> Twitter hari bat greba baten inguruan

Primera Iberdrola ligako futbolariek iragarri dutenez, datorren astean greba egingo dute, patronalak eta sindikatuek ez baitute emakumezkoen futboleko lehen lan hitzarmen kolektiboa sinatzeko akordiorik lortu. Oztoporik handiena kontratuen partzialtasuna da. Futbolariek lanaldiaren %100 aitortzeko eskatzen zuten, eta, amore eman ondoren, %75 aitortzeko eskatzen dute, baina, hala ere, Kluben Elkarteak erdia proposatzen jarraitzen du oraindik ere.

Futbolarien greba iragarpenak sare sozialetan sorrarazi zuen zalaparta dela-eta, @MenendezFaya Twitter erabiltzaileak modu argi eta txukunean azaldu zuen jokalariek eskatzen dutena, duela lau urte gizonezko jokalariek sinatu zuten futbol profesionaleko hitzarmen kolektiboarekin alderatuz.

Erabiltzaile horren azalpenek oihartzun handia izan zuten. Zortzi ordu eskasetan 6.500 birtxio izan zituen hariak, eta 10.000 “datsegit”.

Zalaparta beste erabiltzaile batek futbolarien borroka maiseatu zuenean hasi zen, langetara ere ez direla iristen, edo Hirugarren Mailako edozein gizonezko jokalarik mila buelta ematen dizkiela argudiatuta.

Andrea Menendez Fayak, hasteko, hitzarmen kolektiboa dokumentu ofiziala dela azaldu zuen, «hala langileak nola enpresaburuak jasotako arau guztiak aplikatu eta betetzera derrigortzen dituena».

> Xistera, kale borroka eta lubakietako pilotariak

El Confidencial hedabide digitalak «independentismo erradikalak» Bartzelonan ustez erabili duen «eskuliburu antisistema» delakoaren gaineko “erreportaje” bat argitaratu zuen joan den astelehenean. Egileak dioenez, Katalunian «zesta-punta eskularruak» erabili dituzte Poliziari harriak eta beste gauza batzuk jaurtitzeko, eta «eskularru horiek» Euskal Herriko kale borrokako profesionalek parte hartu izana erakuts lezakete.

Fikzioak errealitate arrastorik izan dezake, ordea, eta badira bi pilotari gerran beren trebetasuna erakutsi zutenak: Joseph Apesteguy Txikito de Kanbo, I. Mundu Gerran, eta Victor Ithurria, I. Mundu Gerran.

> Emakumezko gerrillari kurduen ikurra

Delil Souleiman argazkilariak YPJ emakumezko gerrillari kurduen ikurra zeraman soldadu estatubatuar baten irudia hartu zuen Tal Tamr Siriako hirian. Gerrillari kurdu horien YPJ unitatea Estatu Islamikoaren aurkako borrokan nabarmendu zen.

Kurduen aurkako turkiarren ofentsiba odoltsuak benetan irudi lazgarriak utzi ditu: hildakoak, bonbardaketak, iheslariak... Baina Donald Trumpek agindutako soldadu estatubatuarren atzera-egiteak irudi bitxi eta sinboliko hori ere utzi du.

Trumpen erabakiak AEBetan bertan sortu duen polemikaren metafora izan liteke irudia. Izan ere, ez dira gutxi lehen lerrotik bertatik jihadistei aurre egin zieten kurduak abandonatu izana egotzi dioten ahotsak. 

> Pirinioetako Emakumeen XIX. Topaketa, Ariben

Hemeretzigarrenez egingo dute gaur Pirinioetako Emakumeen Topaketa, oraingoan Aribeko Aezkoako Etxean, “Emakumeak, sarean harremanak sendotzen eneagramarekin” lelopean.

Pirinioetan bizi diren emakumeen «indarguneak ezagutu» eta horiek ahalik eta gehien garatzeko helburua dute antolatzaileek eta, horretarako, eneagrama erabiliko dute, «norbere burua ezaugarritu eta garatzeko baliagarria den zirkulu itxurako tresna bat». Horrela, bertako emakumeen «sare sendo eta iraunkorra» osatzen saiatuko dira larunbatean.

Egun osoko egitaraua osatu dute. Hala, gosaldu ostean, eneagramari buruzko hitzaldi batekin hasiko dute eguna jardunaldietan parte hartuko duten emakumeek. Eguerdian, aipatutako sare sendo eta iraunkorra osatzeko tailer praktikoari ekingo diote eta, egunari amaitzeko, bazkal ondotik, “Gerbera Luchadora” antzerkia taularatuko dute.

> 2002ko iraileko ur-tanketa jendetzaren aurka, Bilbon

Joan den astean Bartzelonan izan ziren Poliziaren oldarraldien inguruko albisteetako bat mossoek lehen aldiz ur-tanketa bat erabili izana izan zen. Zenbait hedabidek esan zuten Estatuan erabili den lehen aldia izan zela; hala ere, euskal memoria kolektiboan ongi finkatuta dago 2002ko irailaren 14 hartako arratsaldea.

Urarekin batera, gainera, begien narritadura eragiten zuen osagarriren bat jaurti zuen Ertzaintzak Autonomia kalean Batasuna legez kanpo ezarri izana salatzen ari zen jendetzaren aurka. Ez zen jakin zer sustantzia mota bota zuten urarekin nahastuta, ez baitzen izan gai haren gaineko azalpen ofizialik izan.