Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Baldintzatu, ahalbideratu

Mende erdia hutsik daraman baserria berritzen ari gatzaizkie lagun biri, eta gauza batek eman zion atentzioa lerrook idazten ari den kalekume peto-peto honi: logelek. Jakina da bizitoki bezain lantoki izan dela historikoki baserria eta lotarako espazioek, proportzioz, gaur egun baino garrantzia dezente gutxiago izan dutela. Kasu honetan, logelak hegoaldera jotzen duen 50 metro karratuko pieza luze batean antolatzen dira. Sukaldetik sartzen da lehenengo logelara eta errenkadan datoz besteak: bigarrena lehenaren ondotik, hirugarrena bigarrenaren atzetik eta laugarrena gibelean, ohe bat edo bi gela bakoitzeko eta korridorerik ez. Alegia, laugarren logelara joan behar baduzu beste hirurak zeharkatu behar dituzula.

Denbora aurrera doa eta pixkanaka arautu egin ditugu etxebizitza batek bete behar dituen bizigarritasun-baldintzak, infraetxeak ekiditeko. Betekizun horiek erreferentzia egiten diete espazioen dimentsioei, instalazioei, irisgarritasunari, egiturari, sute-kasuetako segurtasunari, ingurumenaren babesari, energia-aurrezkiari, eta abar luze bati. Izan ere –eta uste nuen hau garbi xamar zegoela baina badirudi ezetz–, diseinuak ez dira neutroak. Diseinuak baldintzatu egiten du, diseinuak ahalbideratu egin dezake. Esaterako, Jose Maria Echarte arkitektoari irakurri diodan moduan, haurrek ez zuten logela propiorik izan XIX. mendera arte, eta horrek eragin zuzena du haien hazkuntzan eta garapenean.

Hau guztia diot Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak berrikusi egingo dituelako antza etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak, genero-ikuspegitik besteak beste, eta makilakadak jaso dituelako ezker-eskuin. Ezer gutxi espero daiteke Onda Cero irratiko tertuliakide orojakileengandik – «Estatua gure etxeetan sartuko da!», jada bertan ez balego bezala–, baina harritu nau Clara Campoamor elkarte feministako buruak ikerketa serioen ondorioak «tontakeria» hitzarekin gutxiesteak. Ines Sanchez de Madariaga bezalako adituek errespetu apur bat gehiago merezi dutelakoan nago.

Espazioen antolamenduari dagokionez, dekretu berriaren zirriborroak bi berrikuntza nagusi dakartza. Lehena logela nagusi ez diren logelei dagokie. Haien azalera apur bat handitzea da asmoa, jolaserako eta lanerako leku gehiago izan dezaten; kalitate handiagoko bizitza-espazio bat funtsean, kontuan hartuta gainera gazteak gero eta beranduago emantzipatzen direla. Bigarrena sukaldea da. Orain arte bost metro karratuko azalera minimoa exijitzen zitzaien sukaldeei eta asmoa zazpira igotzea da, bertan bi pertsonek erosoago lan egin dezaten. Jakina, neurri horrek ez ditu bat-batean rol patriarkalak desagerraraziko eta ez du kozinatzen ez duen gizona sukaldera supituki eramango, baina ahalbideratu egin dezake, are gehiago sukaldeak jangelarekin edo egongelarekin lotura fisiko handiagoa badu, proposamenak dioen moduan.

Asmoa, ulertzen dut, espazioaren antolaketaren ikuspegitik ekarpena egitea da. Ez gehiago baina ezta gutxiago ere, diseinuak baldintzatu egiten duelako, diseinuak ahalbideratu egin dezakeelako. •