Aimar Etxeberria Korta
BAZTERRA EDO AUKERA

Hizkuntza gutxituak eta hedabideak aro digitalean, mehatxutik aukerara

Eskoziako hiriburuan izan dute hitzordua hamaika hizkuntza gutxitu eta 30etik gora adituk, Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak elkarlanean antolatutako nazioarteko konferentzian. XXI. mendeko komunikazio sistema globalaren testuinguruan, mehatxuak eta aukerak izan dituzte aztergai.

Akaniera, bosniera, Eskoziako gaelikoa, eskoziera, euskara, frisiera, irlandera, jorubera, kornubiera, kroaziera, kymruera, nederlandera, sardiniera, serbiera eta zuluera. Guztiak hizkuntza, guztiak gutxitu, XXI. mendeko mehatxu modernoen gatibu. Guztiak entzun ziren iragan astean Eskoziako hiriburuko unibertsitatean, Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak elkarrekin antolatu nazioarteko konferentzian.

Orotara, 30etik gora aditu, hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan solasean. Eztabaida akademiko eta profesionalak nonahi, unibertsitate ezberdinetako ikertzaileen eta hizkuntza horiek lanabes dituzten komunikabideetako profesionalen artean elkarlana bultzatu asmoz. Komunikazio eta kultura politikak; hedabideen ekonomia eta eremu digitala; telebistak eta Interneteko bideo plataforma berriak; audientzia, genero eta eduki azterketa; lurraldetasuna, hizkuntza eta nortasuna; eta hedabideak eta genero ikuspegia. Horiek eta beste hamaika landutako gaien artean.

Parte hartzaileen artean ziren, besteak beste, Elin Haf-Jones Galesko Trinity Saint David Unibertsitateko irakaslea, Rob Dunbar Edinburgoko Unibertsitateko zelta hizkuntzetako katedraduna eta Margaret Mary Murray BBC Albako zuzendaria. Nor bere eremuan aditu, hizkuntza gutxituek aro digitalaren testuinguruan dituzten erronken inguruan jardun zuten.

XXI. mendeko komunikazio sistema globalak inposatu paradigma aldaketa izan zuen hizpide Haf-Jonesek. Paradigma aldatu izanagatik, baina, hizkuntza gutxituekin lan egiten duten hedabideen misioaz galdegin zuen honek. Aldatu da? Aldatu behar du? Salatu zuenez, Galesen apenas duten konpetentziarik hizkuntzari bultzada emateko, anbizioa, baina, ez zaie falta; nazio mailan ezarri duten milioi bat galestar hiztun izatearen aldeko apustuaren berri eman zuen.

Kalitatezko edukiak

Eskoziako BBC Albak sorreratik gaur egunera arte izan duen bilakaera eta hedapena aldarrikatu zituen, berriz, Mary Murrayk. Urte luzez gaelikoa modaz kanpoko hizkuntzatzat hartua izatearen zama gainditu beharraz aritu zen, eta erronken artean eduki propioak sortzearen beharra aldarrikatu zuen, gaelikoz noski. Bada, baina, gaelikozko kateak egin eta errentagarri suertatu zaion apustu bat: emakumeen kirola, eskoziako ingeles hiztunak gaelikora gerturatzen dituen fenomenoa. Ororen gainetik, baina, adierazi zuen kalitatezko edukiak eskaintzea dela arrakastarako formula seguruena.

Legegintzaz eta ikerketaz aritu zen, bestalde, Rob Dunbar. Hizkuntza gutxituak egituratzen dituen legislazio eskoziarraren zaharkitzea salatu zuen, berau aro digitalaren aurrekoa dela azpimarratuz. Legegintza arloaz gain, eremu akademikoa ikusten du ahul Edinburgoko Unibertsitateko irakasleak Eskozian. Inbertsio falta nabari du eremu horretan, jakintzagaian aurrera-urratsak egitea oztopatuz. Harri guztiak kanpora jaurti ordez, baina, bi galdera jaurti zituen airera, gogoeta bultzatu nahian. «Aski erakargarriak al gara? Aski gaitasun al dugu?». «If there is a mission, and ambition...».

Alan Esslemont

 

«Irlanderaren pronostikoa Eskoziako gaelikoarena baino osasuntsuagoa da»

Sortzez eskoziarra, adopzioz irlandarra. Hizkuntza gutxituekin konprometituta, nola irlanderarekin hala Eskoziako gaelikoarekin. TG4 irlanderazko telebistako eta BBC Alba kateetako sustatzailea, inbidiaz begiratzen dio euskarazko hedabideek bizi duten egoerari.

Noiz eta nola sartu zinen hizkuntza gutxituen komunikabideen munduan?

Eskoziarra naiz sortzez, baina ez dut gaelikoa ama-hizkuntza. Sky uhartera lanera joan eta bertan ikasi nuen. Handik, lan eskaintza bat medio, Irlanda mendebaldera mugitu nintzen, eta bertan izan nuen lehen harremana telebistarekin. 1988az geroztik nabil lanean telebistan; Irlandako sektore independentean hasieran, TG4 irlanderazko telebista katean ondoren. 2007an, ordea, Eskoziara itzuli nintzen, BBC Alba martxan jartzen laguntzera. 2016 arte aritu nintzen jardun horretan; orduan, Irlandara itzuli eta TG4 telebista kateko zuzendari nagusi izendatu ninduten, eta gaur arte.

Zein da TG4 katearen xede nagusia?

Entretenitzeko eta informatzeko gaude batez ere, edozein telebista kate bezala. Horrez gain, baina, badaukagu eginbehar bat irlandar hizkuntza sustatzeari dagokionez. Modu bikoitzean lantzen dugu sustapen hori. Batetik, egunerokoa irlanderaz egitearen beldur diren horiek ahalduntzen saiatzen gara. Bada 200.000 pertsona inguruk osatutako komunitate bat egunerokoan irlanderaz jarduten duena, txikia Irlandak dituen ia bost milioi biztanleekin alderatuta. Horregatik da garrantzitsua irlanderaz mintzo den komunitate txiki hori ahalduntzen jarraitzea. Bestetik, ate bat zabaldu nahi diegu irlanderara irlandar nazioa osatzen duten gainerako pertsonei. Estatistikek diotenez, 1,8 milioi pertsona jo daitezke irlandar hiztun pasibotzat. Hauek, orokorrean, ingeles elebakar batek izan dezakeen jarrera bera dute gurekiko; irlandar hiztun pasiboa izateak ez du esan nahi gugana gerturatzeko aukera gehiago dituenik. Eduki konkretu batzuk kontsumitzera gerturatzen dira gugana; izan daitezke kirol eta musika emanaldiak, edota dokumental bat –ingelesez azpititulatuta eskaintzen ditugu–. Hauek gugana gerturatzea oso garrantzitsua da irlandar hizkuntzaren garapenarentzat.

Nola egokitu da TG4 gero eta globalizatuagoa den mundu batera, non ingelesa den hizkuntza nagusia?

Ingelesa da irlandar Estatuko hizkuntza nagusia, baina baita hedabide globalizatuen artean ere. Horrek asko zailtzen du irlanderaren garapena. Ingelesez mintzo den irlandar Estatu independente bat daukagu, eta jendeak galdetzen du zein den irlanderaz hitz egitearen balio erantsia. “Irlandarra izan naiteke irlanderaz hitz egin gabe”, da gehiengoak pentsatzen duena. Horri aurre egiteko modu bakarra irlanderaren aldeko errekurtsoak eraikitzen jarraitzea da. Ildo horretan, irlanderaz jarduten duten 18-35 urte bitarteko herritarren publikoari begirako espazio berri bat estreinatu berri dugu. Baina onartu behar dugu Irlanda elebiduna izango dela, ingelesak bertan iraungo du eta. Gure eginbeharra da jendeak elebiduna izatea gauza positiboa dela pentsa dezan arrazoi nahikoa sortzea.

Eta bizi garen aro digitalari dagokionez, arrakastatsua izan al da zuen egokitzapena?

Ikusle kuotari erreparatuta, Errepublika mailan zazpigarren telebista ikusiena izatetik seigarrena izatera igaro gara berriki. Beraz, termino kuantitatiboetan lehiakorrak garela esan dezakegu. Telebista britainiar handi guztiak ditugu Irlandan, eta BBC2 edota Channel4 bezalako kateen gainetik gaude. Ildo horretan gauzak ondo doazela esan daiteke, beraz. Aro digitalari dagokionez, ahalik eta eremu gehienetan lankidetza zubiak eraikitzea da gure estrategia. Esate baterako, lankidetza etengabean gaude RTÉ Irlandako irrati-telebista kate publikoarekin. Helburua argia da: gero eta jende gehiago dago pantaila bati begira, bada horiek irlanderaz dauden edukiekin bete nahi ditugu. Ditugun indarrak ez dira nahikoak helburu hori gure kabuz betetzeko, horretarako bultzatzen ditugu lankidetzak; irlanderazko edukiak ahalik eta gehien zabaltzeko.

Ekoizten al duzue eduki propiorik?

Edukiak sortzeaz baino, hauek emateaz arduratzen gara. 80 enplegatu dituen telebista bat gara, eta gure lana estrategiak diseinatu eta garatzea da. Eskaintzen dugun ia eduki guztia mandatuz jasoa da; herrialde osoko ekoizle independenteei erosten dizkiegu edukiak. Jarduteko modu honek abantaila ugari ditu guretzat. Aipatu ekoizle independenteek, gainera, guretzat lan egiteaz gain nazioarteko mailan ere egiten dute. Alde guztiek irabazten dute, beraz, formula horrekin. Hasi ginenean, esaterako, guganako beharrizan handiegia zuten horietako batzuek, baina erabat independenteak dira egun.

Osoki Eskoziako gaelikoz den BBC Alba katearen sortze prozesuan ere lagundu zenuen. Zein antzekotasun ikusten dituzu irlanderaren eta gaelikoaren artean? Eta nola ikusten duzu euren etorkizuna?

Antzekotasun handiak daude bi kasuen artean, baina baita ezberdintasunak ere. Nola Irlandan hala Eskozian ingelesa da hizkuntza nagusia, populazioaren zati handienak hitz egiten duena; ez da gehiago existitzen irlandar edo eskoziar elebakarra den pertsonarik. Badira Irlanda eta Eskoziako mendebaldeko komunitateen arteko antzekotasunak ere. Eta BBC Alba sortu genuenean, TG4 katearen eratze prozesuan ezarri genuen helburu bera jarraitu genuen: gaelikoa eguneroko hizkuntza duten horien beldurrak uxatu eta aipatu komunitatea ahalduntzea.

Egoera, baina, ezberdina da bi herrialdeotan. Gaelikoari dagokionez, orain gutxi arte apenas zuen aitorturik inolako eskubiderik, eta hezkuntza sisteman ere apenas du espaziorik. Horregatik, esan daiteke eskoziar hizkuntza irlandera baino posizio arriskutsuagoan dagoela. Izan ere, Estatuaren aldetik hizkuntzak jaso duen babesa handiagoa izan da Irlandan, nahiz eta askotan hitzetatik ekintzetara igarotzea kostatu, batez ere inbertsioei dagokienez. Azken hogei urteotan, baina, aldaketa handia nabaritu dut zentzu horretan; hazkunde handia bizi izan dute irlanderazko hedabideek, eta urrats handiak eman dira hezkuntzan. Ildo horretan, nahiz eta bi hizkuntzen artean antzekotasunak eman, babes publiko handiagoa jaso du irlanderak. Horregatik diot irlanderaren pronostikoa Eskoziako gaelikoarena baino osasuntsuagoa dela uneotan; gaelikoak zailtasun pila bat ditu aurretik.

Zein da TG4 kateak irlanderari egin dion ekarpen nagusia?

Uste dut telebistak, gainerako hedabideekin alderatuta, baduela balio erantsi bat komunitatearen eraikuntzan. Hizkuntza bat mainstream [nagusi] bilakatzeko gaitasuna dauka telebistak, estatus bat ematen diolako honi. Hori da hain zuzen guk egiten duguna: irlandera normalizatu eta, aldi berean, estatus bat eman. Egiten dugun horrek hizkuntza salbatzeko balioko ote duen, gure jardunarekin baino, gehiago dauka zerikusia komunitatearen indarrarekin. Herritarrak ahalduntzea da gure eginbeharra, baina pertsonala da azken erabakia; norberak erabakitzen du ingelesez edo irlanderaz hitz egin. Erabaki hori telebistaren kontrol mugetatik at dago.

Hainbat euskal hedabideren esperientziak ezagutzeko parada izan duzu egunotan. Nola ikusten duzu euskal komunikabideen eta euskararen egoera?

Uste dut euskal hedabideak oso garatuak daudela. Hedabideon gainean egiten den ikerketa akademikoa ere, Irlanda edo Eskoziako egoerekin alderatuta, egoera hobean aurkitzen da. Badira nazio-estatu izan nahi duten herrialdeentzat bandera eramaileak diren hizkuntza gutxitu batzuk, eta horietako bat da euskara. Zentzu batean, nazio-estatu ez izateak lagundu egin diezaioke hizkuntzari, beste arrazoi bat gehiago izan daitekeelako hizkuntza bat ikasteko orduan. Irlandaren kasuan, gutxiago egin da irlanderaren alde Estatuaren fundazioaz geroztik, ikusi baita honek funtzionatu dezakeela, oso irlandarra izanik gainera, ingelesez. Konferentzia honetan entzundakoak entzunda, liluratuta geratu naiz euskaren alde egiten ari zareten guztiagatik. Uste dut asko daukagula ikasteko; gertutik jarraituko zaituztet.