Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Euskal Herrian ligatzea atsegin dugu!

Ligatzera bultzatzen gaituen emozioa desira da, interesa edo gogoa, hain zuzen. Pertsona batekiko erakarpena sentitzen dugunean, berarekin erlazionatzeko eta egoteko gogoa pizten zaigu. Askotarikoa izan daiteke horretarako bidea, eta, orokorrean, sedukzioaren bitartez hasten da. Sedukzioa joko bat da eta joko arauak ditu, baina, bikotearen arabera ezberdinak izango dira. Ondorioz, bikoteek desberdin jolastuko dute, hau da, desberdin seduzituko dute bikotekidea.

Lehenik, sedukzioaren fasea luzea edo motza izan daiteke. Bigarrenik, batzuentzat atsegingarriena sedukzio fasea da, besteentzat, ordea, guztiz kontrakoa. Batzuentzat helburu bakarra sedukzioa da, eta, besteentzat, ondoren etorriko denaz gozatzeko gainditu beharreko oztopoa. Horrez gain, pertsona batzuek baliabide ugari eta askotarikoak dituzte sedukzioaren jokorako; beste batzuek, aldiz, ez, eta rol eta estereotipo matxistak imitatzen dituzte. Gainera, batzuentzat dibertigarria eta estimulatzailea izan daiteke, eta, besteentzat, aldiz, aspergarria; alferkeria ere sentitu dezakete. Azken finean, izateko eta sentitzeko modu anitz daude. Baina, bi pertsonen artean ematen den mugen arteko dantza horretan, oinarrizkoena, joko arauak negoziatzea eta konpartitzea da. Joko arauak, etengabe eta modu berbalean eta ez berbalean adosten dira. Sedukzioa une oro ematen den negoziazio prozesua baita. Horrela ez bada, gainera, kosifikazioa eta jazarpena eman daitezke.

Desira emozio konplexu bat da eta ezaugarri desberdinak ditu. Izan ere, gure desira modu eromenikoan edo erastikoan pizten bada, desberdin murgilduko gara jokoan. Eromenikoen kasuan, interesa desiratuak eta desiragarriak sentitzen direnean piztuko da. Erastikoen gogoa, berriz, erakarpena sentiarazten dien pertsona ikustean. Erastikoen kasuan, lehen aukera egiten dutenez, iniziatiba hartu eta gerturatu egin daitezke, erabakigarria izan gabe besteak zer sentitzen duen. Eromenikoen kasuan, berriz, aukeratuak izan ostean hautatzen dutenez, gogoa beren burua sedukzioaren jokoan murgilduta topatzen dutenean piztuko zaie. Betiere, jolasa eta pertsona desatsegina suertatzen ez bazaie. Pertsona guztiok eromenikoak eta erastikoak izan gaitezke, baina beti dago joera bat. Hala ere, gizarteak historian zehar ligoteo heteronormatiboa inposatu du: gizona harrapakaria eta emakumea harrapakina. Beraz, arautik kanpo gelditzen diren seduzitzeko modu guztiak epaitu ditu eta arraro eta ikusezin bihurtu dira. Ondorioz, ligoteoa antinaturala bilakatu da.

 

Ligatzea, beste pertsonaren espazio bitala trebetasunarekin eta enpatiarekin zirikatzea da. Baina, beste pertsonaren erantzuna positiboa ez bada, saiakeran atzera egitea beharrezkoa da. Garrantzitsuena ez delako ligatzea, nola ligatzen dugun baizik, horretan baitatza ligatzearen eta jazarpenaren arteko muga. Beraz, ez dugu lotsarik sentitu behar, eta, are gutxiago, ligatzen saiatu disimulatuz ligatzen ari garela. Norbanako bakoitzak, askatasunez, bere estilo propio eta urratzailea garatzea ezinbestekoa da, Euskal Herrian ligatzea atsegin dugu-eta. Funtsean, gure buruarekin leialak izanik, asertibitatea praktikan jartzea da kontua, pentsatzen eta egiten duguna errespetuarekin esanez eta eginez, alegia. •