Xabier Izaga Gonzalez
SEXU-LANGILEAK MINTZO

«Sexu-lana. Kriminalizazioa edo aitortza?» jardunaldiak Gasteizen

LAB sindikatuak eta Ipar Hegoa Fundazioak antolatuta, «Sexu-lana. Kriminalizazioa edo aitortza?» izenburuko jardunaldiak izango dira datorren ostegunean Gasteizko Aldabe gizarte etxean. «Sexu-langileak dira beren bizitzen protagonistak, horregatik beraien ahotsa entzutea ezinbestekoa da». Hala azaldu dio GAUR8ri Eli Etxeberria LABeko idazkaritza feministaren arduradunak.

Sexu-langileen egoerak, aldarrikapenak eta nahiak ezagutarazteko asmoz, “Sexu-lana. Kriminalizazioa edo aitortza?” izenburuko jardunaldiak antolatu dituzte LAB sindikatuak eta Ipar Hegoa fundazioak. Hilaren 24an, protagonistek berek aztertuko dituzte sexu-lana egiten den testuingurua eta errealitatea Gasteizko Aldabe gizarte etxean, 10:00etatik aurrera.

Bi mahai ingurutan banatuko dituzte hitzaldiak, eta publikoak parte hartzeko aukera izango du. Lehenengo mahai inguruan testuinguru orokorra izango dute aztergai, sexu-lanaren kriminalizazioari aitortza kontrajarrita. Bigarren mahai inguruan legedia eta sexu-langileen subjektu politiko izaera izango dute hizpide.

Jardunaldien helburua gaur egungo egoera ezagutu eta aztertzea da, sinplifikaziorik gabe, sexu-langileak subjetu politiko bezala aitortzeko. «Aitortzen ez baditugu, zeharka kriminalizatzen ari gara», dio Eli Etxeberria LABeko idazkaritza feministaren arduradunak, eta jardunaldion nondik norakoak azaldu dizkio GAUR8ri.

Euskal sindikatuaren IX. Biltzar Nagusia ekarri du gogora Etxeberriak, bertako erabaki nagusietako bat langile subjektua berrosatzeko konpromisoa izan baitzen. Biltzarrean kapitalak langile klasea zatitzeko erabiltzen dituen estrategiak aztertu eta lanaren ikuspegi integralari erreparatzeko beharra azpimarratu zuten. «Bazterretan edo ertzetan dauden langile horiengana hurbildu beharra ikusi genuen, zer egoeratan dauden, haien aldarrikapenak zein diren ondo jakiteko». Langile horietako mota asko identifikatu zituzten; esate baterako, etxeko langileak, rider edo janari-banatzaileak eta antzeko enpresetan lan egiten dutenak, baina baita lan klasikoetatik kanpokoak ere, hala nola pentsiodunak, nekazariak, autonomo faltsuak… Izan ere, langileriaren definizio zabalago, askotarikoago eta integratzaileagoa behar dela uste dute. «Hortxe kokatzen dugu sexu-langileenganako hurbilketa hau», dio LABeko kideak.

Lehen fase batean, entzute fasean, haien ahotsetik entzun nahi dute langile horiek zer egoeratan dauden, zein diren haien lan baldintzak, zer nahi duten. «Horren arabera, ikusiko genuke nola antolatu, zer-nolako aliantzak egin haiekin, behin harremanetan egonda, jakina». Beraz, lehendabiziko fase hau nolabaiteko diagnostikoa egiteko baliatu nahi dute; betiere langileok sexu-langile izendatuta, langile gisa aitortuta, alegia. «Aitortza hori egin dugu, baina ez guk esaten dugulako, beraiek esaten dutelako baizik». Gai korapilatsua dela dio Etxeberriak, eta horrexegatik ez dute errealitate hori sinplifikatu nahi, ondo ulertu baizik.

Sexu-lana eta trata

Prostituzioa eta trata bereizi beharreko errealitate bi dira. Eta trata mota guztiak ere ez dira berdinak, ez dago trata modu bakarra, sexu esplotaziorako edo lan esplotaziorako erabiltzen baitute. «Eredu kapitalista honetan guk ez dugu sexu-lanaz modu abstraktuan hitz egiten, orduan morala sartzen baita tartean, eta denetariko iritziak entzungo baititugu. Guk jarrera politikoak bilatzen ditugu, eta sexu lana egiten den testuingurua aztertu behar dugula uste dugu. Hau nola eta zergatik gertatzen den testuinguru zehatz bati dagokio. Gaurko eredua sistema kapitalista heteropatriarkala da, eta hori kontuan izan gabe ezin dugu ulertu».

Hain errealitate konplexua izanda, hura aletu eta gero, puzzlearen piezak ikusita, argazki oso bat osatu nahi dute. Ekarri dituzten hizlariak errealitate horren askotariko alderdiak aztertu dituzte: trata non kokatzen den, kriminalizazioarekin eta migratzaileen kontrolarekin lotuta. «Hedabideetan eta batez ere sare sozialetan dagoen eztabaida horretan bi eredu besterik ez daudela ematen du: arautzearen aldekoa eta abolizionista», azaldu du Etxeberriak; «baina hori ez da horrela, eredu gehiago daude: debekatzailea, abolizionismoa, erregularizazioaren aldekoa, despenalizazioaren aldekoa, eskubideen aldekoa… Errealitatea ez da ez zuria ez beltza, tartean badago continuum bat non egoera eta baldintza desberdinak dauden. Guk argi daukagu trataren aurka gaudela, jakina, edozein trata motaren aurka, bai sexu esplotazioa helburu duen pertsonen trata bai lan esplotazioa helburu duena. Atzerritarren Legea dago tartean, nabarmena da egoera administratibo irregularrean daudenak askoz zaurgarriagoak direla, eta horren aurrean ezin ditugu begiak itxi».

Subjektu politikoak

Lehenengo hitzaldia, beraz, trataren testuinguru orokorraren gainekoa izango da, kriminalizazioari eta migratzaileen kontrolari dagokienez, sexu-lanetik bereizita. Clarisa Velocci Genera Kolektiboko kideak egingo du lehen hitzaldia. Eli Etxeberriak dioenez, kolektibo horretakoek ondo dakite errealitate bi horiek bereizten, urteak baitaramatzate gai hori aztertzen, besteak beste Europako klub handienetan ematen diren egoerak.

Bigarren hitzaldian, Maria Barcons Antigona ikerketa taldeko kideak gaur egungo jendarte patriarkal kapitalista globalizatuan sexu lana eta eskubideen aitortza ulertzeko argibideak emango ditu. Izan ere, jendarte mota horretan jardun horrek ondorio asko ditu, sexu lanarekin zer gertatzen den ulertzeko jakin beharrekoak. «Aipatutako eredu eta jarrerak askotariko lege eredutan gertatzen dira, eta lege eredu bakoitzak ondorio desberdinak ditu: Suedian gertatzen dena Alemanian gertatzen denaren desberdina da, eta jendarte edo herrialde batean zein eredu nagusitzen den, halako ondorioak izango dira», nabarmendu du Etxeberriak. «Eskuarki gertatzen da biktima bezala aitortzen direla baina ez subjektu politiko bezala».

Langile horien estigmatizazioa kontuan izanda, bigarren mahai inguruan, Paula Sanchez Hetaira kolektiboko kide ohi eta Sevillako Prostituten Kolektiboko eta Afemtras Sexu-langileen Elkarte Feministako kolaboratzaileak “Egiturazko estigma eta eskubide urratuak” hitzaldia eskainiko du. Estigmari buruzko ikerketa eta tesia ere egin zuen Sanchezek. «Horretaz hitz egitean, gaur egungo eztabaidetan oso maiz aipatzen da lan duina», diok Etxeberriak. «Lan duina denentzat, baina argi izan beharra dago pertsonak direla duinak, ez lana, eta, hain zuzen, duina ez dena sistema kapitalista dela, esplotazioan oinarritzen baita. Beraz, duintasun eza hortxe dago eta ez langileengan, edozein motatako langileengan».

Paula Ezkerrak, azkenik, sexu-langileak sindikatzeko beharraren gainean hitz egingo du. IAC Intersindical Alternativa de Catalunya konfederazioko ordezkari sindikala da. Borroka prozesua antolatzeko bidean, sexu-langileak ahaldundu egiten direla dio, eta langile klaseko parte gisa aitortu beharraz ere ariko da.

Etxeberriak azpimarratu duenez, hizlariak adituak dira, «jardunaldi hauetan adituak eta arituak izango ditugu. Gu entzute fasean daude, haiei dagokie hitz egitea, sexu-langileen gainean esaten dena beraien ahotik entzun beharra dago. Izan ere, normalean, haien ahotsa isilarazi egiten da».