10/08/2019

Reportaje
TURISMOA
Heriotza eta tragedia ikuskizun turistiko bihurtzeko joera gora egiten ari da

Ez omen dute gaixotasun mentalik, baina oporrak pasatzeko lekua aukeratzeko garaian beraiek hartzen dituzten erabakiak ulertzea oso zaila egiten da. Hondamendiak jasandako herriak, heriotza eta sufrimenduarekin lotutakoak, garai batean bizirik eta gaur egun erabat utzita daudenak... «Turismo iluna» da.

joseangel.oria@gaur8.info
0810_g8_txernobil

Gizadiak inoiz ezagutu dituen tragedia handienak gertatu ziren lekuetara joatea helburu duen jarduerari “turismo iluna” esaten diote batzuek . Txernobylgo zentral nuklearrak 1986an izan zuen istripu ikaragarriak inguruan eragin zituen aldaketak ikustera, esaterako, gero eta jende gehiago joaten da, Sky eta HBO satelite bidezko telebista kateek eskaini duten telesailak lagunduta, hori bai.

Bertako adituek egin dituzten kalkuluen arabera, aurten 100.000 lagun inguruk bisitatuko dute Txernobyl, 2017an izan ziren turista kopurua bikoiztuta, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Daniel Liviano eta Francesc Nuñez irakasleek jakinarazi dutenez. «Txernobylera txangoa, lau izarreko hotel batean hiru gau eginez eta bira, 260 euroren truke». Zentrala hartzen duen Pripiat hiri hustua turismoarentzat 2011n zabaldu zuten, Japoniako Fukushimako zentral nuklearra tsunami batek suntsitu zuen urte berean. Geroztik hiria bisitatzen duten turisten kopuruak etengabe egin du gora. Baita bidaiari horiei aurkezten zaien eskaintzak ere. Kiev Ukrainako hiriburuko turismo erakundeak kalkulatu du 100.000 bisitarira iritsiko direla bertara aurten, 2018ko 72.000 eta 2017ko 50.000 turistak atzean utzita, AEBetako CNBC kateak emandako datuen arabera.

Zinea eta turismoa

SoloEast konpainiak eskaintzen du istripu nuklearraren ondorengo Txernobyl ikusteko aukera. Victor Korol zuzendariak onartzen du HBOren “Chernobyl” telesailaren eraginez turista kopuruak %48 egiten duela gora urtean, historian izan dugun ezbehar atomiko larrienaren ondorioak ikusi, sentitu, entzun eta usaintzea behartzat dutenak ere gero eta gehiago baitira.

«Heriotzarekin lotutako lekuetara joatea fenomeno berria ez bada ere, mundu osoan turismoa ekonomiaren sektore garrantzitsu bihurtu denetik, honelako lekuen inguruko interesa izugarri hazi da, ‘tanatoturismo’ edo ‘turismo iluna’ (dark tourism, ingelesez) moduan ezagutzen duguna», esan du Daniel Liviano UOC-ko Ekonomia eta Enpresa Ikerketetako irakasleak.

Zinemari esker ezagun egin zitzaigun San Frantzisko hiriko Alcatrazko espetxea, Mauthausengo kontzentrazio-esparrua, Thailandiako hamabi haur harrapatuta geratu ziren Tham Luangeko leize-zuloa edota Ruandako genozidioa bizi izan zuten lekuak gero eta maizago ageri dira nazioarteko ibilbide turistikoetan.

«Hau oso fenomeno konplexu eta heterogeneoa da: turisten motibazioak askotarikoak dira, helmuga turistikoak eta eskaintzen diren jarduerak ere oso ezberdinak diren bezala», dio Livianok.

Hondamendi naturalak zein bestelakoak, sufrimendua, tragedia, heriotza. Zerk eramaten du gizaki bat horrelako leku bat bisitatzera?

Motibazio ezberdinak

Francesc Nuñez soziologo eta irakasleak uste du joera horrek heriotzak eragiten digun lilurarekin duela zerikusia. «Hiltzea gauza guztien bukaera dela badakigun arren, oso ezezaguna egiten zaigu eta liluratu egiten gaitu; badakigu hil egingo garela, baina inork ez du bere buruaren heriotzan sinisten, eta gizabanako moduan oso zail egiten zaigu aukera hori imajinatzea ere».

Livianok, berriz, gogorarazten du arlo horretan lan egiten duten adituak saiatu izan direla tanatoturisten arrazoiak azaltzen, heriotzarekin eta sufrimenduarekin lotutako lekuek eta esperientziek turistak zergatik erakartzen ote dituzten argitu nahian.

Alde batetik leudeke motibazio morala edo espirituala dutenak, «erromesaldi sekularraren jarrera hartzen dutenak». Pertsona horietako batek genozidio bat gertatu den lekua bisitatu dezake bertan izan ziren biktimekiko enpatia erakusteko, hil zituzten lagunak ondratzeko, gogoan izateko, eginbehar moral batek gidatuta. «Kategoria horretako turista batzuek ez dute biktimekin lotutako motibazio zuzenik izaten, heriotzarekin emozionalki eta sinbolikoki kontaktua edukitzeko beharra edo nahia besterik ez», Liviano irakaslearen hitzetan.

Ikastea izaten da beste motibazioetako bat. Historiarekiko eta kulturarekiko interesa izaten dute beste turista batzuek, «bidaiatuz ikasteko gogoa». Horien artean kokatu behar dira, esaterako, Bigarren Mundu Gerrako holokaustoaren inguruko museoetara ikasleek egiten dituzten bisitak: gidari batek historiako konturen bat azaltzen die, esplikatutakoa gertatu zen leku berean. Duncan Light ikerlariak egin duen azterketaren arabera, tanatoturista gehienen motibazioa zerbait ikasteko edo ulertzeko nahia izaten da.

Heriotzari buruzko jakin-nahi morbosoa duten turistek beste kategoria bat osatuko lukete. «Horietako batzuk alemanez schadenfreude esaten dutena sentitzera ere iristen dira», Livianok esplikatu duenez. Besteen zoritxarrak edo umiliazioak pertsona bati eragiten dion gozamena, poza edo nolabaiteko betetasuna litzateke hitz horrek adierazten duena. Psikologoek diote oso emozio konplexua dela, sadismoarekin zerikusirik duena, eta bere osagaietako bat justizia-nahia dela: «Edozein arrazoirengatik biktima batek zigor justu bat jaso duela ospatzeko leku bat bisitatzen duten pertsonen jarrera esplikatzen du horrek».

«Sufrimenduaren poza»

Heriotza morbosoa oso kontuan izaten du turismo mota horrek eta ezaugarri horiekin negozio egiten du, AEBetako Charles Mansonen Helter Skelter tourraren kasuan ikus daitekeenez. “Sufrimenduaren pozak” hondamendi naturalekin, preso eta espetxeekin edo esklabotzarekin lotutako lekuekin du zerikusia. Espezialista batzuek “turismo ilun distopikoa” deitzen diote mota zehatz horri.

Horrelako tokiak bisitatzen dituzten beste bidaiari batzuek, berriz, ez dute motibazio berezirik. Eskaini zaien aukeren artean ageri da lekua, edo boladan dago, besterik gabe. Livianok galdera sakon bat dauka horren harira: «Fenomeno hau turisten eskariek ala konpainia turistikoen eskaintzek eragiten dute?».

Galderak oinarri sendoak ditu. “Turismo ilunak” negozio egiteko aukera asko eskaintzen die konpainia turistikoei eta mundu horretan bideak zabaltzen hasiak dira. Esperientzia ilun horietara hurbiltzeko “bira esperimentalak” ere asmatu dituzte.

Mugako esperientzia

Mexikoren eta AEBen arteko muga beroan, adibidez, gau-ibilaldiak antolatzen dira gaur egun, paperik gabeko migranteek herrialde aberatsera pasatzeko ahaleginean bizi behar izaten duten egoera turistek ere sentitzeko: poliziak, zakurrak, irainak... Hori da bederen konpainia horiek bezeroei jarritako amua. Tunel ilunak zeharkatzen dituzte, kontratatutako aktoreek bahitzen dituzte… Beste gizakiek ezagutu behar izaten duten sufrimendua, baina arriskurik gabe eta ondo ordainduta, jakina.

Donald Trump AEBetako presidenteak egunero aipatzen duen Mexikoko mugako esperientzia-bira horiek egokiak al dira gizakien sufrimendua azaltzeko? “Turismo ilunaren” inguruko ikerketek alde etikoa ere aztertu izan dute, Kataluniako Unibertsitate Irekiko adituek azaldu dutenez. Selfie eta etiketen aroan, eztabaida hori indartu egin da Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio-esparruan edo Berlingo Holokaustoaren Museoan turista jakin batzuen jokaera friboloaren eraginez.

«Modekin lotutako jokaera horrek, boladan dauden lekuek erakartzeak, ez dauka zerikusirik balore edo kode etiko eta moralekin, pertsona bakoitzaren kalkulu, interes eta emozioekin baizik», Nuñez irakaslearen arabera.

Turismo ilunaren aurkakoek salatzen dute Auschwitz «deuseztatzearen parke tematiko» bihurtuta dagoela, «errausketa-labeen ondoan turistek irribarretsu argazki kuriosoak egiten dituzten lekua», Daniel Livianok esan bezala.

«Guztiek nahi dute nolabaiteko onura lortu, askoren sufrimenduaren inguruan bada ere: bidaia-agentziek, hiriek, gobernuek…», egiaztatu du Francesc Nuñezek.

Soziologoak garbi dauka sufrimenduarekin lotutako lekuak erromesaldiak egiteko ere erabil daitezkeela. Berez sufrimendu asko eragindako lekuak badira ere, “turismo ilunak” negozio bihurtu ditu, nagusi den komertzializazioak masifikazioa ere eragin baitu, eta modu horretan gogoan hartzeko toki horiek hutsaldu egiten dira. Gizabanako kontsumista horien esperientzia pertsonalen eta abenturen trofeoak (selfie-a) lortzeko puntuak besterik ez dira tanatoturismoak saltzen dituenak.

 

«Agian, bizirik zaudelako pozik sentitzea da helburua»

Netflix Internet bidezko ordainpeko telebistak “Dark Tourist” izenburuko telesaila eskaintzen die bezeroei. Bertan, David Farrier kazetari zeelandaberritarrak, turismo ilunak eskaintzen dituen makina bat helmuga turistiko bisitatu eta gero, bera zerk hunkitu zuen esplikatzen du. Fukushimako zentral nuklearraren inguruko eremuan agintariek esandako erradiazioa baino gehiago dagoela ikusi eta urduritu ondoren, bidaia mota honen atzean egon daitekeen arrazoia honela laburtu zuen: «Beharbada, turismo ilunaren azken helburua bizirik egoteagatik pozik sentitzea litzateke».

Fukushima utzi ondoren, Fuji mendiaren magalean dagoen Aokigaharara joan zen, Suizidioen Basora alegia, bere buruaz beste egitea erabakita japoniar askok hiltzeko aukeratutako lekura. Bertan ere Mendebaldeko herrialdeetatik joandako “turista ilun” batzuekin hitz egiteko aukera izan zuen. Basoan gorpuren bat aurkitu nahi zuten. Jakin-nahi morbosoa, besterik gabe.

«Turismoa ekonomiaren sektore garrantzitsu bihurtu denetik, honelako lekuen inguruko interesa izugarri hazi da, ‘turismo ilun’ gisa ezagutzen duguna», Livianoren arabera

«Txernobylera txangoa, lau izarreko hotel batean hiru gau eginez eta bira, 260 euroren truke». Zentrala hartzen duen Pripiat hiri hustua turismoarentzat 2011n zabaldu zuten

«Hiltzea gauza guztien bukaera dela badakigun arren, oso ezezagun egiten zaigu, liluratu egiten gaitu; badakigu hil egingo garela, baina inork ez du bere buruaren heriotzan sinisten»

Kiev Ukrainako hiriburuko turismo erakundeak kalkulatu du aurten 100.000 bisitarira iritsiko direla, 2018ko 72.000 eta 2017ko 50.000 turistak atzean utzita

Tunelak zeharkatzen dituzte, kontratatutako aktoreek bahitzen dituzte… Beste gizakiek ezagutu behar izaten duten sufrimendua, baina arriskurik gabe eta ondo ordainduta, jakina

«Hau oso fenomeno konplexu eta heterogeneoa da: turisten motibazioak askotarikoak dira, helmuga turistikoak eta eskaintzen diren jarduerak diren bezala»