Haritz Larrañaga
XAIA OSTATUAK EHUN URTE

Pausuko kokagune estrategikotik, Euskal Herriaren historiaren lekuko eta euskararen gordeleku

Urruñako Pausu auzoan kokatua, mugaren ertzetan pasatzen direnen lekukoa izan da Xaia ostatua. Azken bi urteotan «etorkinak ehizatzen» ari diren poliziak ditu begien aurrean, baina bestelakoak ere ikusi izan ditu garaian garai. Xaiak ehun urte bete ditu euskarari eta euskal kulturari aterpea ematen. Urteurrena merezi bezala ospatuko dute.

Xaia ostatuak 100 urte betetzen ditu eta urteurren borobila ospatzeko urte guztirako egitarau oparoa antolatu du euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen Bakalau elkarteak. Xaiaren historia, Pausuri lotua den heinean, «frantsesek kontatzen ez duten historia» zabaldu nahi dute «euskal perspektiba batetik abiatuta». Horregatik, urteurren egitarauari hitzaldi batekin emango diote irekiera ofiziala.

Pausu, bere kokagune estrategikoagatik, Euskal Herriko historiaren lekuko zuzena izan da. Karlistaldiak, 1936ko gerra, Francoren diktadura, euskal errefuxiatuen iritsiera Iparraldera... Garai bakoitzeko ezaugarri nagusiek isla izan dute Bidasoa ibaiaren ertzean bertan den Urruñako ostatu zaharrean.

«Orain etorkinak ehizatzen ibiltzen diren CRS poliziak etortzen dira komunera joan daitezkeen galdezka. Duela bi urtetik hor daude egun osoan, auzokoak ere aspertuak dira, eta nik ezetz esaten diet. Baldin eta kafe bat edo zerbait kontsumitzen badute, orduan ezin diet deus esan», azaldu du Beñat Elizondok, Bakalau elkarteko kide beteranoak.

Xaiako komunak ere badu nortasun propioa, izan ere, komuna sagardo upel handi bat da, egurrezkoa, egiazkoa, gainontzeko sagardo upelak bezalakoa. Hain zuzen ere, sagardotegi izaera horrek ongi irudikatzen du Xaia biziarazteko 2.000 urtean sortu zuten Bakalau elkartea.

Xerar Urrutia urruñarra ere Bakalau elkarteko kide da hastapenetatik bertatik, eta elkartearen izena nondik datorren argitu du: «Sagardotegiko menua eskaintzen da hemen, bakailaoa oso presente da, adibidez. Pentsa, urtean 10.000 arrautza erabiltzen ditugu bakalao tortillak egiteko, beraz, hortik atera zen elkartearen izena».

Auzolanean jaso zuten Xaia ostatua. 2.000 urtean Pablo Ugartek ostatua utzi zuenean, 120 lagun inguru bildu ziren ostatua biziarazteko. Bakoitzak ahal zuen moduan lagundu zuen, batzuek dirua jarri zuten, besteek haien esku lana eskaini zuten, eta, horrela, guztien artean, hogei urtez etenik izan ez duen proiektua martxan jarri zuten. Sasoi berean, abertzaleek ostatuak bereganatu zituzten Ipar Euskal Herriko hainbat herritan, baina haietako asko egun desagertuak dira.

Pausuko eraikin zaharrenetako bat da Xaia, 200 urte inguru ditu-eta. 1872. urtean Legarralde jaunak kontserba lantegi bat ireki zuen bertan eta urte luzez arrain kontserben biltegi izan zen, hortik datorkio hain zuzen ere Xaia izena. «Ezin hobeto datorkio izena, zeren Xaia zerbait bada, elkargune bat da, biltoki bat jendea elkartzeko, bilerak egiteko eta abar», hausnartu du Joseba Aurkenerenak, Pausuren eta Xaiaren historia biltzen parte hartu duen Urruñako bizilagunak.

Historiaren lekuko zuzen

Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko bidegurutzean da Urruñako udalerriaren parte den Pausu auzoa, «Euskal Herriko iparraldean, baina Iparraldeko hegoaldean», zehaztu du Elizondok. Ibaia muga natural bat da, eta, Pausu Bidasoaren iparraldean aurkitzen denez, batik bat Lapurdiko historiari lotua da, baina bere kokaleku estrategikoak berezko historia bat ere eskaini dio auzoari.

Behobia eta Pausu lotzen dituen zubia 1960an eraiki zuten, baina aurrez ere bazegoen zubia, justu Xaia ostatuaren parean. Horregatik, 1920an Hiribarren anai-arrebek Xaia ireki zutenean, taberna txikia izanagatik ere, laster hartu zuen indarra.

Egun oraindik, itsasbeheran ikus daitezke zubi zaharraren aztarnak. Egurrezkoa zen hasiera batean, baina Karlistaldien garaian suntsitu egin zuten eta ondoren harrizkoa eraiki. Zubi haren irudi ezagunenak 1936an gerratik ihesi zubia zeharkatzen zuten herritarrenak dira. Argazki batzuetan, iheslariak idiekin agertzen dira muga pasatzen.

Gerraren ostean, kontrabandistak eta mugalariak biltzen ziren Xaian, eta, sarri, baita aduanazainak ere. Atseden hartzeko lekua izateaz gain, tratuak egiteko erreferentziazko lekua ere bazen, izan ere, kontrabandistek eta aduanazainek musera jokatzen zuten elkarrekin, eta, horrela, tratu asko egiten zituzten.

Franko hil ostean, kontrabandisten lekua errefuxiatuek hartu zuten. Izan ere, familiek haien ahaidea ikusteko hautatzen zuten tokia bilakatu zen, eta egun oraindik, ohiturei jarraituz, erreferentziazko bilgune izaten jarraitzen du.

Euskara ardatz

Xaia ireki eta gutxira, giroa sortu eta jendea erakartzeko egiten hasi ziren lehen ekimena asteazkenetako kantaldia izan zen. Hasiera batean, hogei bat lagun ziren kanta zaharrak abesteko biltzen zirenak, eta, hamasei urte geroago, 120 lagun ere biltzen dira. «Euskaraz ez dakien jendeak ere parte hartzen du. Euskal kantak ikasten dituzte, eta, hala, euskara ikasten ari direnak ere bertaratzen dira. Ekimen integratzailea da», Elizondoren iritziz. Kantaldia abiatu zutenerako kantu zaharren liburuxka argitaratua zuten jada, eta, ostean, aldizka ale berriak atera dituzte. Guztira 11 edizio argitaratu dituzte kantu zaharrekin, eta, Euskal Herri osoan banatzen dituztenez, azken aldian 80.000 ale argitaratu zituzten. Lehen edizioa ateratzean Renon (AEB) izan ziren abesten eta ordutik bidaia mordoa egin dituzte. Dozena bat lagunek egiten dute bidaia, eta, jada, Kalifornia, Alemania, Bretaina eta beste hainbat lekutan izan direla kontatu du Elizondok.

Kantua eta musika eskutik doaz, eta Euskal Herri osoko jendea biltzen duen txaranga berezia ere badute. Eskusoinua, panderoa, gitarra eta beste zenbait instrumentu batzen dituzte. «Guztira 80 musikari desberdinek hartzen dute parte txarangan, baina batzuk urtean bi bider agertzen dira soilik. Nik San Tomas egunean 60. ateraldia egin nuen», nabarmendu du irriz, Elizondok, txarangako eskusoinu jotzaileak.&hTab;

Horrez gain, ekitaldi eta kontzertu ugari antolatzen dituzte urtean zehar, eta Euskal Herri mailako lehiaketetan ere parte hartzen dute, mus txapelketetan kasu. Baina badira bi ekimen urtero gogo biziz antolatzen dituztenak. Lehena, “Bidasoan euskaraz”, maiatzean egiten dute, eta, bigarrena, ostera, uztailean, Pausuko bestak antolatzen baitituzte.

Arrakasta handia duen beste ekimena, Segurako Elorri elkartearekin batera antolatzen duten Iparra-Hegoa jarduna da. Aurten 25 urte beteko dituzte Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza, arazoak eta ohiturak partekatzen.

 

Urte berezia hasi eta buka, abeslari zuberotarren doinuen eskutik

Zuberoako Xiberoots-Mixu Gogoan musika taldearen emanaldiarekin hasiko dute Xaia ostatuan urtea, eta amaitu ere, abeslari zuberotar batekin egingo dute, 2020ko abenduaren 4an Niko Etxart abeslariak kontzertua eskainiko baitu. Urtean zehar antolatzen dituzten ohiko ekimen, kantaldi, kontzertu eta txapelketetatik harago, Xaiaren 100. urteurrena ospatzeko egitarau oparoa antolatu dute eta musikari ezagunak pasako dira oholtzatik. Adibidez, otsailaren 15ean, ihauteriak ospatzeko, kontzertuak eskaintzeari utzitako Skunk eta Txakun taldeak berriz elkartuko dira emanaldi berezia eskaintzeko.

Xaia ostatutik, hori bai, garrantzia berezia eman nahi diote urteurren ospakizunei irekiera ofiziala emango dion mintzaldiari. Urtarrilak 10ean Pausuren eta Xaiaren historia azalduko dute diaporama saio baten bitartez. Irudiak eta hitzak erabiliz ahalik eta modu egokienean saiatuko dira jendeari mezua helarazten. Itzulpen zerbitzua ere izango da euskara ongi menderatzen ez dutenentzat, ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoa baitute.

Joseba Aurkenerenaren ustez, «oso garrantzitsua da historia azaltzea, ahantzia baita». Xerar Urrutia ere antzeko mintzo da: «Guk gure historia daukagu, zeren frantsesek beti kontatzen dute haiena, haien perspektibatik kontatzen dute historia ofiziala, eta hori da eskolan irakatsi zigutena. Guk, aldiz, kontatzen ez dena kontatzen dugu».