Iñaki Soto

«Almorzar ravioles con la vieja los domingos»

Argentinar umoretsuek txiste bat kontatzen dute beren buruaz. Jainkoa mundua sortzen ari zenean, ondasunak nahiko modu orekatuan banatzen hasi zen. Toki batean akuifero ikaragarriak jartzen zituen, beste batean abereak banatzen zituen, beste batean hondartza miresgarriak kokatzen zituen, halakori lur emankorrak ematen zizkion… Munduko toki jakin batera heldu zen arte. Han, esandako guztiak eta beste hamaika ondasun jarri zituen, denak batera: mendiak, haranak, lur emankorrak eta barazkiak landatzeko eguraldi egokia, jateko eta lanerako animaliak, hondartza luzeak eta urmael lasaiak… Laguntzaile zuenak harrituta begiratu eta galdetu zion, «zergatik jartzen duzu hemen denetik eta sobera?». Jainkoak imintzioa egin eta erantzun zion: «Lasai, hemen argentinarrak kokatuko ditugu!».

Txisteak profezia gisa funtzionatzen du, Argentinako egunerokotasun politikoaren hondoko zarata bihurtzeraino. Beti dago hor. Argentinarrekin desfaserako gaitasuna beti dagoelako presente. Berdin politikan, ekonomian, artean edo futbolean. Niri, oro har, miresgarriak iruditzen zaizkit.

Hauteskundeetan, nola ez, gaitasun horiek ere ikusgai izan dira. Adibidez, peronismoak bere burua berrasmatzeko duen gaitasuna azpimarragarria da. Aurretik askorentzat suizida izan arren, Cristina Fernandezen jokaldia borobila izan dela argi geratu da. Alberto Fernandezekin batera txartela osatuz, justizialismoa berreraiki eta Macriri 15 puntuko aldea atera diote urriko hauteskundeei begira. Askoren ustez abantaila gaindiezina da. Jakina, aurretik Argentinari buruz esandakoetan sinisten ez duen jendea izango da. Nolanahi ere, benetan zaila da.

Peronismoaren aldetik, beste bi apunte. Eduardo Duhalde eta batez ere Nestor Kirchnerrekin Ekonomia ministro izan zen Roberto Lavagnak hirugarren postua lortu du, bozen %8,2. Polarizazioa hain handia izanda, ibilbide hain luzea eta paradoxikoa duen politikari batentzat emaitza oso onak iruditzen zaizkit. Kontrako aldean, urteetan justizialismoaren bozeramaile izan den Miguel Angel Pichettoren bando aldaketa porrota izan da. Macrirekin batera joateak biak kaltetu dituela dirudi. Eskuineko peronismoaren ezintasunen adibide ona da.

Argentinaz harago, nire ustez, hauteskundeok peronismoaren bilakaeragatik dira interesgarriak. Izan ere, politika tradizionala krisian zegoela esaten zutenen aurrean, mugimendu honen moduko bilakaerak gero eta komunagoak izango dira, han eta hemen. Beste noizbait aipatu dut: peronismoa ulertezina dela gezur hutsa da, besteak beste espainiar “pentsalariek” zabaldutako gezurra; are, argentinar umoretsuak ere sutan jartzen dituen gezurra da. [Nahi izanez gero, hona hemen gehiago jakiteko iturri bat: Jose Pablo Feinmannen “Peronismo. Filosofía política de una obstinación argentina”, https://bit.ly/2WPa94L].

Lorenzo Miguel metalurgiako liderrak peronismoa igandetan amarekin ravioliak jatea dela zioen («almorzar ravioles con la vieja los domingos»). Argalak Txomin Iturberi berarentzat sozialismoa zer zen galdetu zionean honek eman zion erantzuna gogorarazi dit: igandean alkondora zuria jantzi, familiarekin mezetara joan eta ondoren herriko plazan umeekin pilotan jokatzea. [Bide batez, udarako irakurgai ezin hobea: Mertxe Aizpuruaren “Argala. Pensamiento en acción” liburu bikaina]. •