Maddi Txintxurreta Agirregabiria
BAZTERREK NAHASTUTA

Feminismo periferikoei begira jarri da mugimendu feminista, bere erroak erradikal mantentzeko

Martxoaren 8ko indar erakustalditik Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministek utzitako hausnarketa aldira, urte hau giltzarria izan da Euskal Herriko mugimendu feministarendako. Aurrera begirako pausoak zehazteaz gain, barrura begira ere jarri da, kolektiboan sortzen diren gatazkak pentsatzera.

Feminismoa zuritzea egotzi zitzaien instituzioek, telebistako tertuliakide anitzek eta oro har gizartearen gehiengoak greba feministaren bigarren garaipen bat ospatzen zuten bitartean, Euskal Herriko mugimendu feministak (EHMF) zeharka begiratu zien, bigarrenez, Euskal Herriko hiri eta herriak leporaino bete zituzten Martxoaren 8ko manifestazioei.

Jakina da manifestazio baten helburua ez dela ahalik eta jende gehien agertuko duen argazkia lortzea, argazki horrek nolabaiteko aldaketak hauspotzea baizik. Eta argazki horretara batu ziren patronalak, Iberdrola bezalako enpresak, EAEko eta Nafarroako gobernuak eta Ipar Euskal Herriko hainbat instituzio publiko, nahiz eta EHMFk, setatsu eta etengabe, aldarrikatu zuen mobilizazio antikapitalista eta heteropatriarkatuaren aurkakoa zela eta, noski, aldarrikapenok zuzenean irauli asmo dituzte aipatu erakundeen jardun patriarkal eta kapitalistak.

Masen feminismo horrek ospatzeko nahiz hausnartzeko motiboak eman dizkio Euskal Herriko feminismoari, edo hobeto esan, feminismoei. Ospatzeko, zifratan azaldu ezin daitekeen grebaren jarraipen masiboa; feminismoaren –kontzeptu gisa bederen– gizarteratzea, edo demostratzea, ikasleen bloketik hasi eta pentsiodunen kolektiboraino, gorputz ororen askapenerako balio duen teoria-praxi politikoa dela feminismoa. Ospatzeko, baita ere, mahai gainean jarri zirelako lortzetik urruti diren zenbait aldarrikapen, aipatzearren, zaintza publikoa edo politika nahiz lege diskriminatzaileen deuseztapena. Baina noren mahai gainean jarri dira aldarrikapen hauek guztiak?

Martxoaren 8ko oihuak edonon entzun baziren ere, ez dute oihartzunik izan instituzio sorgorretan. Eta, izatekotan, makillaje traza bakan batzuk izan dira, inondik inora feminismoak urte luzez galdegin duen sistemaren errotiko iraultzea.

Horregatik, martxoaren 9ko beroan ospatu zirenak, Durangoko V. Jardunaldi Feministetan hausnartu ziren arnasa luzean. Edukiz bete eta ezaugarritu egin behar baitziren M8ko borroka eta erresistentzia horiek.

Stop: Kapitalismoaren apropiazioa

Hilabete honetan bertan Emakunderen berdintasun saria jaso duen Conny Carranza feministak argi utzi zuen Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen itxiera ekitaldian: «Gure feminismoa ezin da garbitu, ez da salgarria. Gure praktikak errebeldeak dira, transgresoreak, gure iraultza feminista da eta izango da».

Hiru mila emakumetik gora elkartu zituzten Jardunaldi Feministek, ustez, agenda feminista kolektibo bat atondu eta aurrera begira zer pauso eman zehazteko. Zaila da egun horietan ateratako ondorioak aletzea, baina bazegoen gehienek konpartitzen zuten alerta mezu bat, Carranzak esandakoarekin lotuta: aipatu masen feminismoa ikusita, eta kapitalismoa saiatzen ari dela feminismoari probetxua ateratzen berau estandarizatzearen bidez, korronte politiko honek berezko duen erradikaltasuna galtzeko eta estigma izatetik moda izatera igarotzeko arriskua ikusten zuten.

Pause: Ertzetatik bultza

Kapitalismoaren gisako kanpo-faktoreei nola, mugimendu feministaren erroei begira ere jarri ziren Durangon. Eta ariketa horretan sortu ziren interpelazioak, deserosotasunak eta prozesu eraikitzaileak.

&dcThree;Askotarikoa da EHMF, eta hala izanagatik, indarkeria desberdinek gurutzatutako gorputzek bat egin zuten Durangoko Landako erakustazokan. Eta horrek gatazka sortu zuen. Hala, jardunaldien hiru egunetan egin ziren mahai-inguru eta eztabaidek demostratu zuten momentu giltzarri batean antolatu zirela jardunaldiok, zuzenean interpelatu baitzuen mugimenduaren berrikusteko beharra. Zentzu horretan, batez ere, mugimendu feministan arrazismoaren aurkako borroka txertatzeko urgentzia azpimarratu zuten.

Ertzetako gorputzek hitz egin zuten, feminismo periferikoek, emakume zisgenero-zuri-heterosexualen praktika hegemonikoez gogaituta. Migratuak, arrazializatuak, «bollerak», transexualak, aniztasun funtzionaldunak, mugimendu feministan ere bazterreko direla gaitzetsi zuten, baina feminismoaren indar eraldatzailea batez ere gorputz horiengan dagoela ikusi zen Durangon. «Zentrotik ateratzen diren gorputz hauek dira feminismoaren subjektu politikoak», baieztatu zuten Medeak talde transfeministakoek. Emakume izanagatik beraien burua zapaltzaileen bandoan sekula jarri ez zutenei pribilegioak onartu eta eraldatzeko galdegin zitzaien; batzuek onartu zuten, beste batzuek ez.

Pausa egin eta hausnartu, indartsuago ernaberrituta ekiteko.

Play: Agenda feminista kolektiboa

Sare, aliantza edo zubien bitartez, agenda feminista kolektiboa adostea zen Durangoko helburuetako bat, eta gatazkak gatazka, hausnarketarako prozesua behar izanagatik ere, eragiteko aukerak egon badirela nabarmendu zuten Durangon: «Zilegitasuna daukagu, indarra daukagula ikusten da, belaunaldi asko biltzen dituen mugimendua garelako eta azken urteetan gazte asko batu direlako mugimendura». Bestalde, eta Martxoaren 8an ikusi zen moduan, «komunitate bat gara, autoestimu iraultzailea daukagu, esperientzia eta erreferentzialtasuna lortu dugu eta mobilizatzeko gaitasuna daukagu».

Mugimendu feministaren erronka historiko eta garrantzitsuenetako batean ere sakondu zuten jardunaldietan, indarkeria matxistari aurre egiteko estrategiak. Durangon hiru bide nabarmendu zituzten: zigor-neurriak alboratuko dituen justizia feminista, autodefentsa feminista, eta biolentzia sinboliko edo «performatiboen» apropiazioa.

Hau guztia laburbiltzen duen leloa azaroaren 25ean, Indarkeria Sexistaren Aurkako Egunean kaleratu zuen EHMFak. «Dena esanda dago», eta bigarren partea, gaztelaniaz: «Dena egiteke dago». Ea nori dagokion orain «play» botoia sakatzea.