Gorka Elejabarrieta

Urgentea eta garrantzitsua

Gaur, 2019ko abuztuak 24, Filtroko sarraskitik 25 urte betetzen dira. Egun horretan, Roberto Facal eta Fernando Morroni erail eta beste asko zauritu egin zituzten Montevideon, estradizio zain zeuden euskal errefuxiatuen aldeko protesta jendetsuetan parte hartzeagatik. Uruguaiko herriak Euskal Herriarekiko erakutsitako elkartasuna tamainakoa izan zen. Da. Hamar mila kilometrotara euskal herritarren oinarrizko eskubideekiko erakutsitako tinkotasunaz eta babesaz bertoko batzuek ere ikasi beharko lukete.

Munduan ez daude bi gatazka berdintsu, eta, ondorioz, ez dago eta ez da egongo gatazka guztiak modu berdintsuan konponduko dituen modu edo biderik. Hala ere, badira kontuan hartu beharreko hainbat irizpide, beharrezkoak diren pauso edo arauak. Hamarnaka, ehunka dira leku eta agertoki diferenteetako praktiken ondorioz ikasitakoak, inklusioaz, “irabazi-irabazi” estrategiez, elkarrizketaz eta abarrez hitz egiten digutenak. Nik irizpide horietako batean zentratu nahi nuke gaurko artikulua, presoen gaiaren konponbidean, hain zuzen.

Edozein gatazka armaturen ondorioen konponbidea urteak, belaunaldiak eskatzen dituen prozesua da. Berradiskidetzea ez da gauetik goizera egiten den ariketa. Alde guztien partetik denbora eta borondate ona eskatzen dituen prozesua da. Hori dela-eta, gatazken konponbidean aritzen direnek eta adituek, gertatutakoan baino, gertatzen ari direnetan kontzentratzen dituzte lehen ahaleginak. Horrelakoetan ez dago beste zerbait baino garrantzitsuago den ezer, oso zaila baita sufrikarioen mailakatze bat egitea, baina badira aldiz urgentzia daukaten gaiak. Eta horien artean, bereziki, oraindik ere gatazkak bere horretan irauten zuen garaiko eskubide urraketak pairatzen dituzten kolektiboak daude. Tartean, bereziki, presoena.

Nazioarteko esperientziak, aipaturiko bake edo konponbide prozesu horiek guztiek, gauza bat erakutsi digute: ez dago bakean aurrera egiterik, etsai edo arerioen arteko bakea eraikitzerik, presoek kartzeletan jarraitzen badute. Irlandak, Hegoafrikak, Achek, Uruguaik eta abarrek bi gauza erakutsi dizkigute: presoen gaia ez da erraz konpontzen, baina presoen kontuari konponbidea eman behar zaio, urgentziaz, arin. Preso guztiek kalean libre egon behar dute ahalik eta azkarren. Batetik, agertoki berria ezin delako gatazkan ibilitako aldeetako baten eskubide urraketak mantenduz eraiki, eta, bestetik, kolektibo horrek, presoenak, agertoki berriaren eraikuntzan protagonismo berezia izan dezakeelako. Nazioarteko hainbat adibidek hori berbera erakutsi dute. Nelson Mandelak honakoa esan zuen auzi horri eta bere bizi esperientziari lotuta: «Nire herrialdean lehendabizi kartzelara zoaz, eta, ondoren, presidente bilakatzen zara». Mandelari gertaturikoa beste askori gertatu zaie munduan zehar. Norbaitek uste al du Irlandan edo Hegoafrikan bake prozesuek aurrera egiterik izango zutenik presoek kartzeletan jarraitu izan balute? Nazioarteko esperientzia eta praktika oso argia da auzi honetan: presoak berehala askatu behar dira.

Urrian zortzi urte beteko dira ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuenetik. Azaldu dudanagatik ulergaitza da gurean oraindik preso politikoak egotea, bake logikan pentsatzen duen ororentzat behintzat. Gurean, gainera, badago egoera are ulergaitzagoa egiten duen beste arrazoi politiko bat: borroka armatua indarrean izan zen urte luzeetan zehar, borroka armatuaren kontra eta hura desagerrarazteko helburuarekin zenbait indar politikok egindako akordio politiko guztiek presoen gaiaren konponbidea barnebiltzen zuten (Ajurianeko Ituna esaterako). Garai hartan pentsatzen, defendatzen eta eskaintzen zutena gezurra al zen? Norberak erantzun dezala, baina emandako hitza horrenbeste aldarrikatzen dutenek horren gutxi betetzeak zer pentsatua ematen dit...

Esan bezala, gurean presoek beren etxeetan libre beharko lukete aspaldi. Hori gertatu ez eta gainera presoen oinarrizko eskubideek urratuta jarraitzen dute: gradu bereziak, dispertsioa, urrunketa, gerra garaiko politikak bere horretan. Ulergaitza, onartezina. Bakea eraiki nahi duen edonoren lehentasuna izan beharko litzateke egoera hori konpontzea. Gaur, Filtroko sarraskitik 25 urte betetzen diren honetan, Bilboko kaleetan presoen aldeko jaietako beste manifestaldi bat egin beharra dagoen honetan, batzuek, debate faltsuak puztuz, ilargira beharrean hatzari begira jarri nahi gaituzte, erregea biluzik dela konturatu ez gaitezen. •