Maite Oronoz Anchordoqui
UPV/EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria

Informatika, emakumeak eta izenak

Aspaldidanik kezkaturik gabiltza Informatika Fakultatean. Informatikan lizentziadunak ginenean herenak ginen emakumeak, aldiz, gure ikasketak ingeniaritzako gradu izatera pasa zirenetik, kostatu egiten zaigu lehen mailako ikasleen artean emakumeak %15 baino gehiago izatea. Urteak daramatzagu gaiarekin kezkatuta eta arrazoiaren bila, baina zaila egiten zaigu bat topatzea. Ez gara gaia aztertu dugun bakarrak (ikus “Gender gap in Science” webgunea). Zer aldatu da lizentziaturatik ingeniaritzako gradura? Gizarteak informatika ulertzeko duen modua? Frikiaren irudia? Edukiak? Eta... izena balitz?

Uztailaren erdialdean gure fakultatean 2020-21 ikasturtean eskaini nahi dugun Adimen Artifizialeko Gradua ikasketen berri eman zen komunikabideetan. Eta irakasle eta ikerlarien artean gaia atera da: «Apustua egiten dizut, adimen artifizialeko graduan emakumezko ikasle gehiago izango ditugula». «Bai, noski», diote batzuek. «Nik ere hala uste dut», besteek.

Ongi, ematen du ados gaudela gehienak. Apusturako aukera gutxi. Eta zergatik? Galdetzen dugunean, ordea, desadostasunak hasten dira. «Adimen artifizialean pentsatzen dudanean, robot laguntzaileak etortzen zaizkit burura, zientzia fikzioko pelikuletakoak, lirainak, argiak eta pertsonei laguntzeko sortu direnak», diote batzuek. «Bada, nik matematikarekin lotura handiagoa irudikatzen diot», diote besteek.

Red de Cientifícas Comunicadoras taldeko matematikari baten eskutik jakin dugu unibertsitate-ikasketetan emakumezkoen proportzioa handiagoa dela osasun-zientzien (%69,55) eta arte eta humanitateen (%61,4) alorretan, zientzietan proportzioa orekatuta dagoela (%51), eta ingeniaritza eta arkitekturan emakumezko ikasleen proportzioa oso txikia dela (%25,16). Hori bai, zenbat eta maskulinizatuagoa izan ikasketa alorra, eta zailagoa sentitu haien lan ingurunea, gero eta behar handiagoa sentitzen dute emakumezkoek ikasketa maila altuagoak lortzeko (doktoregoa). Seguru aski, horregatik susmatzen dugu ikasketen izenak, “adimen artifiziala” izenak, zaintzarekin eta humanitateekin zerikusi handiagoa duela uste badugu, emakume gehiago hurbilduko direla ikasketotara.

«Mujeres y matemáticas» webgunean Espainiako Estatistika Institutuak (INE) aurkeztutako «Mujeres y hombres en España 2018» txostenak dio selektibitatea emakume gehiagok gainditzen dutela, bada, nahiz eta informatikarekin zerikusia duten ikasketak gutxiago aukeratu, azken urtean gure fakultatean sartu diren nota hobereneko ikasleak emakumeak izan dira. Hautagaiei matematika baloratzen zaie gehien sarrera notan, beraz, ustez matematikarekin lotura handiagoa duen izen batek emakume gehiago ekarriko ditu...

Izenak bai, “informatikan ingeniaritza” eta “adimen artifiziala”, baina izanak, edukiak, nire ustez, ez dira batzuk besteak baino egokiagoak generoaren arabera. Edozein generotako ikasleentzat dira informatika ikasketak egokiak, alorra gustatuz gero, noski. Emakumezkoak, gizonezkoak eta ez-bitarrak, guztiak ere oso ongi etorriak informatikarekin zerikusia duten edozein motatako ikasketetara. «Izana izan dadila arrazoia, eta ez soilik izena» esateko asmoa nuen, baina, egia esan, arrazoia edozein dela ere, emakumeok, animatu zaitezte informatikaren mundura! •