Itzea Urkizu Arsuaga

Irri-arrako bat

Uda hasieran txukunketa ofizial horietako bat egin zuen amak, behin batez nire logela izandakoan; irri-arrako bat eman, berak esaten duen moduan. Laguntza eskatu zidan, bota behar ziren eta ez ziren objektuei nire epaia emateko, eta, horrek nagikeria ikaragarria sortu bazidan ere, bigarren minuturako denboran bidaiatzen ari nintzen.

Atera ziren dantzako alpargata zaharrak, elastiko aldarrikatzaile mordoa eta batxilergoko zenbait liburu. Game Boy pocket gorri bat ere bai, eta lehen aldiz begiratu nion jostailuaren gaineko boy hitzari. Atera ziren autoeskolako testak, eta parrandetan erabili-eta-botatzeko-kamerarekin egindako argazkiak, paperean. Eta atera zen koaderno txiki bat ere.

Inoiz aitortu izan dut nire paperfilia. Uste dut, liburutxo fisikoek baino gehiago, orri zuriek erakarri izan nautela, paperak esan nahi diogun guztia entzuten baitigu. Eta, nire gaurko lotsarako, nerabezaro garaian orriak eta orriak izan nituen entzule fin. Azal horia eta lodia zuen koadernoak, eta Berri Txarraken letra zati txiki bat boligrafoz gogor idatzi nion antza. Barruan, malenkonia, maitemintzea, euforia, zalantzak eta tristura, lerroz lerro trukatzen. Eta ni, hura irakurriz, noizbait izan nintzena ukatzen. Bi aldiz pentsatu gabe, orri batzuk irakurri, eta bota beharreko objektuen taldean sartu nuen koadernoa.

Egun gutxiko kontua izan zen, koadernoa zaborrontzira bota izanagatik damua sentitzearena. Ia-ia oximoron bat baita, aspaldi guk geuk egin-pentsatu-esan-idatzitakoek gaitzespena sortzea; hori izan ginen, hortik erori ginen hiru aldiz, eta hortik ikasi genuen, edo horretan ari gara. Hortik heldu gara hona, gaur beste koaderno honetan idaztera.

Koaderno huts eta boligrafo beteen garaia

Zer da ba iraila, ezpada koaderno huts eta boligrafo beteen urte-garaia? Iraila berriz jaiotzeko hilabetea dela saldu izan digute; lotsarazten gaituzten koadernoetatik harro sentiarazten gaituztenetara pasatzeko aukera. Dena hasi, dena berri, dena zerotik. Hala balitz.

Hala balitz, noizbait, irailen batean, iragana litzateke herri bateko jaietan emakumeei parte hartzea ukatu, eta baztertze hori instituzionalki babestea. Ez ginateke lasai biziko, arazoak gainditzea hautsa alfonbra azpian sartzea dela pentsatuta; edo, sinetsita, neutraltasuna izan daitekeela bizi-estilo eta justizia sozialaren sinonimo. Eta, kasu horretan, akaso, pentsatuko genuke botoa kutxan sartzearen garrantzian, eta oposiziora bidaliko genituzke iraileko “bizikidetza arazoa” martxoan prediku morez janzten duten pertsona-politikari guztiak. Beharbada, horrela, haiek ere lotsagorrituko lirateke urtetan idazten ari diren koadernoak irakurrita. Baina, balego eta balitz...

Hori guztia hala balitz, ez nuke lerrootan aitortu beharko, esfortzu bat egin dudala, nire lehen koaderno honetan Hondarribia ez aipatzeko; bistan da, esfortzu merke samarra izan dela. Ez nuen alardea hizpidera ekarri nahi, honezkero nahikoa hitz eta hausnarketa eman dituelako; eta, aldi berean, arrazoi horrexegatik jarri nahi nion fokua irailaren 9ko hitzorduari. Inoiz ez delako nahikoa izango. Ez aspaldian, eta ez oraindik. •