Koldo Sagasti

Bortxatzaileen defendatzailea, sexu irakasle

Cadizeko Unibertsitateak erretiratu egin du Agustin Martinez Becerra legelariaren hitzaldia udako ikastaroetako mintegi batetik. “La Manada” izeneko sexu erasotzaile taldeko kideen defentsako abokatua sexualitateari buruzko mahai inguru batean zen parte hartzekoa, aditu moduan; eta azken orduan norbaitek, auzo lotsaz-edo, erabaki du bere mintzaldia egitarautik kentzea.

Polemikaren iturria, baina, zera izan da, nor izan ote den letraduaren parte hartzea zentsuratu duena, unibertsitateko errektorea ala Madrilgo Gobernuko ministroren bat. Ez da falta izan, gainera, legegizona defendatu duenik, argudiatuz ezin zaiola betorik jarri bere jardun profesionalagatik, zuzenbide estatu batean bortxatzaileek ere defentsa legalerako eskubidea dutela. Ez dut ukatuko inputatu orok lege babesa behar duenik, baina Martinez baliogabetzen duena ez da legelari lanetan aritu izana, baizik eta bortxatzaileen defentsarako baliatutako estrategia. Sexu erasotzaileen defendatzaileak biktimaren sinesgarritasuna kolokan jartzean oinarritu du bere defentsa estrategia. Telebista kate batetik bestera ibili da bortxatua larrutzen, epaiketaren jomugan jartzen. Argudiatu izan du neskaren jarrera probokatzailea izan zela, eta bortxaketaren ondoren bere bizimodua birbideratzen saiatu izanak bere testigantza indargabetzen duela. Funtsean, biktima bilakatu nahi izan du pairatutako erasoaren errudun; bigarren aldiz bortxatu.

Martinez terrorismo matxistaren gorazarre egiten ibili da hedabide guztietan, eta horrek ezgaitu egin beharko luke edozein jarduera publikorako; areago apestatu bihurtu beharko luke. Polemikaren gakoak, berriz, ez luke izan behar nork jarri dion betoa letraduari; baizik eta unibertsitatean, jakinduriaren tenpluan, nor izan ote den sexualitateari buruzko mintegi batean bortxaketaren apologeta baten lekukotasuna interesgarria izan zitekeela okurritu zaion txoriburua. •