Juantxo EGAÑA

Amparo Arangoa, 1976an Guardia Zibilak birrinduta

1976ko apirilaren 21ean Amparo Arangoa lanetik atera zenean, Guardia Zibilak atxilotu eta Leitzako kuartelera eraman zuen. Han galdekatu ondoren, Tolosako kuartelera eraman zuten eta, berak esan zuenez, berriro galdekatu eta bustitako eskuoihalez eta sokez gorputz osoa kolpatu zioten etengabe, ostikoak jo eta hormara eta lurrera bota zuten behin eta berriz. Buzo bat jantzi eta “bainuontzian” murgildu zuten. Egoera penagarrian zela, makilaz kolpe bortitzak jo zizkioten oin-zoletan. Egun bereko arratsean Leitzako kuartelera eraman zuten eta bertatik herriko medikuari deitu zioten, hain zegoen egoera kezkagarrian; medikuak Iruñeko Virgen del Camino ospitalera bidali zuen berehala, haren lesio larriak zirela eta. Zenbait egun geroago, Nafarroako Langileen Probintzia Kontseiluko presidente Javier Yaben, Patxi Zabaleta abokatuarekin, ospitalera joan zen Amparo Arangoa ikusteko, hau ere Kontseiluko kide baitzen. Yabenek dioenez, ez zen erraza izan gelara sartzea, inguruan zelatan polizia ugari ziren eta. Baina behin barruan, Amparok Tolosako Guardia Zibilaren kuartelean jasan zuen oinazearen berri jakin zuen eta, poltsikoan zeukan kamera txiki batekin, zenbait argazki egin zizkion Amparori. Ondoren, lagun argazkilari batek argazkiak errebelatu eta “Zeruko Argia” aldizkarira eraman zituzten. Ordurako, aldizkaria inprimatuta zegoen, baina zenbaki harekin argazkiak agertzen ziren gehigarritxo bat banatu ahal izateko, josi egin zieten hura ale guztiei. Irudi haiek munduari bira eman zioten eta “The Times” egunkariak urte hartako maiatzaren 13ko lehen orrialdean argitaratu zituen.