14/09/2019

Reportaje
I. MENDI FESTA BELAGUAN
Iñaki Otxoa de Olza SOS Himalaiak Makaluko ospitalearen berri emango du

Askotariko jarduerak izango dira Belaguan irailaren 27tik 29ra arteko asteburuan, Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen omenez sortu zen SOS Himalaia Fundazioaren hamargarren urteurrena dela-eta. Besteak beste, Makaluko ibarreko bizilagunen osasun-beharrak asetzeko eraiki duten ospitalearen berri emango dute.

Xabier Izaga Gonzalez
0914_himalaia1

Iñaki Otxoa de Olza SOS Himalaia Fundazioak bere hamargarren urteurrena dela-eta, irailaren 27tik 29ra bitarteko asteburuan I. Mendi Festa egingo du Belaguan. Jardueraz betetako egitaraua prestatu dute, nahi duenak parte hartzeko modukoak.

Duela 11 urte hil zen mendizale nafarraren omenez sortu zen gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako mendi festan, Makaluko ibarrean eraiki duten ospitalearen proiektua aurkeztuko dute. Era beran, ospitalearen finantzazioa bultzatzeko ere baliatuko dute topagune hori, besteak beste zozketa baten bidez. SOS Himalaia elkarteko kideekin batera parte hartuko dutenen artean alpinismoarekin lotutako izenak daude, hala nola Horia Colibasanu, Annapurnako ertzean Iñakirekin ia azken hatsa eman arte egon zen mendizale errumaniarra, edo Iker Madoz mendizale nafarra, film bat eta hitzaldi bat eskainiko dituena.

Makaluko ospitalerako laguntza ekonomikoa lortzeko, gutun bat idatzi zuen Pablo Otxoa de Olzak. Idatzi horretan, bere anaia Iñakiren heriotza gogoratzen du. Duela 11 urte «Iñaki Annapurnan geratu zen betiko», dio Pablok. «Eskalatzaile handi bat joan zitzaigun, baina batez ere gizaki handi bat». Ez dira hitz hutsak, gutunean aurkezten duen proiektua Iñakiren proiektua baita, haren ametsa. Izan ere, mendizale nafarrak eskola bat, ospitale bat eta ume-zurtz etxe bat eraiki nahi zituen Nepalen. Haren hitzez esanda: «Himalaiako jendeak niri eman zidan guztia herrialde hartakoei itzuli» nahi zien. Eta neurri handian amets hura gauzatze bidean da gaur egun.

SOS Himalaia

Iñaki Otxoa de Olza mendizale iruindarra 2008ko maiatzaren 19n hil zen hain maite zuen inguruan: Annapurnako ertz batean, gailurretik gertu, bertan bost egun eman ondoren. Hauxe idatzi zuen GARAn Amaia U. Lasagabasterrek bere kronikan: «‘Himalaiara joaten diren gizon-emakumeak joaten ez direnen berdinak dira –zioen Otxoa de Olzak berak bere liburu batean–. Edozein bezain onak eta txarrak, egoistak eta altruistak, edozein bezain motibatuak eta gogaituak’. Etxera itzuli ahal izan balitz, Otxoa de Olzak berridatzi egin beharko zuen hori, bere kideek emandako elkartasun etsenplua ikusita». Izan ere, ahalegin ikaragarria egin zuten lagun haiek Iñaki menditik bizirik jaisteko. Eta esandako hura berridatzi egin beharko zuen bere proiektua aurrera doala ikusita.

2009an mendizale nafarraren familiak eta senideek Iñaki Otxoa de Olza SOS Himalaia elkartea sortu zuten. Ordutik ekimen asko egin dituzte Nepalen, hango eskolentzako laguntza emanez, 2015eko lurrikararen ondorengo berreraiketa lanetan, etxebizitzetan... eta iaz Makaluko ibarreko bizilagunentzako ospitale bat atontzeko proiektuari ekin zioten. Horretan dabiltza orain buru-belarri.

Proiektua

Makaluko ibarreko Seduwan dago ospitalea. Herri horrek 16.000 bizilagun ditu erroldaren arabera, baina erroldatu gabeko 2.000 haur ere bizi dira bertan. Osasun zentro bat dagoen hurbileneko herria Num da, eta hara iristeko egun oso bat eman beharra dago oinez. Bestela, kasu larrietan helikoptero bidez atera behar dira gaixorik daudenak. Seduwako ospitalean jendetzari arreta emateko asmoa dute, beraz; izan ere, herri horretatik gertu Tanggay Village dago, erroldatutako 12.000 biztanle eta erroldatu gabeko beste 1.000 dituen herria. Bi herrion artean bi orduko bidea dago, baina Nepalgo Gobernuak zubi bat eraikitzen duenean, ordubetean iritsi ahal izango da batetik bestera. Hartara, gutxienez 30.000 lagunentzako zerbitzua emango du elkarteak bultzatutako ospitaleak.

Elena Sagaseta SOS Himalaiako koordinatzaileak Makaluko proiektuaren gaineko azken berriak eman dizkigu. Abuztuan proiektuan laguntzen duen Amunt Nepalo talde kataluniarreko boluntarioak bertan izan dira. Besteak beste, dioenez, farmazia berri bat egin dute bertan. Hil honetan bertan, berriz, ur-araztegi bat jarriko dute ospitalean.

Pablo Otxoa de Olza Iñakiren anaia eta SOS Himalaiako presidenteak, berriz, ospitalearen proiektua nola sortu zen kontatu dio GAUR8ri: «Guk ospitalearen hormigoizko egitura topatu genuen, duela zenbait urte abandonatutakoa, Nepalgo Gobernuak kontratatu zuen eraikitzaileak porrot egin baitzuen. Kartzelan sartu zuten. Gobernuak milioi bat euroko aurrekontua jarri zuen ospitale hura eraikitzeko eta dirua gastatu egin zuen. Guk 100.000 eurorekin amaitu genuen eraikina. Hango biztanleek proiektuarekin bat egitea lortu genuen. Bizilagunek diruaren parte bat aurreratu zuten, ondoren Gobernuak itzuli ziena; guk ere beste parte bat aurreratu genuen, Nepalgo Gobernuak horren parte bat itzultzeko konpromisoa hartuta. Ospitalea bukatu zen, biztanleek beren dirua berreskuratu zuten, guk ere parte txiki bat berreskuratu dugu eta oso pozik gaude. Hango jendeak lan asko egin du…».

Inguru hartan topatzen dituzten patologiarik ohikoenak tabakismoaren eta alkoholismoaren ondorio dira, hango biztanleriari nabarmen eragiten dioten arazo handiak. Halaber, tuberkulosia, gibeleko gaixotasunak, bihotzeko patologiak, disenteria, gastroenteritisa, begi-lausoak eta hortzetako arazo ugari antzeman dizkiete han bizi diren lagunei. Dagoeneko hango biztanleriaren parte handi baten historia klinikoa egin dute, eta, informazio horren arabera, material mediku eta botika beharrezkoenak zein diren ikusi ahal izango dute.

Belaguako I. Mendi Festa

Irailaren 27an, ostiralarekin, 19:00etan hasiko da mendi festa Izabako Oroitzapenaren Etxean, argazki erakusketa batekin. Ondoren Iñaki Madoz eskalatzaileak film bat eta solasaldi bat eskainiko ditu.

Larunbat goizean Erronkariko Pirinioak taldeak antolatutako mendi martxa; gastronomia, artisautza eta mendi azoka, eta elkartasun erronka izango dira. Arratsaldean, Arroitu Indarra fanfarreak Izabako kaleak alaituko ditu; zinema aretoan, “Iñakiren ahotsa” filma emango dute, eta ondoren, mendizale iruindarra ezagutu zuten zenbait mendizale ezagunek mahai-inguru batean parte hartuko dute.

Igandeko jarduerak Iñaki Otxoa de Olza Mendi Martxarekin hasiko dira; eguerdian herri bazkaria egin eta zozketako sariak banatuko dituzte, eta, bazkalondoan, Makaluko ospitalearen proiektua aurkeztuko dute.

Ospakizun handia, zer ospatua badute eta.

Iñaki Otxoa de Olzaren omenez sortu zen gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako mendi festan Makaluko ibarrean atondu duen ospitalearen proiektua aurkeztuko dute

Ekimen asko egin dituzte, Nepalgo eskoletan, 2015eko lurrikararen ondorengo berreraiketa lanetan, etxebizitzetan... eta iaz Makaluko ospitalea atontzeko proiektuari ekin zioten