Juantxo EGAÑA

La tafallesa, emakumez beteta, duela mende bat

La Tafallesa joan den mendeko 20ko hamarkadan sortutako konpainia izan zen. Valero familiarena zen, zine areto baten eta kasinoaren jabe ere bazena. Tafallatik Iruñerako ibilbidea egiten zuen, eta alderantzizkoa, bide horretan dauden herri askotan geldialdia eginez, hala nola Erriberrin eta Uxuen. Mugimendu handiko egunetan gainaldean jarrita ere joaten zen jendea, merkantzien ondoan. Testua ilustratzen duen argazkian emakume talde bat ageri da La Tafallesako autobus batean, 20ko hamarkadaren amaieran. Horien janzkerak adierazten duenez, negua da. Irudiaren egilea Gerardo Zaragüeta iruindar argazkilaria da, besteak beste Estanislao Aranzadi eta Manuel Irujok fundatu zuten “La Voz de Navarra” egunkariko erredaktore grafikoa izan zena. Osasunako argazkilaria ere izan zen. Bere lanik pertsonalena Iruñean ardaztu zuen, batez ere hango paisaian eta, nola ez, sanferminetan, lanbide bereko beste lankide batzuen lorratzari jarraituta.