Iker Bizkarguenaga
ESKULTURA ETA AMETSA

Hiru euskal gaztek arropa tailer bat ireki nahi dute Bangladesheko hiriburuan

Eskultura bat da Rana plazako hondamendiak utzitako arrasto bakarra. Edo ia bakarra. Izan ere, mila hildakotik gora eragin zituen istripu hark hiru euskal gazteren bihotza uzkurtu eta euren bizitza alda dezakeen egitasmoa abiatzera bultzatu ditu. Arropa tailer bat ireki nahi dute, eta, bide batez, ehungintza industria eraldatu.

Bangladeshen ehungintzan aritzen diren enpresaburuentzat, eraikin soil bat; eraikin horretan lanean zebiltzan 1.135 lagunen familientzat, dena; eta munduaren beste puntan gaudenontzat, errealitate deseroso bat ikustea galarazten zigun benda. Gauza asko erori ziren 2013ko apirilaren 24an.

Rana plazako hondamendia ehungintza-industrian inoiz izandako handiena da, eta aipatutako 1.135 hildako horiez gain –gehienak emakumezkoak–, 2.500 zauritu eragin zituen, horietako asko oso larri. Eroritako eraikinean bost lantegi zeuden, eta bostek Europako eta AEBetako marka ezagunentzat arropa egiten zuten. Egun horietan, noski, zalaparta handia sortu zen, eta ahots askok langileek pairatzen zituzten lan eta bizi baldintzak salatu zituzten. Agintariek zein enpresariek hitza eman zuten: «gauzak aldatu egingo dira». Baina apenas aldatu dira.

«Han eskultura bat dago, besterik ez». Jon Kareaga oso gaztea zen tragedia hura gertatu zenean, 15 urteko nerabea, eta ia ez du gogoan. Baina ezagutu, bai, Dhakan jazotakoa ondo ezagutzen du, geroago ikusitako dokumentalei eta irakurritako materialari esker. Eta gertaera latz horrek hainbeste markatu du, ezen duela hilabete batzuk Bangladeshera joan zen hango errealitatea bertatik bertara ezagutzera. Ezagutu zuenak gogor kolpatu zuela aitortu digu, “Bask” egitasmoaren istorioa kontatzen hasi zaigunean.

Euro eta erdi egunean

Mondragon Unibertsitatean Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) ikasten ari da 21 urteko zumaiarra, eta ikasketon eskutik Txinan zegoen iragan apirilean, bertako enpresa ekosistema ezagutzen eta, bide batez, dokumental bat egiten. Horretan zebilen, azken unean Bangladeshera joan behar zuela erabaki zuenean. Rana plazan jazotakoa gogoan, errealitate hura ezagutu behar zuela uste zuen, «bai edo bai». Eta bisatuarekin zituen zalantzak argituta, harantz abiatu zen.

Bakarrik joan zen, eta, adierazi duenez, «sekulako esperientzia izan zen». «Konfort eremutik atera eta horrelako toki batera joatea izugarria izan zen, eta leku horrekin konektatu nuen», azaldu du.

Bertan, «inoiz pentsatuko ez nituen egoerak» bizi izan zituela nabarmendu du. Adibidez, 14 urte zituenetik lanean ari zen gaztetxoa ezagutu izana. «Egunean euro eta erdi kobratzen zuen, ordu pila sartuta. Ikasketa minimorik ez zuen mutil koxkorra zen –16 urte zituen ezagutu zuenean– eta beste dozenaka lagunen artean lanean ari zen». Oro har, lanean itota zebilen jende «oso pobrea» ezagutu zuen Bangladeshen. Segurtasunari dagokionez, gauza batzuk duela sei urte baino hobeto daudela aipatu du Kareagak, baina «oraindik gauzak oso gaizki» daudela. «Egoerak hobera egin du txarragoa izaterik ez zuelako, baina bide luze-luzea dago egiteko», bere ustez.

«Dokumental bat egiteko Asiara joandako 21 urteko Mendebaldeko gazte bat» zela aipatu du zumaiarrak, nabarmenduz «hamar mila kilometro arazo gabe» egin zituela. Eta gaineratu du helmugara heldu eta bere kamerarekin «lanean zebilen ume bat grabatzen» ari zela jabetu zela «planeta honetan dagoen injustiziaz». «Bizitakoak dena goitik behera birplanteatzera eraman nau: zer erosten dudan, zer ez dudan erosi nahi... Nik horrelako praktikak onartzen dituen enpresa bati ezer erosteak praktika hori sostengatzen dudala esango luke», adierazi du zumaiarrak.

Eta kontakizunarekin jarraitu aurretik, Jonek hauxe aitortu du: ez zuen etxean esan Bangladeshera joango zenik. «Amak Txinan nengoela uste zuen, unibertsitatearekin. Ezer ez esatea erabaki nuen, izan ere, berdin-berdin joango nintzen, eta alferrik zen ardura eragitea. Txinatik itzultzean hiru egunetan Bangladeshen egon nintzela esan nion. Tira, dagoeneko nire gurasoek edozer espero dute nigandik».

Ezintasuna vs ekimena

Bangladeshen ikusitakoaren ondorioz, «oso momentu txarrak» igaro zituen Kareagak. «Nolako amorrua, nolako inpotentzia, ezer egiteko ezintasuna», oroitu du. Baina ez zen sentimendu horietan kateatu. Izan ere, azaldu duenez, «gero konturatzen zara pertsona txiki askok gauza handiak egin ditzaketela, eta nik pertsona horietako bat izan nahi dut».

«Bangladesheko errealitatea aldatu nahi dut, eta horretarako hau egitea pentsatu dut», esan digu ikasleak. Proiektuaren ideiaz galdetzean azaldu digu jakin zuela Gipuzkoako Aldundiaren deialdi bat bazegoela, zeinaren arabera, egitasmoan norbaitek proiektuan euro bat jartzen badu, Aldundiak beste euro bat jartzen duen. «Aukera bikaina zela ikusi nuen; proiektua aurkeztu nuen, aukeratua izan zen, eta orain hor gaude, hau aurrera atera nahian. 10.700 euro behar ditugu, eta lehenengo egunetan oihartzun handia izan dugu». Dagoeneko 1.500 euro dauzkate, eta oraindik 40-60 egun dituzte aurretik.

Pluralean hitz egiten du, berarekin batera Mondragon Unibertsitateko beste bi ikasle baitaude bide honetan, Maddi Bercianos eta Apurva San Juan. Biek bat egiten dute Kareagaren «ideia, pasio eta balioekin», eta gogoz batu dira ekimenera. Ez dute lan erraza, Zumaian, Hendaian eta Gasteizen bizi baitira, baina Skype bitartez moldatzen dira: «gogoa dagoen bitartean ez dago arazorik».

Tailerra martxan jartzeko modua ere pentsatuta dute, eta ikusita beren kabuz ezartzea gastu handia izan daitekeela eta tramite asko eska ditzakeela, beren asmoa bertako enpresa batekin elkarlanean proiektu bat hastea da. «Balio hauekin bat datorren enpresa batekin jardun nahi dugu», azaldu digu Jonek. «Guk ahalik eta diru gutxienarekin eragin positiboena izan nahi dugu, eta horretarako bidea hori dela uste dugu», gaineratu du.

Bazkide izateko hautagaiak bilatzen hasi dira, eta pertsona batzuekin harremanean jarri dira. Esan duenez, «jende asko dago gauzak egin nahian».

Eta, Euskal Herrian? Ba al dago gure herrian ohiturak aldatzeko gogorik? Izan ere, industria honen atzean arropa erosten duen jendea dago. Herrialde aberatsetan bizi den kontsumitzailea, prest al dago bere arropagatik diru gehiago ordaintzeko? Kareagak baietz uste du. Bere aburuz, «kontua da ze pertsona motak inspiratzen zaituen», eta sare sozialen garrantzia azpimarratu du. «Sarean ikusten duguna buruan sartzen zaigu, eta enpresek hori ondo ikertuta daukate, ea zer egin behar duten zuk beren produktua erosteko».

Ildo horretan, ikasle gipuzkoarrak uste du sareetan eragin handia duten pertsonek asko lagun dezaketela kontzientzia zabaltzen, inspirazio iturri bezala, baina kontrako lana ere egin dezakete. «Instagramer edo blogger batzuen kontuetan sartzen bazara, ikusiko duzu Zara edo H&Mren katalogoak direla. Eta batzuentzat idoloak dira», aipatu du.

Ingurugiroari kalte handia

Lan baldintzena, dena den, ez da ehungintza industriari egin dakiokeen kritika bakarra. Ingurugiroari egiten dion kaltea ere ez da nolanahikoa, eta Nazio Batuek eurek ere zuzenean seinalatu dute esparru horretan duen arduragatik. «Modarena munduko bigarren industria kutsakorrena da», azaldu du Jonek, nabarmenduz bere eraginak, gainera, ez ditugula hemen sumatzen, hots, kontsumitzaileon herrialdeetan, baizik eta arropa ekoizten den lurraldeetan. Adibide bat aipatu digu, ur edangarriarena: «Oso ur gutxi daukate, moda delako ur edangarri gehien erabiltzen duen bigarren industria. Kotoizko kamiseta bat egiteko, 2.700 litro ur behar dira, eta, galtza batzuk egiteko, 11.000 litro inguru. Atera kontuak».

Pestizidek ere sekulako kalteak eragiten dituzte herrialde horietako landa eremuetan. «Kotoia erein behar dute eta kotoi zelai pila dago, eta horietan pestizidak erabiltzen dira, inolako segurtasun neurririk gabe». Horrek ondorioak ditu ingurugiroan eta bioaniztasunean, jakina denez, baina baita langileen osasunean ere. Eta horrekin guztiarekin batera, arropa koloreztatzeko erabiltzen den tinduaren arazoa dago. «Nik laranja koloreko ibaiak ikusi ditut», azaldu digu Kareagak.

Adierazi duenez, jarrera horren atzean ez dago axolagabekeria edo ardura faltarik, edo ez hori bakarrik behintzat. Berak oihalak prestatzen dituen tailer horietako arduradun batekin hitz egiteko aukera izan zuen, eta hauxe esan zion: «Nik ez dut ingurumena suntsitu nahi, baina bezeroek exijitzen didate produktua prezio batean eta kolore batekoa izatea, eta, nik hori ematen ez badiet, ez dute arazorik beste hornitzaile batengana joateko, beraientzat errentagarritasuna bakarrik delako garrantzitsua». Ataka horretan, hornitzaileak «ezin du besterik egin, sekulako presioa baitauka. Gauzak ondo egiten baditu, ezin izango du lehiatu».

Arazoa, beraz, hornitzaileari presioa egiten dion bezeroan dago, hots, guri arropa merke-merke saltzen digun enpresan. Baina, kontsumitzaileak jabetzen al gara hori horrela dela? Pentsatzen ote dugu nola den posible ogitarteko baten prezioan alkandora bat erosi ahal izatea? «Nik uste jendea ez dela jabetzen, bestela ez luke arropa hori jantziko. Baina normala ere bada, enpresek diru mordoa gastatzen dute guk produktuok erosteko, gainera ‘jasangarritasun’ hitza erabiltzen dute jasangarriak ez diren gauzak definitzeko. Begiak ireki behar ditugu, aukerak egon badaudelako; horietan arreta jarri behar dugu kontsumo arduratsua egiteko».

Aukera horien artean, dena den, ez dago, inolaz ere fast fashion deritzon hori. «Berdin dio ze etiketa jartzen dioten edo zer egiten duten, urtero bilduma pila ateratzen dute eta horrek ezin du inolaz ere jasangarria izan», nabarmendu du Jonek, gaineratuz «bost euroko soldata batek» ezin duela lan egiteko sistema onargarri baten atzean egon; «ezinezkoa da». Beste marka batzuk badaudela ere aipatu du,«praktika askoz jasangarriagoak eta etikoagoak dituztenak». «Handiak eta potenteak dira, baina gardentasun handiagoa daukate, beren produktuak non egiten dituzten, ze baldintzetan eta ze soldatekin azaltzen dute», gaineratu du, nabarmenduz «gardentasun hori beti exijitu behar dela. Izan ere, adierazi duenez kontsumitzaileok kontuan hartu behar dugu arropa modu horretan ekoizten duten markak «gu engainatzen saiatuko direla beti», eta, beraz, «dena zalantzan jarri behar dugula». «Edozein markarekin egin behar dugu, ‘Bask’ berarekin ere bai. Dena galdetu behar da: zertan ari garen, nola produzitzen dugun… Pentsamendu kritikoa izan behar dugu», azpimarratu du.

Izan ere, aipatu duenez, «arazoa ez da norbanakoena, guk sistemak kontsumiarazten diguna kontsumitzen dugu. Sistema hau da injustizia soziala sortu eta ingurumenari kaltea egiten diona». Edonola ere, ez luke nahi hitzok inork «aitzakia» gisa erabiltzea, ez dezala pentsatu «erruduna sistema denez berak ezin duela ezer egin». «Ez, pertsona txiki askok gauza handiak egin ditzakete», errepikatu du. Bere leloa da.

Esan eta egin: elkarrizketa egin eta gutxira Donostiako arropa denda ezagun baten aurrean elkarretaratzea egin zuen Jonek. Urtarrilean Bangladeshen egon nahiko luke, egitasmoari heltzeko. Ikusgai dago noraino heltzen diren, baina Rana plazaren orubean eskulturaz gain hazi bat ere ernaldu dela esan dezakegu. Barruan, hiru euskal gazteren ametsa dago, loratzeko zain.