Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Ikasturtea

Haur musugorri bat negarrez ikusi dut eskola bateko atarian. Debaldeko biolentziaren, morboz zipriztindutako albisteen eta hesteak ere erakusten dituzten telesailen garaiotan ez dago haur baten negarra baino gertakari bihotz-erdiragarriagorik. Segundoero gertatzen da, arnasa hartzea bezain ohikoa da haur batek negar egitea. Eta, hala ere, barruan zerbait pitzatu dit motxila gorria aldamenean zuela lurrean eserita eta belaunen kontra kuzkurtuta antsika ari zen haur musugorriaren eszena dramatikoak. Irakaslea behar zuen heldu batek hurbildu eta eskutik helduta eskola barrura eraman du malkoak masailetan zintzilik zeuzkan haur desesperatua.

Iritsi da iraila eta erloju suitzar, finlandiar edo auskalonongotar baten zehaztasunez abian jarri da gure errutinaren mekanika olioztatua. Normaltasunari ihesi bizi garen erretiratu, gaueko langile eta ordutegietatik kanpoko biztanleak geratu gara hondartza bazter abandonatuen zaindari. Garoa gorritzen ari da ehiztarien eta usoen zain dauden mendi inguruetan. Klaseak bete dituzte ikasle eta irakasleek. Aurten garraio publikoa gehiago erabiliko genuela agindu arren, izara artean luzatutako minutuek autoa hartzera behartu gaituzten asko semaforo eta biribilguneen arteko kale okupatuetan pilatu gara. Lugaritzeko trenek botaka egiten dute eta motxila, maleta eta poltsaz kargatutako oinezkoak mugikorrari begira prozesioan doaz aurrera, itsu-itsuan, hanketako giharrek aurreko ikasturtetik memoriaz ikasitako bideetan barrena.

Lagun batek esan dit ez dagoela irakasleena baino lan gogorragorik. Begirada harritu bat bota diot, inguruko askok baieztapen horren kontra emandako argudioak gogoan. Latza izan behar duela bota dit, errukituta, «irailean bereziki». Nire bekain jasoek bere teoria azaltzen jarraitzera gonbidatu dute. Latza behar omen du ikasturtea joan eta ikasturtea etorri, norbera urtebete zahartu, urtebete erre eta urtebete ajatu arren parean dauzkanek urtero adin bera izateak. Adin bera, eta antzeko galderak. Eta nik erantzunik izan ez.

Egunkari bila jo dut kioskora. Hondartza-garaitik bueltan, berriz ere gizenduta datoz iraileko albisteak. Alardea Hondarribian, Diada Katalunian eta sarraskia Mediterraneoan. Makroepaiketa Madrilen. Irakasleen iraileko sindromea sentitu dut: norbera urtebete zahartu, urtebete erre eta urtebete ajatu arren, parean daukanak berdin dirauenaren neke hori. Memeen, gif-en eta emotikonoen garaiotan badirudi hitzek ez dutela pisurik, denak direla tonu berean irakurtzekoak harridura ikurrik ondoan ez badaramate. Larridura ikurrak asmatu beharko ditugu akaso, erabiltzearen erabiltzez maiztutako kontzeptuak seinalatzeko. Badira beste hitz batzuk, ordea, paperean abstraktu diruditen arren buztinari bezala forma eman behar zaienak. Kalean eta egunerokoan. “Elkartasuna” eta “maitasuna” adibidez. Gaur Bilbon izango da aukera. •