Juantxo EGAÑA

Frankismoaren errepresioa eta laztura Bilboko kartzeletan

1937ko ekainaren 19ko arratsaldean armada frankista Bilbon sartu zen. Alemania naziaren eta Mussoliniren Italiaren laguntzaz dozenaka euskal herri bonbardatuta ehunka zibil hil izana ez zuten nahikoa, nonbait. Hasi zen errepresioak erbestera eraman zituen bizkaitar asko, beste askok beren lana galdu zuten, haietako milaka kartzelatu egin zituzten eta ia 600 Larrinagako kartzelan eta Derioko hilerriko hormetan erail. Gehienak fusilatuta, baina haietako 34 garrotez. Artikulua ilustratzen duten bi irudiak autore ezezagunekoak dira, baina laztura eta errepresio frankista bikain islatzen dituzte. Bilboko Eskolapioetan zegoen kartzelan eginak dira. Milaka euskal herritar egon ziren bertan pilatuta. Goiko argazkian apaiz bat ageri da kartzelako patioan presoei hitz egiten. Behekoan, presoak argazkian ateratzeko prest, aurrean beren kartzelariak dituztela.