06/07/2019

Maider Iantzi Goienetxe
Ikusezina ikusi

Gorbata estutu, irribarre egin eta banoa kameren aurrera. Gipuzkoako zahar-etxeetan 400 plaza berri sortuko ditugula botako dut hitzaldian. Hori nabarmendu dezatela hedabideetan. Hauteskundeen emaitzek erakusten dutenez, gustura daude herritarrak gurekin. Hala jarrai dezatela.

– Egunean ordu eta erdi izaten dugu soilik egoiliar bakoitzari arreta zuzena emateko, eta ikaragarri gutxi da, hor sartzen direlako jaikitzea, garbitzea, otorduak... Ahateei bezala ematen diegu batzuetan jaten. 22 urte daramat zaintzaile lanetan eta denbora honetan ez dakit zenbat greba egin ditugun; kontua galdu dut. Bitartean gauza ugari gertatu da nire bizitzan; umeak izan ditut eta beraiekin baino gehiago egoten naiz zaharrekin. Herri kanpoan gaude, eta jendeak ez gaitu ikusten, etxekoren bat egoitzara etortzen ez bada behintzat.

– Lehen, lau lagun zeuden gurpildun aulkian; orain lau gara oinez ibil gaitezkeenak. Urteak dira hau nire etxe dudana. Geuk ere gero eta urte gehiago ditugu, eta arazo gehiago. Etxekoak ditut zaintzaileak eta larritzen naiz iritsi ezinda ikusten ditudanean. Horregatik, ahal dudanean laguntzen saiatzen naiz.

– Kazetaria naiz, baina ELAn ari naiz lanean, arlo soziosanitarioan. Izugarri aberatsa izaten ari da pertsona hauek ezagutzea. Ekintza piloa egiten ari gara egoera sozializatzeko: ibilaldiak egin genituen joan den astean; asteon kanpaldia, datorren astean ekintzak egingo ditugu eskualdeka... Asko kostatzen da jendearengana iristea. Ikusten dugu zenbat luzatzen ari diren grebak, bereziki sektore feminizatuetan, baina itxaropentsu gaude.

– Kazetaria naiz ni ere eta mesfidantzaz aditu ditut politikariaren hitzak. Inpotentziaz, zaintzaile, egoiliar eta sindikalistarenak. Erabat bat egiten dut azken hiruren gonbidapenarekin: joan daitezela agintariak egoitza batera lanera, jaiegun batean bada hobeki. •