Nerea Ibarzabal Salegi

Gure jaiak

Badatoz jaiak, gora! Amaitu dira jaiak, eskerrak! Euskal herritar bakoitza bi puntu hauetakoren batean edo bien arteko trantsizioan egongo da une honetan. Zer ote dira jaiak, ez badira geu garen hori bider mila. Txarra eta ona, muturrera eramana. Normala amaierarako jasanezin bilakatzea geure herriaren eta geure buruen bost egunetako berrestea.

Kuriosoak dira eta kontraesankorrak. Txupinazoa. Fiu, pun! Hor daude txosnak, han tabernak, hor txosnetan kontsumitzen ez duen jendea, han txosnetatik irteten ez dena, eta hor daude baita ere txosnek defendatzen dituzten balore bakar bat errespetatu ez arren, bertan kontsumitzen dutenak. Zein gustura aurten txosnetan. Turnorik egingo zenuke? Ez. Elkar ukitzen duten jai eredu desberdinak, alkoholaren salerosketak berdinduak, bestalde.

Kontzertuak eta kontzertu bakoitzak erakartzen duen soziologia. Gazteak, beste herrietakoak, mutilak, neskak. Nortzuk gerturatzen diren lehen lerrora. Generoaren arabera banatzen diren kuadrillak eta euren kamisetak, eta kamisetetako izenak, sakonki aztertzekoak eta esanguratsuak batzuk. Eta non geratzen diren kuadrillarik ez dutenak, tartean etorkin asko eta asko, horrelako egunetan.

Bazkari herrikoian betiko rolak hausteko ezintasuna. Eskakeatzen direnak eta lan zikina egiten dutenak, “urtean behin da, eta nik egin ezean…”. Seme-alabak zaintzetik libratu diren gizonak baina emakumeak ez hainbeste. “Eta orain nondik zabiltza?” galdera. Batzuk ez jasatea oraindik, eta beste batzuekin gustura elkartzea aspaldiko partez.

Parrandan espazio bikoitza okupatzen duten mutil gazte taldeak, elkarri bultzaka dantza egiten dutenak –ez dut inoiz ulertuko hau–, neskei gerritik heltzeko ohitura dutenak hitz egiterakoan, mutil zaharragoei miresmenez begiratzen dietenak, denak feministak, noski, baina jakin nahi nuke kuadrilla horietan nor ausartzen den mutil bat gustatzen zaiola kontatzera.

Normalean berbarik egiten ez diozun jendea edo normalean berbarik egiten ez dizun jendea agurtzea gauean etilikoki, elkarrizketa sakonak ere izatea agian, eta gero “borde bat zinela uste nuen” esatea elkarri. Beharbada biharamunetik aurrera kasu egiten hastea.

Herriko ekitaldi tradizionala galtzea, edo inoiz ez galtzea, ezer baino garrantzitsuagoa delako zuretzat. Eraldatzen saiatzea, edo beti berdin mantendu dadin borrokatzea. “Hemengoa ez bazara, ezin duzu ulertu”. Ezin duzu ulertu zergatik den super inportantea zezentxo bat plazan askatzea goizero edo dantza honetan bakarrik gizonek parte hartzea. Jai ereduak talkan beste behin, eta egun bakar bateko kontuak familiak hautsi ditzake tradizioa tartean sartzen denean. “Zuk zer defendatzen duzu? Nik gauzen urteroko errepikapen aldaezina historia osoan zehar”. Inork ez du horrela erantzuten, baina. Agian aurten emango zen pausuren bat zuen jaietan, eta ez dakit pozik edo haserre zauden.

Baina badago ilusio bat, lan bat, elkarbanatzeko gogo bat jaietan; purpurina airean eta gauden lekuan egoteaz poztea, ia absurdoraino. Urte osoa iristeko gogoz; gero oharkabean pasatzen dira, eta datorren urtera arte. Gure herrikoak amaitu bezain pronto, “beno, laster Gabonak”, esaten du gure lagun baten amamak. Badute zerbait jaiek, gu bezain inperfektuak izan arren… •