Iñaki Altuna

Urroz Meliton Manzanas baino aproposagoa baitzen

Espainiako Estatuan «Terrorismoaren Biktimen Eguna» ekainaren 27an dute jarria egutegian, bederatzi urtetik hona. Ekitaldi nagusia Diputatuen Kongresuan egin ohi dute. Ekainaren 27a zen Begoña Urroz haurtxoa Donostiako Amarako geltokian bonbaz hil zutenean, 1960. urtean. ETAri leporatu nahi izan diote azken hamarkadotan hilketa hura, eta jakina, ETAren «lehen hilketa» izanik, zein egun hori baino aproposagoa biktimei oroitzapena egiteko? Meliton Manzanasen edo Carrero Blancoren kontrako ekintzen urteurrenak baino askoz ere aproposagoa, bistan da.

ETAk eragindako biktima bat behar zuen, eta ez edozein biktima. Krudelkeriaren erakusle gorena behar zuen. Eta hara, hortxe horretarako osagai guztiak zituen gertaera: 20 hilabeteko haurtxo bat zen hildakoa eta ETA egilea. Bere lehen hildakoa. Perfektua zen ekainaren 27a Biktimen Eguna izendatzeko. Osagai horietatik, ordea, haien zorigaitzerako, bat ez zen zuzena, ETAk ez baitzuen zerikusirik izan gertaera haiekin. Azkenean, aste honetan bertan, Madrildik ere onartu dute DRIL (Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación) izeneko taldea izan zela atentatuaren egilea. Xelebrea da egunotan Interneten ibiltzea. Espainiako hedabideetan hasi dira aipatzen Biktimen Egunak DRIL horren ekintzarekin duela zerikusia, baina, albisteen barruan lehenagoko loturetan klik eginez gero, berriro ETA agertzen da arduradun. Urteotako lohi guztia ez da berehala garbituko.

Xelebrea ere bada Biktimen Eguna DRIL delako talde baten ekintza baten urteurrenean egitea, baina, tira, manipulazioek azkenerako edozer erditu dezakete, baita bitxikeria ere.

Inolako froga edo zantzurik gabe ETAri leporatu zioten Urrozen heriotza, erakunde terrorista hutsa izan dela frogatu beharra baitzegoen. Egin izan dituzte kontrako norabidean beste mota bateko manipulazioak, ETAk ekintza jakin batzuetan izandako ardura gutxiesteraino. Adibidez, Carrero Blancoren heriotza beste esku batzuek mugitu zutela dioen teoria konspiratzailea aireratzen dute hedabideetan tarteka. Logika garbia da: ETAk haurrak hil eta masakreak egin ditu. Azkar asko leporatu nahi izan zioten M11ko sarraskia. Zentzu horretan, ETAk berak gogoeta egin zuen bere amaiera azaltzeko eskaini zuen azken elkarrizketan: «Intoxikazio horietan aritu diren polizia, kazetari eta arduradun politikoei galdetu beharko litzaieke ea ez ote den nahikoa ETAk benetan egin duena erakundeari zilegitasuna kentzeko eta ea horrelako gezurrak asmatu behar izan ote dituzten. Egindakoarekin ez al ginen nahikoa ‘terroristak’ izango, ala?».

Horixe da, bada, «errelatoaren bataila» famatua eta madarikatua; madarikatua, horretatik ez baita ezer onik aterako, ez egia behar bezala osatzeko, ez etorkizuna eraikitzeko, ezta konponbidea egituratzeko ere.

Zer helburu izan zuten bestela TVEko kazetariek Arnaldo Otegiri eginiko elkarrizketan? Kasu honetan, gainera, manipulazio gogoari (Otegiren ondoan erakutsitako irudiak lekuko) ezjakintasuna ere gehitu behar zaio, saioaren aurkezleak oraindik Urrozen heriotza ETAri leporatu baitzion, oharkabean. Ez dago egian sakontzeko asmorik, egian sakonduz gero aterabide demokratiko bat behar duen gatazka politiko batekin egingo bailukete topo. Urroz ez zela lehen biktima izan eta lehen biktima hori ez zuela euskal erresistentziak eragin ere ikusiko zuten. •