Iker Barandiaran

Ezker txarrekoak

Azken hauteskunde uztan –orain oso denbora gutxi–, kanpaina egunetan, Madrilen izan nintzen egun batzuk pasatzen; eta nahikoa lan izan nuen semeei argazki handi eta ugarietan agertzen ziren pertsonaiak (eta haien gainean idatzitakoak) nortzuk eta zer ziren azaltzen. Ez nuen mitinik ez halakorik aurkitu –eskerrak!–, baina oso aberasgarria izan zen egun haietan pisukide izan nituenekin egin ahal izan nuen jokoa. Horietako gehienek beraien posizio politikoak nahiko argi bazituzten ere, bazeuden bi zalantzati; batek oro har politikatik paso egiten duela zioen eta bestea gaur egungo alderdien panoraman apur bat galduta zegoen. Horien bien zalantzak argitu nahi izan genituen aplikazio baten bitartez, zeinek galdera zehatz batzuen laguntzarekin ondorioztatzen duen zein alderdi politiko egokitzen zaizun gehien. Jakina, galdera horiek hizpide, eztabaida oso interesgarri eta mamitsuak sortu ziren gure artean: kataluniar independentista bat, Cadizeko podemita bat, Ciudadanosen aldeko bat, ni neu… eta galdetegia erantzun izanaren ondorioz Podemosetik hurbil dagoen euskaldun erbesteratua eta EH Bildu aukera hurbilena duen madrildar peto-peto eta orain harritua ere badena.

Madrildik eta Espainiatik desberdin ikusten gaituzte oraindik eta badirudi ikusiko gaituztela luzaroan (izan) duten zaparrada mediatikoaren eraginez; eta aurrerantzean bere burua Arnaldori botoa ematen irudikatu behar zuen madrildarra zur eta lur dago oraindik sinistu ezinik, baina, era berean, EH Bildu bere horretan zer den argiago arakatzeko jakin-minez. Ez dago guztia galduta! Bestalde, Podemosen jarraitzaile sutsua den andaluziarrak, irekia eta aurrerakoia dena, ezin du oraindik EH Bildurekin elkarlanean sinistu; handiegia da luzaroan jaso duen karga eta, nahiz eta horren kontrako argumentu borobilik ez izan, badago zerbait bere barruan oraindik aukera hori baimentzen ez diona. Era berean, zirkuluen zalea jakitun da koalizio moreak Kataluniako zein Euskal Herriko autodeterminazio eskaeren aurrean erakutsitako jarrera epelak, besteak beste, gainbeheran daramala Espainiako Estatuak izan ahal zezakeen aspaldi merezitako eta amestutako aldaketa.

M-15aren ostean penintsulan sortutako ilusio, indar metaketa eta aldaketa aukerak desagertzen doaz zoritxarrez, abangoardia (behingoz) hartu ahal zezakeen ezkerra banatu, beldurtu, bigundu eta horren jarraitzaileak nabarmen ilusioa galduta daudelako. Euskal Herriak eta Kataluniak (eta agian egunen batean Galiziak) beren bide propioa egin beharko dute bai ala bai; izan ere, ikusitakoak ikusita, luzaroan ez da Espainiara demokrazia itzuliko (noiz izan zen hemen azkenekoz?) eta, ondorioz, bi herriok luzaroan ez dute Espainia bidelagun izango. Espainiako Estatuko ezkerra ahul dago erabat, dituen konplexuengatik, interes partikularren aldeko borroka hutsalengatik eta eskumako –edo neoliberalismoaren– diskurtsoa erabat barneratuta daukalako.

Hau guztia ikusita, oso gustura eta interes handiz irakurri ditut azkenaldian argitaratutako bi liburu, penintsulako ezkerraren gaineko hausnarketa eta auto-kritika egiten dutenak. Batetik, Sergio Gregori Marugan madrildar gazteak urteetan ezkerreko pentsalari, militante eta politikariei egindako elkarrizketa ugariren bilduma. Txalapartak argitaratutako “Tomar partido. Conversaciones con la izquierda transformadora” liburu mardula, hain zuzen ere. Tartean, bi euskaldun handi ageri dira –Sabino Cuadra Lasarte eta Arnaldo Otegi–. Eta, bestetik, Público, El Salto zein CTXT moduko hedabideetan zabal idazten duen Daniel Bernabe kazetari madrildarrak Akal/A Fondo argitaletxearen bitartez plazaratutako “La trampa de la diversidad. Cómo el neoliberalismo fragmentó la identidad de la clase trabajadora”. Honen esanetan neoliberalismoak sinistarazi digu dibertsitateak, desberdintasunak, duela balioa, hori dela borrokaren iparra eta erreferentea. Hala, hori sinistuta, herritarrak, zapalduak, sakabanatuta gaude erabat eta helburu beraren alde batzea ekidin dugu. •