04/01/2020

Isidro Esnaola
Europar Batasunaren papera Jonhsonen garaipenean

Antza, Britainia Handia ahultzeko dena da zilegi Bruselako buruzagientzat. Beste ezerk baino gehiagok, jarrera horrek ematen du eraiki nahi duten Europaren neurria, baita EBko politikariena ere

Boris Jonhsonek erraz irabazi zituen Britainia Handiko bozak eta jada martxan jarri du Brexitaren prozesua. Garaipen horretaz hausnarketa asko egin dira, baina oro har analisiotan Europar Batasunak jokatutako paperak ez du arreta berezirik jaso. Eta EBk paper garrantzitsua bete du Jonhsonen garaipenean.

Britainia Handiko aurreko lehen ministroarekin, Teresa Mayrekin, akordio bat itxi zuen EBk Brexita gauzatzeko. Adostasun hark ez zuen Britania Handiko Parlamentuaren babesa jaso. Behin baino gehiagotan berretsi zuten erabakia diputatuek, hala ere, EBko goi karguek tinko mantendu zuten lortutako akordioa aldaezina zela. Lehen ministroak EBren aldetik jasotako tratua salatu zuen, esate baterako, Salzburgon 2018ko irailean egindako bileran. Beharbada, Mayk salatu zuen moduan, EBk kaos politikoa eragin nahi zuen bigarren erreferendum bat behartzeko. Oso jarrera demokratikoa, ezbairik gabe. Azkenean Mayk dimisioa aurkeztu behar izan zuen eta, bere ordez, Boris Jonhson aukeratu zuen alderdi kontserbadoreak gobernuburu. EBren burugogorkeriak amaitu zuen neurri handi batean Mayrekin.

Jonhsonen lehen mugimenduek argi erakutsi zuten modu batean ala bestean Brexita burutuko zuela. Testuinguru horretan, EBko zuzendaritzak aldaezina zena aste batetik bestera aldatu eta akordio berri bat itxi zuen Jonhsonekin. Batek daki zer eragin zuen jarrera aldaketa hori. Agian, nazioarteko testuinguru ekonomiko korapilatsua ikusita, Brexita luzatzeak ziurgabetasuna areagotzen zuela. Erabaki horrekin auzia ahalik eta azkarren amaitzeko hitza jan eta akordioa aldatu zuen EBk. Beharbada, akordiorik gabeko Brexitak eragin zezakeen kaosak beldurtu zituen EBko eliteak eta euren posizioa aldatu zuten. Edozein dela arrazoia, Britainia Handiko tory zentzudunenekin ez zuten Brexita gauzatu nahi izan eta nahiago izan dute muturreko tory-ekin egitea, harropuzkeria artean. Bide batez, horrela jokatuta, Jonhsonen aukerak hauspotu zituzten hauteskundeetan.

Kontuak kontu, oso bitxia da ere EBk Ipar Irlandako gatazkaren konponbidean izan zuen esku hartzea; adibidez, Peace programa berezia onartu zuen. Era berean, Mayrekin izan ez zuen begirune diplomatikoa, Eskoziako ordezkariekin izan du. Esate baterako, Brexitaren erreferendumaren ostean, Nicola Sturgeonekin bildu ziren bai Jean Claude Juncker garaiko Batzordeko burua bai Martin Schulz garaiko Parlamentuko burua. EBk ez du horrelako jarrerarik erakutsi independentziaren alde borrokan ari diren Europako beste herriekin; urruti joan gabe, ez Kataluniarekin ez Euskal Herriarekin. Ematen du EBk Britainia Handia tartean izan denean ez duela esku hartzeko arazo berezirik izan, bai ordea Europako beste potentziak tartean izatean. Antza, Britainia Handia ahultzeko dena da zilegi Bruselako buruentzat. Beste ezerk baino gehiagok, jarrera horrek ematen du eraiki nahi duten Europaren neurria, baita EBko politikariena ere.

Askotan, zentzu akritikoz, Europa eta Brusela parekatu egiten ditugu. Eta ez da horrela. Nahiz eta Europako epaileek Junquerasi arrazoia eman berri dioten, horrek ez du esan nahi Kataluniako gatazka bideratzeko inplikatuko denik EB. Beste lehentasun batzuk dituzte buruan EBko goi agintariek eta, Brexitak erakutsi moduan, soilik gauzak eskuetatik ihes egitean sartzen dira benetako negoziazio batean. •