13/07/2019

Joxean Agirre
Entzierroak

Telebistaren aurrean entzierroko zezen eta kabestroei (idiak) begira, Michel Tournierren artikulu bitxi bat etortzen zitzaidan gogora, “Célébrations” liburuan bildua, zeinetan lau hankako abereen ibilerak aztertzen zituen, esanez etxeko abereak diagonalean edo trabeska mugituz ibiltzen direla eta basatiak lauhazkan. Teoria horren arabera entzierroko kabestroek ibilera diagonala beharko zuketen eta zezenek lauhazkakoa, baina ez naiz ondorio garbi batera iritsi.

Bereizketa hau azkar ulertzeko: ume bat lau hankan ibiltzen hasten denean diagonalean mugitzen da, alegia, ezker eskua eta eskuin hanka aurreratzen ditu lehenik eta eskuin eskua eta ezker hanka gero. Gure behiek eta oro har etxeko abereek ere, hala nola katuek eta zakurrek, ibilera horixe dute, diagonalekoa alegia. Aldiz, abere basatiek, azeriek, orkatzek eta berdin tigreek edo bisonteek lauhazkan ibiltzeko joera dute. Horixe da, esate baterako, otsoa eta artzain zakur alemana bereizteko modua ere: otsoa lauhazkan dabil eta zakurra diagonalean. Zaldiaren kasu berezia da: pausoa eta trosta diagonalean egiten ditu, baina azkar doanean lauhazkara igarotzen da. Zaldi basatiak beti doaz lauhazkan. Badirudi ibilera diagonalak ibiltoki lauak eskatzen dituela. Eremu zailetan, haitzen artean esaterako, lauhazka seguruagoa dela.

Esan dudan bezala, Tournierren zera hori irakurri nuenetik ezin izaten dut entzierrorik ikusi kabestroen eta zezenen ibilerak alderatzen denbora galdu gabe. Eta gaitz erdi begia abereen ibilerei bakarrik jarriko banie, hasita bainago gizakien ibilerak, neureak barne, teoria horren arabera aztertzen. Mendiko makilekin noanean badakit diagonal garbian mugitzen naizena, neure estilo zabarra gorabehera. Kaletik barrena ere mendiko pausajearekin ibili ohi naiz, jauzi txikiak eginez bezala, eta norbaitek pausaje hori guztiz basatia dela usteko badu ere, zibilizatua da ehuneko ehunean, Tournieren arabera. «Pasarelako modeloen ibilera?», galdetuko du norbaitek eta ez naiz oraindik ondorio garbi batera iritsi, ibilera horiek aztertzen ordu asko eman baditut ere.

Istorio honetan amorrua ematen didana zera da: Paris erdian jaio zen idazle bat izatea niri behi eta zezenen ibilerari buruz lezioak eman nahi dizkidana, neu behien artean jaioa naizenean. •