Maite Ubiria Beaumont

Ozeaniako herrien arteko aliantza berria Kanakyn

Autodeterminazio eskubidearen auzia gori-gori dago Katalunian. Bartzelonako karriketan soilik ez, Herrialde Katalanetako bide eta plazetan ere askatasunaren aldeko askotariko olatuak altxatu dira azkenaldian. Batzuetan Mediterraneoa biziki harro azaldu da, eta itsas kolpe bortitzak jo du, esaterako, estatu biolentziaren mapan hitz larriz idatzitako Laietana etorbidean espainiar Poliziak duen oroimen latzeko komisariaren inguruan. Beste batzuetan, gozoago jauzi da, desobedientzia zibilaren ikonografi pluralaren baitan pasarte hunkigarriak marraztuz harean.

Itsasoa inoiz ez da berdina, baina, bere joan-etorri guztiekin, erreferente saihestezina da. Itsaso guztiek dituzte ur korronteak barnean, gehienetan ezkutuan, batzuetan agerian, erabateko urruntasunak gezurtatzen dituztenak. Azal ubeldurak eta zauri larriak, eta berriz min hau. Onena zein txarrena erakartzeko gai den sua borraren legeari aurre egin nahian, bide batez argiak eta zalantzak piztuz.

Ideien konfrontazioa eta erabakitzeko eskubidea demokraziaren garapen gisa ulertu ordez, ariketok sedizioaren zakuan sartu ditu Auzitegi Gorenak. Francoren deshobiratze formala eta estatu postfrankistaren homologazio demokratikoa lortze aldera 1978ko Konstituzioak aletu zituen oinarrizko eskubide politiko nagusiak hobiratzen dituen sententzia bata bestearen ondoren heldu dira. Erreboltarako arrazoiak biderkatu egin dira, horrela, Katalunian. Izan ere, azaleko erreakzioetatik haratago bidegurutze berriak sortzeko premia inoiz baino ageriago gelditu da, behinik behin Parlamentuari ezarritako mozala altxatzea xede.

Brexitaren auziak sorturiko itsas zakarraren testuinguruan, Edinburgoko Gobernuak olatu berria abiarazteko lehen keinua egin du. Berriz ere, Eskozia eta Kataluniako agendak, hatz puntekin bada ere, elkar ukitzen ari dira. Hori bai, espainiar Estatuak azken berrogei urteotan lurralde auziari herritarren borondatea kontuan izango duen alternatiba politikoa emateko gaitasun falta baldarkeria osoz agertu ondoren, marko geopolitiko berean kokatuta dauden bi herrialdeon arteko distantziak siderala ematen du, gaur-gaurkoz. Bihar, auskalo.

Anartean, Ozeano Baretik badator deiadar berria. Frantziar Errepublikaren baitan jarraitzeko asmoa gailendu zen Kaledonia Berrian (Kanaky) 2018an egin zuten erreferendumean. 1998ko Noumeako Akordioetan adostu zutenez, baina, Errepublikaren baitan jarraitzeko hautua nagusituz gero, beste bi erreferendum egitea beharrezkoa da erabakia irmo izan aurretik. Frantziaren baitan jarraitzearen alde direnek bozen %56,7 lortu ondoren, 2020eko udaran bigarren bozketa eginen dute.

Ur azpian, gira bueltaka, alternantziaren taula bistaz apar artean galtzeko beldur, Pedro Sanchez usaintzen ari da bi bozketa inoiz ez direla berdin. Azken bi urteek, eta bereziki azken egunek, Katalunian arrasto berriak utzi dituzten bezala, Kanakyko paisaian ere aldaketak gertatu dira lehenengo erreferenduma egin zutenetik. Iragan maiatzean eginiko lurralde hauteskundeen ondoren, independentziaren aldeko borrokalari bat, Roch Wamytan, bilakatu zen legebiltzarreko presidente. Sakoneko korronte baten lehen seinalea ere heldu zen orduan: Ozeaniako herritarrak –hots, jatorriz kanakak ez direnak– ordezkatzen duen alderdi txiki bat independentziaren aldeko eremuarekin lerrotu zen, itsaso berria zabalduz. •