Pablo Ruiz de Aretxabaleta
MUNDUKO BESTE GRETAK

Ikono bihurtu den Greta Thunbergen bidea jarraitu dute beste gazte askok

Greta Thunberg suediarra klima larrialdiaren kontrako ikur global bilakatu bada ere, bera bezalako gazte eta nerabe asko dira lurraren eta ingurumenaren aldeko borroken protagonistak euren herrietan. Besteak beste, plastikoaren erabileraren, zuhaitz mozketen, proiektu erraldoien edo kutsaduraren kontrako ekintzaileak dira.

Greta Thunberg suediarra klima larrialdiaren kontrako mobilizazioaren ikur bihurtu da: mundu osoko komunikabideen arreta neskato batengan jartzea lortu du eta, aldi berean, baita munduan barna gazte asko kalera ateratzea ere. Ospearekin batera, jarraitzaileak ez ezik kritikak ere bereganatu ditu Thunbergek, eta ez soilik klima larrialdiaren negazionisten aldetik.

Kritikak kritika, Thunbergen pareko gazte eta nerabe ugari ari dira borrokan planetaren etorkizunaren alde mundu guztian zehar. Batzuek Thunberg beraren ereduari jarraitu diote; beste batzuk, berriz, nerabe suediarra ikono bihurtu baino lehenago zeuden dagoeneko ingurumenaren aldeko borroketan murgilduta.

«Gerran dagoen umea naiz», dio Ralun Satidtansasrn Lilly 12 urteko neskato thailandiarrak. Bere helburua Thailandian plastikoarekin bukatzea da, eta Thunberg du eredu. Herritartasun estatubatuarra ere baduen nerabeak, ekainean lortu zuen bere lehen garaipena: Central supermerkatu kate erraldoia bere dendetan erabilera bakarreko poltsak ez banatzeko konbentzitu zuen. Erabaki horren ondorioz, Thailandian presentzia duten beste banaketa enpresa handi batzuek ere –tartean herrialde osoan hedatutako 7-Eleven japoniarrak– 2020tik aurrera erabilera bakarreko poltsak ez banatzeko konpromisoa hartu zuten.

«Ondo dago horrela izatea. Hasieran uste nuen gazteegia nintzela militantziarako, baina Gretak konfiantza eman zidan. Helduek ez dutenean ezer egiten, haurrok egin behar dugu», azaldu du. Lilly ez zen New Yorken egon klimaren gailurrean. «Nire tokia hemen dago. Nire borroka lekua Asiako hego-ekialdea da», adierazi du.

Eskualde horretako zenbait herri –Thailandia, Kanbodia, Filipinak, Malaysia edo Indonesia– hasi dira jada Mendebaldeko zabortegi bihurtzeari uko egiten: plastikoz betetako kontainerrak jatorrizko herrietara bueltan itzultzen hasi dira. Hala ere, Asiako herriok oraindik ere plastiko hondakin kopuru erraldoiak sortzen dituzte. Thailandian plastikozko poltsak edonon daude. Kalean zerbitzatutako janariak edo lanera eramateko edariak paketatzeko ere plastikoa da nagusi. Thailandiar batek, batez beste, zortzi poltsa erabiltzen ditu egunean, 3.000 inguru urtean, Gobernuaren arabera. Europar Batasunean baino hamabi aldiz gehiago.

Greenpeace gobernuz kanpoko erakunde ekologistaren arabera, Thailandia da itsasoa gehien kutsatzen duen seigarren herrialdea munduan. Bertako agintariek 2022rako erabilera bakarreko poltsekin bukatu nahi dute, baina, Greenpeacek ohartarazi duenez, «ez dute prestatu inongo legerik eta jendea sentsibilizatzea ez da nahikoa izango». Lillyk eserialdi bat egin zuen Gobernuaren egoitzaren aurrean eta lehen ministro Prayut Chan-O-Charekin bilera bat ere eskatu zuen. Ez zuen lortu bere herriko agintariarekin biltzea.

«Ez du amore ematen»

Amarekin batera joaten da Lilly Nazio Batuetako edo enbaxadetako ordezkarien aurrean ere egiten dituen protesta ekitaldietara. «Hasieran, haur baten apeta zela uste nuen. Baina ez du amore ematen», azaldu du militante ekologista izandako bere ama Sasiek.

Lillyren kezka, hala ere, ez zen Gretaren borrokarekin hasi, baizik eta 8 urterekin oporretan zela plastikoz estalitako hondartza bat ikustean. Ordutik, Trash Hero erakundeak antolatutako garbiketa saioetan parte hartzen du, batzuetan jolasteko gogoa izan arren. Azkena Bang Krachaon izan zen. “Bangkokeko birika berdea” bezala ezagututako auzoa botila, poltsa eta bestelako plastikozko hondakinez beteta dago, Chao Praya ibaiak bertara eramandakoak.

Plastikoak eragindako arazoak begi bistakoak dira Thailandian, baina, Nattapong Nithiuthai militante ekologistak nabarmendu bezala, «presio taldeak oso boteretsuak dira eta edozein aldaketa zailtzen dute». Lobby handienetako bat sektore petrokimikoa da. Plastikoan oso zentratutako sektorea da, herrialdeko barne produktu gordinaren %5 suposatzen du eta milaka lanpostu sortzen ditu.

Ugandako gazteak ere borrokan

Thailandiatik milaka kilometrotara dago Uganda. Bada, bertan, abuztuan 15 urte bete zituen Leah Namugerwa nerabeak eskolaren, manifestazioen eta planeta salbatzeko hitzaldien artean banatzen du denbora. Bere urtebetetze egunean, familia eta lagunekin ospatu beharrean, 200 zuhaitz landatzeari ekin zion.

«Helduek ez badute aurrea hartzen, nik eta gainontzeko gazteok erakutsiko diegu bidea. Zergatik geratu behar dut ezer egin gabe begira, ingurumenaren aurkako bidegabekeriak nire begien aurrean gertatzen direnean?», galdetu zuen Kigalin (Ruanda) larrialdi klimatikoaz iragan hilabetean eman zuen hitzaldian.

Ugandako Gobernuak ingurumen gaietan zuen jarrera epela ikusita, eskolan astean behin greba egitea erabaki zuen Namugerwak ere, Greta Thunbergek Suediako Parlamentuaren aurrean egiten dituen eserialdien adibidea jarraituz. Fridays For Future mugimenduko kidea da eta Kampalan plastikozko poltsak debekatzeko zein klima aldaketak eragindako lehorteen, uholdeen eta deforestazioaren ondorioez herritarrak ohartarazteko kanpaina bat hasi zuen. «Klima aldaketak gure bizitzan duen eraginak eraman nau borrokara: gero eta altuagoak diren muturreko tenperaturak ditugu, lehorte luzeak, gaixotasunak gero eta ohikoagoak dira...».

Namugerwaren arabera, «gazteok bihotzetan duguna esan behar dugu. Ez badugu egiten, gure etorkizuna kolokan izango da. Egungo buruak ez dira hemen egongo etorkizunean, guk pairatuko ditugu hartzen ez dituzten erabakien ondorioak. Orain hitz egin behar dugu, ez bihar».

Mukono barrutikoa da Namugerwa. Azken hamarkadotan baso ugari suntsitu dituzte bertan Kampala Ugandako hiriburuaren handitzearen ondorioz. Bakar-bakarrik antolatu zuen ingurumenaren aldeko bere lehen manifestazioa, aurtengo otsaileko ostiral batean, Kampalako auzo batean. «Egin behar nuena egiten ari nintzela sentitu nuen, bide onetik nindoala, baina jende gehienari, nire senide batzuei barne, bitxia iruditu zitzaien. Modu arraroan begiratzen zidaten pankartak eskuan ikusten nindutenean; burua astintzen zuten sinesgogor», gogoratu du.

Egun gazte ugari batzen zaizkio ostiralero eskola egun bat galduz greba egiteko. «Jendeak kritikatu egiten nau. Nire adinean ostiraletan eskolan eta ez kalean egon beharko nukeela esaten dute. Garrantzitsua da horregatik nire gurasoen babesa izatea», azaldu du nerabeak. Aita, eraikuntzako materiala saltzen duen enpresa bateko burua, astero izaten da alabaren ondoan.

Namugerwak pozik ikusten du Ugandan ingurumen arazoekiko interesa gero eta handiagoa dela. «Aldaketa klimatikoarekin lotutako arazoei ez diegu behar besteko lehentasuna ematen. Baina gure kanpainari esker, eztabaida pizten hasi da», nabarmendu du.

Jerome Musaka borroka horretan Namugerwak alboan duen 15 urteko gaztea da. Bere ustez, Namugerwak Ugandako gazteei begiak ireki dizkie: «Lehen klima larrialdiaren inguruko mezua ez zen batere argia gutariko askorentzat, baina Lehak gauzak erraztu dizkigu: arazoa benetakoa dela eta gu guztiontzat arriskua benetakoa dela ikusarazi digu».

Greta Thunbergekin batera New Yorkeko gailurrean beste gazte asko ere izan ziren. Hain ezagunak ez diren “beste Gretak”, asko larrialdi klimatikoaren ondorio latzenak bertatik bertara ezagutu dituztenak eta euren herrialdeetako gobernuak etsai dituztenak. Aipatutakoaren adibide dira Lurralde Komunitateen Aliantza Globaleko ordezkariak, Amazonaseko arroko, Brasileko, Mesoamerikako eta Indonesiako hamasei lurraldetatik New Yorkeko bilerara joandakoak. «Premiazko laguntza behar dugu. Interes enpresarial edo politikoak tarteko natura eta indigenak albo batera uzten ari dira», salatu zuen Boliviako Maria Jose Bejaranok. «Boliviako herri indigena txikitanoak egoera larrian gaude. Jada lau milioi hektarea baso erre dira eta Gobernuak ez du hondamendi nazionala aldarrikatu», salatu zuen Bejaranok irailean.

Bejaranorekin batera Artemisa Barbosa Brasilgo xakriaba herriko 17 urteko ekintzaile kementsua zegoen. Lumazko diadema buruan eta aurpegia, bularra eta besoak margotuta, Greta Thunbergekin egon zen AEBetako Kongresuan irtenbide eske. Eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen kontra gogor hitz egin zuen. «Brasilgo Gobernuak natura suntsitzen duten proiektuetarako dirua jasotzen duen bakoitzean, odol indigena isurtzen da», salatu zuen. «Guztion bizitza dago jokoan, ez bakarrik gurea. Gazte indigenok mundu osoari eskatzen diogu gure borrokarekin bat egiteko», gaineratu zuen. Brasilgo Minas Gerais estatuan bizi da, eta, bertan, meatzaritzak urak kutsatu, biztanleen baliabideak murriztu eta heriotzak eragiten dituela salatu zuen.

Panaman, berriz, Kolonbiako muga inguruko lurretako zuhaitzak desagertzen ari dira. «Klima aldaketa Ama Lurra hondatzen ari dela ikusteak bihotza apurtzen dit. Aktibistekin bat egiteko gaude hemen. Hau ez da soilik indigenon borroka, guztion borroka da», adierazi zuen Militza Lizbeth Flaco gazte panamarrak.

Europa eta AEBetako gazteak

New Yorkeko gailurrean parte hartzeko Suitzatik iritsi zen Marie-Claire Graf gaztea. Zaharxeagoa bada ere (23 urte ditu), gainontzekoen borroka berean murgilduta dago. Txikitatik ikusi ditu etxetik hurbil beroketa globalaren ondorioak. Morteratsh glaziarrak urtetik urtera atzera egiten nola ari den kontatu zuen Nazio Batuetan. Swiss Yoth for Climate erakundeko presidenteordea da eta ez du batere atsegin bizitza «jasangarria» eramaten saiatzeagatik azalpenak eman behar izatea. Bera, Greta Thunberg bezala, hegazkinez ez bidaiatzen saiatzen da. Gazte suediarra iaz ezagutu zuen Grafek eta, «pertsona aparta» dela uste badu ere, ikuspuntu ezberdinak dituztela aitortu du. Bere esanetan, Suitzan ez dute klimaren aldeko grebei aurpegi zehatz bat jarri edo «idoloak» sortzeko nahirik, «mugimenduaren aniztasuna erakutsi nahi dugu».

Luisa Neubauerrek ere 23 urte ditu. “Greta alemaniarra” deitu izan diote eta berak ere ezagutu du gazte suediarra. Neubauerren ustez, «erregai fosiletan oinarritutako kapitalismoa» da arazoa, petrolio bezalako erregaien erabilera murriztea eragozten baitu.

Gretarekin New Yorken egon ziren gazte asko, bizitako esperientzia pertsonalen ostean hasi ziren mobilizatzen. 14 urteko Alexandria Villaseñor, adibidez, Kaliforniako Davis herrian zen 80 pertsona hil zituen sutea piztu zenean. «Asma daukat eta izugarria izan zen bizitakoa. Etxean geratu beharra nuen, kanpora irtendakoan begiak erretzen zitzaizkidan...». Nazio Batuen egoitzaren aurrean protesta hasi zuen ostiralero eta AEBetako lehen ikasle grebaren burua izan zen.

17 urteko Jamie Margolien Seattlen bizi da eta bi gertaerak eraman zuten aktibismora. Lehena, Puerto Rico suntsitu zuen Maria urakanaren aurreko erantzun eza izan zen –jatorri latinoko gaztearen ustez, arrazakeria dago erantzun ez horren atzean–. Bigarrena, Kanadako basoetako suteen kea Seattle hirira iristean arnasa hartzeko bi astez izan zituen arazoak.

Dominga Espiñaeira 16 urteko txiletarrak elur faltan eta lehorteetan ikusi du aldaketa klimatikoaren eragina. «Animaliak hiltzen ari dira. Jendeak askatu egiten ditu ezin dituelako elikatu eta, ondoren, errepideetan hiltzen dira autoek harrapatuta», azaldu du.

Ariana Palombo 19 urteko uruguaitarrak bere herrian arazo nagusia lehengaien gehiegizko ekoizpena dela dio. Uruguain, abeltzaintzak eta zelulosa lantegiek sortzen duten kutsadura ibai eta lurretan hedatzen ari da. «Egunero iristen dira dozenaka pertsona ospitaletara agrotoxikoek intoxikatuta».

Bruno Rodriguezek 19 urte ditu eta Argentinako Gazteak Klimaren Alde taldea sortu zuen. «Latinoamerikako herri batetik nator. Gure historia bost mendeko lapurreta baten historia da. Guretzat, justizia ekologikoa giza eskubideei, justizia sozialari eta nazio subiranotasunari lotuta dago».

Greta Thunberg dute eredu gazteotako askok, baina suediarrak berak ere izan du bidea ireki dionik. Severn Cullis-Suzuki kanadarrak, adibidez, Rioko gailurrean hitz egin zuen 1992an, helduei aldaketak exijitzeko. 12 urte zituen. Bera ez zen ikono bihurtu, baina lurraren aldeko borrokan jarraitu du tinko. Gazteotako batzuk COP25 gailurrean izango dira abenduan Txilen, Gretaren eta “beste Greten” hitzak entzun eta ulertu diren egiaztatzeko.

 

Bizia arriskuan fokuetatik at natura defendatzeagatik

Komunikabideen arreta jasotzen ez duten beste ekintzaile gazte asko ere badaude munduan. Enpresa erraldoiek edo estatuek abian jarritako proiektuen aurkako borrokan bizia arriskuan jartzen dutenak. Tamalez, askok galtzen dute bizia. Global Witness erakundearen arabera, lurra edo ingurugiroa defendatzeagatik astero hiru pertsona erailtzen dituzte munduan. Meatzaritzaren, agroindustriaren edo baso mozketen kontrako ekintzaileak izan ohi dira. Eta beste asko atxiloketa, mehatxu edo epaiketen bidez isilarazten dituzte.

Hondurasen, 2013an, Alan Garcia 17 urteko gazteak tiro bat jaso zuen bularrean bere komunitateko lurretan eraiki nahi zuten presa hidroelektriko baten kontrako protesta batean. Armadak egin zion tiro. Alan bizirik atera zen, baina Armadaren eraso basatian bere gurasoak hil zituzten.

Hiru urte geroago, Berta Caceres erail zuten Hondurasen bertan. Ekintzaile ezagunaren hilketak ingurumenaren aldeko mugimendu eta ekintzaileak hunkitu zituen. Feminista, indigenen aldeko kontseiluaren sortzailea, ibaien pribatizazioaren aurkako borrokalari nekaezina zen Goldman saria irabazi zuen hondurastarra. Hil arte egin zuen borroka Agua Zarcako presa proiektuaren kontra, meatzaritza eta zurgintzako proiektuen kontra... Gaur egun Berta eta Olivia Zuñiga alabek tinko jarraitzen dute borrokan, amaren eredua gogoan. Duela hiru urte, amaren heriotza inpunitatean ez geratzea exijitzen zuen Bertak GARAri emandako elkarrizketa batean. Aurten bertan GARAn kaleratutako beste elkarrizketa batean, Oliviak, amaren hilketagatik zenbait zigor izan diren arren, horiek egile intelektualengana ez direla iritsi salatu zuen.

Honduras da, hain zuzen, munduko herri arriskutsuenetarikoa ingurumenaren alde borrokatu eta lurra bereganatzen duten enpresei aurre egiteko. 2010etik 120 pertsona baino gehiago hil dituzte. Pertsona arruntak, presen, meategien edo baso mozketen aurkako ekintzaileak. Eta erailketok zigorgabe geratzen dira.

Mundu osoan gutxienez 164 pertsona hil zituzten ingurumenaren alde egiteagatik 2018an, Global Witnessen arabera. Baina, erakundeak berak azaltzen duenez, baliteke kopuru askoz handiagoa izatea, kasu asko ez direlako ezagutzen edo oso gutxi ikertzen direlako. Filipinetan izan ziren iaz erailketa gehien: 30. Jarraian datoz Kolonbia (24), India (23) eta Brasil (20). Baina kopuru ilun hori gehien igo zen herria Guatemala da, 2017an baino bost aldiz hilketa gehiagorekin (17).

Meatzaritzako egitasmoen aurka egiteagatik hil zituzten ekintzaile gehien (43). Biktimen kopurua gehien igo zen borroka, berriz, uraren defentsarekin lotutakoa izan zen. Hiltzaileak, berriz, enpresek kontratutako segurtasun pribatuko langileak, estatuaren mendeko indarretako kideak edo ordaindutako hiltzaileak izaten dira. Sarri guztiak elkarrekin aritzen dira.

Global Witnessek salatu duenez, gobernuek legeak eta epaitegiak erabiltzen dituzte ekintzaile eta komunitateak kriminalizatzeko: lege bereziak, “terrorismoaren aurkako” legeak, protestak debekatzen dituztenak... sortzen dituzte. Modu horretan, ekintzaileen aurkako jazarpena “legal” bihurtzen dute.

Global Witnessek komunikabideen fokuetatik kanpo bizia arriskuan jartzen duten zenbait ekintzaileren izenak plazaratu nahi izan ditu:

-Renee Pamplona: Filipinetako Mindanao uhartean taboli herriaren alde borrokan ari da. Bere lurraldean ezarri nahi duten kafe ustiategi baten kontra egiteagatik Armadak sarraskia eragin zuen taboli indigenen artean.

–Isela Gonzalez: Mexikon baso mozketen aurkako protestetan parte hartzen du, Gobernuaren babesik gabe. Borroka horretan egindako lanagatik Isidro Baldenegrok Goldman saria irabazi zuen 2015ean. Bi urte geroago tiroka hil zuten.

–Maria do Socorro Silva eta Ramon Bedoya: Brasil eta Kolonbian lurra defendatzen ari dira hurrenez hurren, palma olioa bezalako ekoizpenak ezartzeko lurrak bereganatu nahi dituztenei aurre eginez.

–Fatima Badu: Indiako Tamil Nadu estatuan kobre lantegi baten kontra aritu zen. Lantegia ixtea lortu zuen.

–Samuel Loware: Ugandako basozaina.