06/07/2019

Iker Barandiaran
Korrontea bidelagun

Beranduegi izan aurretik komeni zaigu noizbehinka bidean geldiunea egitea, atseden hartzeko edo indarrak berreskuratzeko bada ere. Gelditu, ingurua behatu, sentsazioak aztertu eta hausnartu

Askotan ez gara errekan sartzen ausartzen korronteak nora eramango gaituen ez jakiteak beldurtzen gaituelako. Gauza guztiak kontrolpean eduki nahi izaten ditugu, gure existentzia osoa. Horren guztiaren hasiera eta bukaera nolakoa izango den irudikatu, diseinatu eta gauzatzeko behar itzela izaten dugu askotan. Eta hori berez ezinezkoa da, loteria hutsa da hori guztia betetzea. Hala jokatuta, gainera, ez gara beste aukeretara zabaltzen; itxita egoten gara erabat idatzi nahi izan dugun patu edo helmuga horretara, bestelakoentzat zirrikiturik utzi gabe, horrekin itsututa eta horri lotuta. Gainera, askotan –gehienetan– ez dira amestutako eta prefabrikatutako horiek egite bihurtzen, eta ondorioz frustratu egiten gara.

Aukeratutako bidean aurkitu ahal dugunari, bideari berari, ez diogu erreparatzen, ez dugu aintzat hartzen eta helmuga (balego) horri itsu so eginda, ez diogu gure buruari paisaiaz eta hark eskaintzen digun horrez guztiaz gozatzen uzten; ez diogu gure buruari eskema itxi horren kaiolatik irteten baimentzen. Eta hori, ezbairik gabe, akats handi bat da. Hain zuzen ere, horrela uzten dugu pasatzen bizitza, detaile txiki horiei erreparatu gabe jarduten dugulako eta, ondorioz, agian idilikoa den eskema hertsi horri preso, bizi gabe uzten ditugu hainbat eta hainbat sentsazio, esperientzia eta pertsona.

Beranduegi izan aurretik komeni zaigu noizbehinka bidean geldiunea egin, atseden hartzeko edo indarrak berreskuratzeko arrazoipean bada ere. Gelditu, ingurua behatu, sentsazioak aztertu eta hausnartu. Hori ezinbestekoa da. Geldiune hori baliatu dezakegu autoaren depositua betetzeko eta agian zure edo beste norbaiten deskuidupean baliteke erregaiz erratu eta, tarte batean hor hain justu geldirik egon behar izatea edo zure iparrorratz nekaezin hori alboratu behar izatea. Hala, denbora batez eskema horretatik irten eta hortik kanpo behatu ahal izango duzu; hor jasotzeko izan dezakezuna ikusteko, probatzeko eta deskubritzeko. Halako sorpresaz beteta dago bizitza! Asko eta asko pasatzen uzten ditugu etengabe, galtzen dugunaz edo irabazi dezakegunaz ezjakin eta axolagabe, ezjakintasuna axolagabea baita.

Oraindik ez gara, bada, zorionez gasolindegi horretatik mugitu; eta egia esanda, asko da bertan gelditu eta gure kontrolpean zegoenetik edo hasierako asmoetatik urrundu izana. Pauso handia da, lehenengo pausoa beti da garrantzitsuena. Pauso hurrenkerak eramango gaitu eraman beharreko –auskalo, nora!– lekura, baina lehen pausoa da ezinbestekoa, hausnarketaren ondorioz jarrera aldaketa, erabakia irudikatu eta gorpuzten duena.

Irudikatu orain gasolindegiko kafetegian kafe deskafeinatua eskatu arren, benetako kafea zerbitzatu dizutela. Horrela izanda, beste abiadura bat hartuko du zure egunak eta baita baliteke gauak ere. Abiadura edo erritmoa tempoa mugitzea ere bada aldaketara irekitzeko beste ekintza bat.

Errekan sartzeko hautua egin duzu. Ura hotza dago, oso hotza, baina hankak eta gerrialdea barruan sartu ahala konturatu zara bizirik zaudela, aspaldi pentsatu duzun baino biziago. Etorri ahal denaren aurreko beldur eta ezinegona hotzean sartu eta sendatzen doa, baretzen. Bazoaz korrontearen barrena, adi bideari eta aurki ditzakezun harri eta bestelakoei, baina eramate horri kontra egin gabe. Bazen ordua bizi-abentura berrartzeko, burua irekitzeko! •