Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Haurtzaroko sexualitatea

Umeek sexualitaterik ez dutela hedatuta dagoen sineste faltsua da. Are gehiago, desgaitasun egoeran dauden neska-mutilen kasuan. Sexugabeko aingeruak direla kontsideratzen delako. Haurrak, ordea, sexudunak dira, ezinezkoa baita ez izatea. Labur esanda, pertsonalitatea eraikitzen duten bezala, sexualitatea ere. Hortaz, umeak ez dira asexualak; sexu identitatea, sexu orientazioa eta erotika dute. Erotika, jokabide sexuala da, sexualitatea adierazteko modua, hain zuzen. Hala nola, desirak, fantasiak, erakarpena, maitasun erotikoa eta maitemintzea kudeatzeko eta jakinarazteko era. Baina, portaera koitala ez dutenez, sexualitaterik ez dutela ondorioztatzen da. Zoritxarrez, helduekin berdina gertatu daiteke, adibidez, pertsona zaharrekin.

Sexualitatea, jaiotzetik hil arte dugunez, txikitatik eta etengabe aukeratu baino deskubritzen goazen giza dimentsioa da. Beraz, umeak garenetik, biografia sexuala eraikitzen goaz. Baina, umeen eta helduen sexualitatea eta erotika diferenteak dira. Umeen erotika, auto-erotikoa da, hau da, norberarengan zentratzen da. Beraz, ez dute erakarpena sentitzen, ezta besteekin sexu harremanak edukitzeko interesik ere. Gainera, ez dute besteengan eszitazioa edo desira pizteko asmorik. Helburu bakarra, gozamen propioa asebetetzea da. Horrekin batera, sexu harremanak soilik norbere buruarekin edukitzen dituzte. Hitz batez, portaera sexuala auto-erreferentziala da. Eta besteen gorputza esploratzen dutenean, adibidez, medikuetara jolasten, bultzada bakarra kuriositatea eta aburua jolastea dira. Azken finean, bestea pertsona ezberdina denez, ezagutu beharra dago. Hala ere, haurren erotika, helduen betaurrekoetatik begiratzen eta ulertzen dugu.

Horrekin batera, pertsonak animalia sinbolikoak gara. Eta sinbolizatzeko gaitasuna, pubertarotik, abstrakzio mailarekin batera garatzen dugu. Beraz, fantasia eta desira erotikoak, bestearekiko erakarpena eta funtsean, sexu orientazioa, pubertaroan deskubritzen eta definitzen hasten da. Horregatik, pubertarora iritsi arte, umeek, jolasteko seduzitzen dute, ez ligatzeko. Hala ere, imitazioaren ondorioz, helduak bezala, erlazioetara jolasten dute. Betiere, azpimarratuz, pertsona bakoitzak bere erritmo propioa duela eta kasu guztietan ez dela sexu garapena berdin ematen.

Helduen erotika, berriz, auto-erotikoa eta hetero-erotikoa da. Izan ere, besteekiko interes erotikoa dago eta beharrizanak norbanakoan eta erlazioan gogobetetzen dira. Erakarpena eta desira sentitzen dira, baita bestearentzat erakargarria eta desiragarria suertatzeko nahia ere. Besteekin sexu harremanak edukitzeko gogoa agertzen da eta besteengan eszitazioa eta desira pizteko asmoa dago. Bestearen gozamena jokoan sartzen da, eta, helburua, elkarrekin gozatzea eta beharrizan emozionalak betetzea ere bada. Bukatzeko, bultzada, azalaren egarria asetzea eta sentitzen duguna komunikatzea da; erlazionatzea, alegia. Laburtuz, haurtzaroko sexualitatea existitzen dela aitortu arte, helduena proiektatzen, erreproduzitzen eta helduena bezala epaitzen jarraituko dugu. Nahiz eta umeen bizipenak eta sentipenak bestelakoak izan. Hots, haurren sexualitatea den bezala begiztatzeko eta onartzeko, betaurrekoz aldatzea funtsezkoa da. •