Koldo Sagasti

CAF, historiako orrialde beltzenak idazten

CAF enpresari esleitu diote Jerusalemeko tranbia eraikitzeko lanen kontratua. Israelgo administrazioa Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotu eta auzune palestinarrak baztertuko dituen azpiegitura egiteko asmotan dabil, eta Beasaingo faktoriari eta Shapir enpresa israeldarrari egokitu zaie apartheid-trenbidea eraikitzeko ardura.

Enpresa onuradunek ez dute irabazi esleitze-lehiaketa berezko merituengatik, baizik eta parte hartzekoak ziren gainontzekoak erretiratu egin direlako proiektutik. Kanadako Bombardier, Australiako Macquarie, Alemaniako Siemens edo Frantziako Alstom enpresek, besteak beste, errefusatu egin dute nazioarteko legedia urratzen duen proiektu horretan parte hartzea, tokian tokiko BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) taldeek eragindako presioaren ondorioz. Eta lehiaketatik erretiratu badira, ez da giza eskubideen aldeko mugimenduaren argudiobideei men egin dietelako; baizik eta, nonbait, kalkulatuko zutelako egitasmoan parte hartzeak euren irudi korporatiboari ekar liezaiokeen kaltea balizko etekinak baino handiagoa dela.

Otsailean CAFeko langile-batzordeak, aho batez, eskaera helarazi zion faktoriako zuzendaritzari proiektu ilegal horretatik erretira zedin, eta enpresaren buruzagitzaren esku utzi zuen korda luzea ekar zezakeen erabakia.

Hilabete batzuk geroago enpresa-buruek erakutsi dute gainontzeko nazioarteko enpresen zuhurtziaz jokatu baino nahiago izan dutela diruzalekeria lehenetsi eta gerra krimen baten partaide izan.

Nork bere tokia hautatu du lubakian, eta CAFek historiako orrialde beltzenetako bat idaztea aukeratu du. •