Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Wimbledonen euskal jatorria

Little people, big dreams» «Pertsona txikiak, amets handiak» liburu bildumak haurrentzat diseinatutako biografia ilustratuak biltzen ditu. Historian zehar izandako emakume adierazgarrien bizitza kontatuz, haurrek txikitatik berdintasunaren garrantzia eta emakumezkoen erreferentziak presente izatea da helburua; Hala, ametsak betetzen saiatzearen kontzeptua oso modu sotil eta inteligentean barneratzen dute.

Billie Jean King tenis jokalari ohi eta, besteak beste, genero berdintasunaren aldeko aktibistaren liburuari buruzko promozioa jaso dut; hemendik urtebetera argitaratuko dutela diote. Aurretik erosi ditudan liburuengatik eta azken egunetan Wimbledon tenis torneoari buruz ikusitako edukiengatik, Amazonek “bazekien” interesatuko zitzaidala. Eta, noski, berriro ere amuari hozka egin, eta eskaera egin dut.

Googlen «Wimbledon» eta «basque» sartuz gero, tenisarekin loturiko hiru gauza azaltzen dira. Garbiñe Muguruza tenis jokalari ezagunaren aita euskalduna zela, batetik. Bigarrenik, Jean Laurent Robert Borotrak Wimbledonen lortutako garaipenak. Biarritzen jaio zen Borotra eta “Bounding basque” edo “euskaldun saltaria” ezizenez zen ezaguna.

Eta, hirugarren kontua, eta bide batez gehien harritu nauena: jakin berri dut belarretan jokatzen den tenisak euskal pilotarekin lotura duela. Izan ere, Juan Bautista Augurio merkatariari zor dio neurri batean Wimbledonek bere existentzia. Augurio Espainian jaio zen (ez dut aurkitu zehazki zein lekutan), baina haurra zela joan zen Erresuma Batura bizitzera. Gaztetan hasi omen zen merkatari lanean, Espainiatik hainbat produktu inportatuz. Eta horien artean euskal pilotaren ezagutza zabaldu zuen. Thomas Henry Green-ek eta berak, belarretan tenis jokoa probatzen hasi zirenean, “belarretako pilota” deitu zioten lehenengoz jokoari, orduan Euskal Herrian ezaguna zen pilota erreferentziatzat hartuta.

Urte gehien dituen tenis torneoa da Wimbledongoa; 1877an izan zen lehen ekitaldia. Emakumezkoek zazpi urte beranduago, 1884, urtean, hartu zuten parte. Billie Jean Kingek irabazi zuen lehenengo tituluagatik 750 libera jaso zituen; urte berean, gizonezko irabazleak, 2.000 libera. Zorionez, 123 urtetako desberdinkeriari amaiera eman zitzaion eta 2007. urteaz geroztik emakumezkoek eta gizonezkoek diru-sari bera jasotzen dute.

Zorionekoa naiz, aurten bertan izateko aukera baitut. Jaso dudan gonbidapeneko argibideek diotenez, ezin da apurtutako galtza bakeroekin, hondartzako sandaliekin edota txapin informalekin joan. Bazkariko menua begiratu dudanean, postrean marrubiak daudela ikusi dut. Noski. Torneoak irauten duen bi asteetan zehar, 28.000 kilo marrubi eta 10.000 litro esne-gain kontsumitzen dira. Agidanez, 1877. urtetik eusten diote ohitura horri. Londres hegoaldeko eskualde batean dagoen landetxe bakar batetik ekartzen dituzte goizero marrubiak; goizero bildu berri dauden 100.000 marrubi ekartzen dituzte.

15 urteko Coco Gauff estatubatuarra da aurtengo ezustekoa. Ametsak aipatu ditut. Emakumezkoak. Erreferentziak. Gauffek baldintza horiek guztiak betetzeko aukera asko dituelakoan nago. •