Mikel Zubimendi

Mundu berria Euskal Herrian

Gaur hasi da Biarritzen ditxosozko G7 taldearen gailurra. Munduko agintari autoproklamatuen familia bilera, itxuran elkar ondo hartzen duten kideen artekoa. Ustez, bilerak demokrazia sustatzea eta globalizazioak denentzat funtzionatzen duela bermatzea du helburu. Finean, baina, sistemaren zaindarien ohorezko bilkura besterik ez da, agenda partekatu bat defendatzen dutenena. Egiatan, gainera, elkarri mokoka eta mehatxuka dabiltza, elkarren arteko hausturak ikusgarri eginez. Argazki ofizialetik harago, haserreak eta kalapitak ez dira faltako.

Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerrak atzeraldi ekonomiko latz baten itzala mehatxagarri bilakatu duen honetan, pil-pilean izango dira Biarritzen bai Frantziak Google eta gisako konpainiei jarri nahi dien zerga bai Trumpek frantses ardoei ezarri nahi diena. Edo Brexitaren azken tantoa. Edo Europar Batasunaren disoluzioa bultzatzeko Trumpen ahalegin etengabea. Edo klima...

Gai asko, arazo asko, itxurakeria galanta, eta, hego ala ipar, Euskal Herriko eskualde oso bat hankaz gora. Mojak bezala, militarizazio erakustaldi itogarri batek komentuan sartuta. Haserre dabiltza bertako anai-arrebak, bertako dendariak, bertaratutako bisitariak. Garraioa, merkataritza, eguneroko bizitza, erabat aztoratuta. Horrelako muntaia politiko-militar global eta erraldoi batek herritarrak bertan kieto etxean geratzea bilatzen du. Bigarren mailako herritar direla otzan barneratzea, apatiko, interes gabe, hezurretaraino beldurtuta, antolatzeko eta koordinatzeko aukerarik gabe daudela pentsatzea.

Baina munduan antolatu diren G7aren beste gailurretan gertatu bezala, Euskal Herrian ere borrokaleku ugaritako ekintzaileak bildu dira, askotariko maila eta taktiketan trebaturikoak. Erreferentzia puntu konpartitu bat, giro partikular bat, polarizaziorako une goren bat, amets utopikoak munduratzeko agertoki paregabe bat daukate. Eta guk, euskaldunok, munduari hemen nazio bat dagoela erakusteko parada dugu, baliatu beharrekoa. Gure nortasun propioa munduratzeko, eta mundu berri baten aldeko eztabaida global horretan, nazio zahar honen txikitasunetik, gure esperientzia eder askoak eskaintzeko.

Euskal Herrian, Quebecen edo Sizilian, G7aren gailurrok erreboltarako itsasargi bihurtu dira, nolabaiteko erromantizismo iraultzaile baten objektu, sinismen erradikalen froga. Eta beti egon da gailurrotan beltzez janzten diren mamuen jokoa, komunikabideek anplifikatua. Anarkistak, autonomoak, ekintza zuzenaren aldekoak edo deitu nahi bezala, baina beti egon dira gailurrotan nortzuk diren bainoago zer nahi duten inportanteagoa dela aldarrikatzeko, eta, nahi, dena nahi dutela eta denentzako nahi dutela, plazaratzeko. Beste gauza askotarako bezala, horretarako unea eta gunea ere ematen baitute gailurrok. Baina unean-uneko mobilizazioa baino inportanteagoa da irautea, borrokek eta helburuek irautea. Eta hori, komunitatearekiko loturak, lurraldean sustraitzeak, zure herriak zarena izateko emandako arnasak eta izango zarenaren neurrira iristeko babesak soilik eskain dezake.

Euskal Herriak ongi baliatuko du une eta gune hau, guretzat hemen azken batailarik ez dagoela jakitun. Munduko agintari horiei eta, are inportanteago, publiko zabalari, erakusteko borrokak ez duela zentzua galdu, merezi duela, mundu berria Euskal Herrian dela. •