Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Erotikan ere bidaiariak izan gaitezen

Lehendabiziko jostailu erotikoak, Antzinako Grezian kokatzen dira. Egipton, Erroman eta Erdi Aroan ere fabrikatzen eta erabiltzen ziren. Egun, jostailu eta jolas erotikoen merkatuak izugarri eboluzionatu du, batez ere, emakumeei zuzendutako produktuei dagokienez.

Horretarako, azken mendeetan, emakumeok sexualitate propioa dugula onartzea ezinbestekoa izan da. Gure gorputzaren jabe garela, gozamena sentitzen dugula eta atsegin dugula; berau gure erantzukizuna dela eta gure kabuz lor dezakegula, hain zuzen. Hau da, emakumeek, interes erotikoa dugula eta beharrizanak gure kasa asebetetzen ditugula.

Jostailu erotiko gehienak emakumeei plazera bermatzeko diseinatuta daude. Azken adibide gisa, klitoria xurgatu eta estimulatzen duen tramankulua dugu. Behingoz, orgasmorako autobidea dugu, klitoria estimulatzen duen trastea baita. Orain arte masturbatzeko saldu dizkiguten produktuak, alde batetik, eta, batez ere, bagina barrutik estimulatzeko pentsatuta daude. Bestetik, bi orgasmo mota eta orgasmora iristeko bi modu bakarrik dauden ideia okerrean oinarritu dira: bagina edo klitori bidezko orgasmoa. Ondorioz, bagina eta klitoria laztantzeko gailuak sortu dira.

Lehendabizi ezagutarazi beharra dago, baginaren barruko parteak ez duela inolako sentsibilitaterik. Hots, anestesikoa da, nerbio-bukaerarik ez duelako eta muskulatura lisoa delako. Beraz, bagina ugaltzeko diseinatuta dago eta ez gozatzeko. Bigarrenik, argitu beharra dago emakumeok ez ditugula bi orgasmo mota Freudek baieztatu zuen bezala. Teoria horren arabera, emakume helduen orgasmo egokia bagina bidezkoa zen. Klitori bidezkoa, berriz, helduak ez ziren emakumeen orgasmo desegokia zen. Hortaz, emakumeak, helduak izateko, klitoria alde batera utzi eta baginan zentratu behar zirela erabaki zuen.

Zientzia sexologikoak aspaldi ezeztatu zuen baliogabeko teoria hori, naturak plazererako sortu duen organo bakarra klitoria delako. Horrez gain, orgasmo bakoitza aparteko esperientzia izan arren, gehienak klitoriaren bidez lortzen direlako. Ezagupen hori, ordea, ez da demokratizatu. Azken finean, adingabekoak bagina bezala, helduak izateko baginako koitoaren bidez orgasmora iritsi behar garela ikasten jarraitzen dugu. Horretarako, produktu kultural guztietan esperientzia bikainena dela azpimarratzen da. Izan ere, bikote asko frustratuta horren bila dabiltza eta emakumeak errudun sentitzen dira, arazoa beraiena dela interpretatzen delako.

Funtsean, XXI. mendera arte itxaron behar izan dugu soilik klitoria estimulatzeko jostailu bat erosi ahal izateko. Hala ere, kritika ugari izan ditu. Gailu hori ere, ikuspegi androzentrista batetik diseinatuta dagoelako. Metafora batez baliatuz, bizipen sexualaren bidaiarientzat baino turistentzat sortu baita. Jostailu horrekin minutu gutxitan orgasmora iritsi gaitezke eta “argazkia” atera dezakegu, baina plazeraren bidean dauden aukera eta ñabardura guztiak galduko ditugu. Zoritxarrez, gizonek gozamena orgasmoarekin parekatu dute, prozesua ahalik eta azkarren helmugarekin ordezkatuz. Eta badirudi, gainera, emakumeen patua ere hori bihurtu nahi dugula. Orgasmoa badator ongi etorria da, baina ahaztu gabe askatasuna lagun eta derrigortasuna etsai dituela. •