Iñaki Soto

Telebista berriaren eta politikaren arteko elkarrizketaz

Telesailak kultura popular garaikidearen adierazpide nabarmenenak bihurtu dira. Gaur egun telesailek komunitateak eratzeko gaitasuna dute, tribu batetik abiatuz (friki deitzen ditugun horien taldeak) eta jendarteen azken muturreraino helduz. Telesailen bidez gure gogoak eta ezintasunak proiektatzen ditugu. Gainera, globalizazioaren ondorioz, mundu mailako komunitateak osatzera hel daitezke.

Imajinario kolektiboaren parte bihurtzen dira telesailak, eta bizitzaren aktibitate guztiekin loturak finkatzen dituzte. Politika horretarako esparru aproposa da, metaforen eta bestelako sinboloen behar nabarmena duen esparrua baita. Telesailak gauza konplexuak era sinplean azaltzeko tresna egokiak izan daitezke. Edo ez.

Fikzioaz gain, baita politikari buruzko fikzioaz gain ere, azkenaldian gertakari politikoei buruzko telesailak modan jarri dira. HBOk “Chernobyl” ekoitzi du. Hainbatek diotenaren aurka, nire ustez politikoki interesgarria da. Sobietar burokrazia eta negazionismoa kritikatzearekin bat –spoiler: Txernobylgo zentralak eztanda egin zuen eta arazoaren jatorrian pertsonak nahiz sistema izan ziren–, «sobietar gizon zaharraren» gorazarrea da. Gutxitan nabarmendu da hainbeste sobietarren heroitasuna. Zehatz-zehatza ez izan arren, egikera ikusgarria da.

Gerra Hotzeko blokeen beste aldean –AEBetan–, eta gerra komertzialean HBOren lehiakidean –Netflixen–, Ava DuVernayk “When They See Us” telesail laburra zuzendu du. “Central Parkeko Bostak” deituriko gazteen auzia kontatzen du. 1989an, beltzak eta txikanoak izateagatik bost gazte nola atxilotu zituzten, bortxaketa bat nola egotzi zieten eta kartzelan nola sartu zituzten azaltzen du. Baita gero errugabeak zirela demostratu zela ere. AEBetako Poliziaren eta kartzela sistemaren arrazakeria eta krudelkeria biluzten ditu telesailak. Zorrotza eta bikaina da. Donald Trump bera ere gogor kritikatzen du, garaian auzi honen harira New Yorkeko prentsan heriotza zigorra berrezartzeko eskatuz orrialde osoko iragarki bat sartu baitzuen. Aste honetan bertan Trumpi auziagatik galdetu diote. Gazteen errugabetasuna zalantzan jarri eta auziko ikertzailea goraipatu du. Linda Farstein da bere izena eta auziaren ostean krimen-liburuak idaztera dedikatu zen. Telesailaren harira, ordea, Random House argitaletxeak berarekin zuen kontratua eten du. Iragan astean, berriz, Elizabeth Lederer fiskalak Columbiako Unibertsitatean zuen kargua utzi zuen, ikasleen kanpaina bat dela-eta. Fikzioa errealitatean bertan eragina izatera hel daiteke garaiotan.

Telesailek eztabaida publikoan duten eraginaz harago, negozio eredu eta kultur kontsumoko ohitura berriek eragin soziopolitiko sakonagoak izan ditzakete. Horri heldu dio Gilliam Tett kazetariak “The revolution will be customised: the rise of pick ’n’ mix politics” artikuluan [https://on.ft.com/2Y0h1wV]. Egunerokotasuneko pasarte batetik abiatuz –bere alabarekin telesailak hautatu eta ikusteko duen ohitura–, telebista kontsumitzeko era nola aldatu den gogoratzen du –oroitzen zarete, ordu berean, bakoitzak bere etxean, telesail baten kapitulu bakarra ikusten genuenean?– eta belaunaldi berrientzat hori sinestezina dela esaten du. Tetten ustez, telebista bezala, aurrerantzean jendeak eskaintza politikoa bera ere pertsonalizatu nahiko du (customized). Oro har, joera hori beren burua “The West Wing” telesaileko Josh Lyman pertsonaiaren antzeko ikusten duten analisten burutapenak baina interesgarriagoa iruditzen zait. •