena eta nire ingurukoek badakite. Eta oso garrantzitsua da, era berean, gazteei begira. Haur eta gaztetxo asko gerturatzen zaizkit esanez, «Garitano, ¿me firmas un autógrafo?». Akaso ez dute jakingo euskaraz dakidan edo ez… Nik beti bueltan galdetzen diet, «zuk ez dakizu euskaraz edo?». Eta askotan euskarara ekartzen dugu elkarrizketa. Jendaurrean edo gerturatzen zaizkidan gaztetxo horien aurrean euskaraz edo gazteleraz aritzeak ondorio batzuk dakartza zalantzarik gabe.

Euskarari prestigioa emateko modu bat da.

Nire ustez hori oso-oso garrantzitsua da eta zaindu egin behar da. Horregatik saiatzen naiz ahal dudan guztietan euskaraz egiten, bai publikoki agertzen naizenean eta baita ume bat gerturatzen zaidanean ere. Finean, gu asko agertzen gara telebistan, irudi publiko bat daukagu eta euskararen etorkizunean gu ere garrantzitsuak gara. Nik konpromiso handi bat sentitzen dut horrekin; ez bakarrik Athleticen entrenatzailea naizelako, baita nire izaeragatik ere.

Bost entrenatzaile euskal hiztunak izatea kasualitatea dela diozu. Tira, oso kasualitate interesgarria da. Nola baliatu daiteke?

Ni prest nago edozertarako. Publikoki esaten dut, hemendik; norbaiti zeozer bururatzen bazaio euskarari bultzada bat emateko, ni beti prest egongo naiz horren alde egiteko.

Aprobetxatzeko moduko egoera da, ezta?

Ez da inoiz gertatu eta ez dut uste epe motzean askotan errepikatuko den gauza bat denik. Nire ustez ez da joera bat. Pentsa, oso zaila da elitean hainbeste entrenatzaile euskaldun egotea eta aurten gertatu egin da –Lopetegi eta Ernesto ere hor daude–. Guztira zazpi euskal entrenatzaile gaude elitean eta hori ere ez da joera. Gertatu egin da eta aprobetxatu egin beharko da.

Inoiz zelairatu al da euskal hiztunak diren hamaika futbolarik osatuta hamaikakoa?

Ezetz esango nuke. Horretatik gertuen dagoen taldea Athletic da, guk jokatzen dugulako jokalari euskaldunekin. Askotan aukera horretatik gertu egoten gara, baina erabat ez dugu lortu. Hamaikakoan askok egiten dute euskaraz, baina, oraindik, guztiek ez. Horretan lan egin beharko dugu, etorkizunean gerta dadin. Beste taldeetan zaila ikusten dut, duten politikagatik, baina Athleticen gerta daiteke eta gertu gaude.

Jose Luis Mendilibar

 

«Gero eta gehiago entzuten da euskara futbol munduan»

Amagoia MUJIKA TELLERIA

Zaldibarren jaio zen, 1961an. Jokalari bezala bide oparoa egin ondoren, 1994az geroztik entrenatzaile bezala dabil lanean. Talde asko gidatu ditu, tartean Euskal Herrikoak dezente, eta orain Eibarren ari da. Han hasiko du datorren denboraldia ere.

Futbolaren munduan, ahal izan duen guztietan euskaraz egin du. «Euskal Herrian eta kanpoan ibili naiz lanean. Kanpoan, oso gaitza izan da. Baina Euskal Herrian egin dugu euskaraz futbolean, badirelako euskaraz dakiten jokalariak, laguntzaileak eta bestelako langileak».

Bere ibilbide luzean, aldaketak ikusi ditu hizkuntzaren erabileran, eta aldaketa positiboak gainera. «Iruditzen zait gazteek orain gehiago egiten dutela euskaraz. Lehen gaztelera zen nagusi eta orain gero eta gehiago entzuten da euskara futbol munduan ere».

Jokalari euskaldunekin euskaraz egiten du. «Aurten, Eibarren, bi euskal hiztun bakarrik izan dira taldean, Asier Riesgo eta Anaitz Arbilla, eta biek ondo egiten dute euskaraz. Haiekin euskaraz egiten dut beti».

Eta komunikabideen aurrera ere euskaraz agertzen da. «Normalean, Eibarren partidetan, bai etxean eta bai kanpoan, beti izaten dira galderak euskaraz. Prentsaurrekoak beti euskaraz eta gazteleraz egiten ditugu».

Orain gertatu den egoera, Lehen Mailako gizonezkoen bost taldeetan bost euskal hiztun aritzea entrenatzaile, pozteko modukoa dela deritzo. «Ederra da bost entrenatzaileak euskal hiztunak izatea. Lehenago izan dira gizonezkoen Lehen Mailan bost talde euskaldun, baina ez bost entrenatzaile euskaldun eta euskal hiztun. Oso pozgarria da benetan. Ez dakit denok urte guztian iraungo dugun edo ez, baina zalantzarik gabe pozik egoteko datua da eta ea aprobetxatzen dugun euskarari bultzada emateko».

Imanol Aguacil

 

«Taldean euskaldun asko daudenean, euskarak batu egiten du eta taldeari nortasuna ematen dio»

J. ITURRIA- A. MUJIKA

Orion jaioa, 1971. urtean. Jokalari ibilbidea osatuta, 2011. urteaz geroztik lan egiten du Realean. Harrobiko taldeetan aritu ostean, 2018ko abenduan hartu zuen Lehen Mailako taldeko gidaritza eta hurrengo denboraldia ere berak hasiko du.

Euskararekin zer-nolako harremana duzu? Zein presentzia dauka euskarak zure bizitzan?

Euskara nire ama hizkuntza da. Nik etxean jaso nuen euskara; amarekin, aiton-amonekin, familiarekin… Zazpi anaia-arreba gara eta eskolan ez nuen euskara jaso. Lagun kuadrillan, Orion bizita, euskara izan da nagusi. Eta gogoratzen naiz hamalau urtera arte mendi taldearen inguruan ibili nintzela. Astebururo Euskal Herriko mendiak bisitatzera joaten ginen eta beti giro euskaldunean mugitu izan naiz. Benito Lertxundiren eta Mikel Laboaren abestiekin hazitakoa naiz ni.

Hala ere, gazteleraz ikasi dudanez, egoera batzuetan gehiago kostatzen zait euskaraz aritzea. Konturatzen naiz egoera batzuetan gazteleraz pentsatzen dudala eta errazago moldatzen naizela hizkuntza horretan. Hori egia da.

Futbolaren munduan euskara erabiltzeko modua izan al duzu normalean? Panorama aldatu al da azken urteotan?

Egia esan futbolean euskara erabiltzeko aukera izan dut, bai Realean eta bai kanpoan. Gogoratzen naiz Vila-realen jokatu nuenean bazirela jokalari euskaldun gehiago eta euskaraz aritzen ginela gure artean. Pentsa, Vila-realeko aldagelan euskara entzuten zen. Hiruzpalau jokalari euskaldun ginen eta euskaraz abesten ere aritzen ginen askotan! Burgosen ere jokalari euskaldunekin egin nuen topo eta berdin Cartagenan. Kanpoan izan naizen talde guztietan euskaraz hitz egiteko aukera izan dut. Eta talde horietan guztietan errespetu osoz tratatu gaituzte euskaraz aritu garenean. Egia esan, ez dut arazorik izan alderdi horretatik.

Batzuetan badirudi euskara ez dela erabilgarri gauza serioetarako.

Nik ez dut horrela bizi. Euskara naturaltasunez erabiltzen dut euskaraz dakitenekin, baita aginduak emateko ere. Gainera, batzuetan abantaila ere bada, kontrako taldekoek ez gaituztelako ulertzen. Baina jokalari euskaldunei euskaraz ematen dizkiet aginduak beti. Gainera, euskaldun asko daude taldean eta modu naturalean ateratzen zaigu gure artean euskaraz egitea. Euskaldunei euskaraz egiten dizkiet zuzenketak eta, gainera, esan bezala, horrela arerioa ez da konturatzen zertaz ari garen. Staff teknikoan seitik bost euskaldunak gara eta ia dena euskaraz hitz egiten dugu, kontu teknikoak eta bestelakoak.

Gero, talde osoari zuzentzen naizenean, gazteleraz egiten dut. Baina euskara oso modu naturalean erabiltzen dugu. Egunona ere euskaraz ematen diet denei.

Euskarak batzen al du aldagela?

Askotan, bai. Taldean euskaldun asko daudenean, euskarak batu egiten du eta taldeari nortasuna ematen dio, zalantzarik gabe.

Komunikabideekin, zer?

Erdia eta erdia esango nuke. Komunikabide batzuekin beti euskaraz egiten dugu, eta, beste batzuekin, gazteleraz. Prentsaurrekoak beti euskaraz hasten ditugu, bai etxean eta bai etxetik kanpo ere. Eta inoiz ez dut arazorik izan. Normaltasunez joan da dena.

Ederra da bost euskal taldeetako entrenatzaileak euskaldunak izatea.

Bai, egoera oso berezia eta oso polita da. Batetik, garrantzitsua da kirol arloan Lehen Mailan hainbeste entrenatzaile euskaldun egotea eta, noski, euskararentzat ere albiste aparta da.

Erreferentzia ederra da euskarari presentzia emateko.

Niretzat oso garrantzitsua da, bai hemen eta bai kanpoan, bost entrenatzaileak euskaraz aritzea. Euskararentzat positiboa izango da, zalantzarik gabe, publikoki gu euskaraz aritzea.

Euskal Herrian jokalarien harrobia ez ezik, entrenatzaileena ere badagoela erakutsi duzue.

Kasualitatea izan daiteke, baina zalantzarik gabe datu garrantzitsua da. Beti egon dira Euskal Herrian entrenatzaile onak eta orain, zortez eta egindako lanari esker, bost euskal taldeetako entrenatzaileak bertakoak gara. Harro egoteko arrazoiak badaude Euskal Herrian.

Asier Garitano

 

«Faltan bota dut etxea, baina zaila da zuk nahi duzun lekuan entrenatzea»

Ane URKIRI ANSOLA

Amaitu berri den denboraldian aurreneko aldiz entrenatu zuen euskal talde bat Asier Garitanok (Bergara, 1969). Hilabete batzuk eman zituen Realean, Leganes Bigarren B Mailatik gorengo mailara igo eta mantentzea lortu ondoren. Euskal Herritik kanpo bizi zenean ere, Alacant edo Leganesen adibidez, euskara beti izan du presente. Hori bai, futbolean euskara erabiltzea «zaila» dela onartzen du, horretarako euskaraz mintzatzen diren jokalariak behar baitituzu. Aurten Alavesen bakarra izango du, Martin Agirregabiria. Bada, jada elkartrukatu dituzten hitz bakanak euskaraz izan dira. «Ez da normala» bost euskal talde maila gorenean egotea eta gainera entrenatzaile denak euskaldunak izatea: «Aprobetxatu egin behar dugu».

Urte askoan aritu zara Alacant aldean entrenatzaile, eta, ondoren, Leganesen. Nolakoa presentzia zuen euskarak zure bizitzan?

Ez da erraza euskara bizirik mantentzea, baina zortea izan dut emaztearekin eta familiarekin. Guk gure artean euskaraz hitz egiten dugu eta horri esker mantendu dut. Urte mordoa eman ditut kanpoan, eta ziur nago hitz, adiera edo aditz batzuk galdu egin ditudala, baina euskara presente eduki dut beti nire bizitzan. Hona etortzean, ahal dudan gehienetan euskaraz aritzen naiz.

Zure ingurukoekin euskaraz normaltasunez aritzen zara, beraz.

Bai, familia eta lagunekin bai. Niri euskaraz hitz egitea gustatzen zait.

Leganesen Lehen Mailan entrenatzaile zinenean, zer suposatzen zuen zuretzat prentsaurrekoak euskaraz eskaintzeak?

Lehen Mailan geundenean garrantzia hartu zuen horrek, baina Bigarren B Mailan Leganes entrenatzen nuenean ere Euskal Herriko talde batzuen aurka jokatzea egokitu zitzaigun, multzo berean geundelako. ETB beti etortzen zen eta nik beti euskaraz hitz egiten nuen. Gogoratzen naiz Dani Aranda Leganeseko prentsa arduraduna askotan harrituta geratzen zela, ea ze kristo esan ote nuen. Ondoren galdetu egiten zidan. Bigarren Mailan ez nintzen asko aritu euskaraz prentsarekin, euskal talde bakarra Athletic B baitzen. Lehen Mailan berriz hartu genuen ohitura hau. Baina nahiko lasai eraman dut, normaltasunez. Ez dut eduki inongo arazorik.

Orain jardunaldi bakoitzean izango dira euskarazko prentsaurreko ugari.

Bai, partida askotan hitz egingo dugu euskaraz!

Galdera gutxiago izaten dira euskaraz?

Normalean prentsaurrekoetako galderak oso antzerakoak izaten dira. Lehenengo bizpahiru galdera izaten dira euskaraz eta ondoren gazteleraz beste horrenbeste. Antzekoak izaten dira. Normalean, gainera, aurreneko galdera horiek hartu eta gaztelerara itzultzen dituzte. Lehen, euskaraz egindako galderak ostean gazteleraz ere erantzuten genituen, baina, Realean egon nintzen denboran, ez zizkidaten galdera berdinak egiten. Leganesen bai, han ez baitzuten ezer ulertzen eta orduan erantzun bera gazteleraz ere eskatzen baitzidaten, baina Euskal Herrian ez zait hori egokitu.

Futbolean egunerokoan euskararen presentzia altua izatea zaila da?

Bai, jokalari euskaldunik ez baduzu bai. Leganesen eduki ditut batzuk, eta batzuekin euskaraz gehiago aritzen nintzen. Baina ez da erraza izaten. Euskara normaltasunez erabiltzen duten jokalariak behar dituzu.

Orain Alaves entrenatuko duzu. Bi euskal herritar daude taldean, baina Martin Agirregabiriak bakarrik daki euskaraz.

Bai, Manu Garciak ez daki. Martinekin [Agirregabiria] hitz egin nuen pixka bat. Ez ginen ezagutzen eta hasieratik euskaraz aritu ginen. Berari ere gustatzen zaio, beraz, ondo egon zen lehen kontaktu hura. Ez dakit hemendik aurrera zenbat hitz egingo dugun euskaraz, baina ziur nago berarekin hitz egitean, hasiera batean, euskaraz zuzenduko natzaiola.

Urte asko eman dituzu Estatu espainolean, iaz Euskal Herrira itzuli arte. Faltan botatzen zenuen?

Beti bota dut faltan. Baina zaila izaten da zuk nahi duzun tokian entrenatzea. Entrenatzailea izan eta zuk zeuk aukeratzea non entrenatu, oso zaila da. Lana edukitzeagatik soilik pozik egon zaitezke, oso nekeza da. Ni pozik egon naiz leku guztietan. Realean ere bai. Eta aurten gertatu behar dena, Lehen Mailan bost talde egotea, bost entrenatzaileak euskaldunak izatea eta Julen Lopetegi bera ere Sevillan egotea, ez da normala. Polita izango da.

Zergatik uste duzu gertatu dela bost euskal taldeetako entrenatzaileak euskal herritarrak izatea?

Horrelaxe gertatu da. Lehen Mailan lana edukitzea ez da erraza izaten, eta, hori gutxi balitz, entrenatzaile denok euskaldunak izatea eta guztiok euskaraz jakitea are zailagoa da. Uste dut lehen aldia dela. Osasuna Lehen Mailara igo zenean, duela hiru urte, ni Leganesen nengoen, baina euskal taldeetako entrenatzaile guztiak ez ziren euskaldunak. Horregatik izango da berezia aurtengo denboraldia.

Aurten garrantzi gehiago eman zaie etxekoei?

Lan ona egin dute eta horrela gertatu da. Jagoba Arrasatek igoera lortu du Osasunarekin, Mendilibar guztiz asentatuta dago Eibarren, Imanol Alguacil jada badoa esperientzia hartzen Realean, Gaizka Garitanok ondo bukatu du denboraldia Athleticekin eta niri Alaves entrenatzeko aukera sortu zait. Orain aprobetxatu egin behar dugu.

Realean hilabete batzuk egin zenituen, nola laburbilduko zenuke?

Beste esperientzia bat izan zen. Pentsatzen genuen urte askorako izango zela, kontratua urte askorako baitzen, baina futbolak horrelako gauzak ditu. Motza izan da, baina pozik nago egindako ibilbidearekin. Nire asmoa horixe zen. Gero aldaketa bat eman zen. Futbola etapak dira. Bat amaitu da eta orain beste bat hasten da.

Azken bi denboraldietan, bukaera aldera, helburua izan da ea zein izaten zen euskal talderik onena sailkapenari dagokionez.

Zaila da Europarako sailkatzea. Realak eta Athleticek eduki dituzte beraien aukerak, eta Alaves bera ere hor ibili da bukaeraraino. Azkenean, talde bakoitzak bere helburuak ditu. Hurrengo denboraldian, Alaves, Eibar zein Osasunak mantentzeko helburua edukiko dugu. Reala eta Athleticek, agian, Europara sailkatzeko lehian izan nahiko dute. Ikusiko beharko da denboraldia nola joaten den. Guztiok gogor borrokatuko dugu, hori ziur.

Behin aurreneko helburua lortuta, nahikoa da euskaldun onena izateagatik borrokatzea?

Borroka hori ere edukiko dugu, bai. Baina aurreneko helburua da maila mantentzea eta gero bakoitzak ikusiko du nora begiratu. Gora begiratzen badugu hobeto, eta ahal bada euskal talde onena izatea, ba askoz hobeto.