11/01/2020

Reportaje
EUSKARA LAN MUNDURA
Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana onartu du Lakuak

Lakuako Gobernuak joan den abendu amaieran onartu zuen estrategikotzat jotzen duen lan munduan euskara sustatzeko plana, 2023 arteko hainbat helmuga zehaztu dituena. Euskal sindikatu nagusiek, ordea, hutsune ugari sumatu dituzte plan horretan; besteak beste, langileen hizkuntza eskubideak ez dira inon agertzen.

Xabier Izaga Gonzalez
0111_plana1ona

Urte amaieran Lakuako Gobernuak Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023 onartu du. Arlo publikoan zein pribatuan, euskara lan munduan sustatzeko lehen plana da. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Gobernu Kontseiluan plana aurkeztu zuenean, esan zuen azken hamarkadetan euskarak hainbat esparru irabazi dituela baina beste batzuetan oraindik ere pausoak behar direla.

Ukaezina da euskarak Euskal Herrian oro har jendarte esparruak irabazi dituela azken hamarkadetan, edo gutxienez haietan presentzia izatea lortu duela, neurri handiagoan edo txikiagoan. Izan ere, zatiketa administratiboak errealitate desberdinak eragin ditu, azken lau hamarraldietan lekuan lekuko legediari lotutako errealitateak, alegia. Legedia ez da normalizazio bidean garrantzizko faktore bakarra Euskal jendartean euskarak izan duen bilakaeran; izan ere, euskal lurralde guztietan herritarren borondatea eta haien parte handi baten lana erabakigarriak izan dira. Onartu beharra dago, ordea, euskara legez arautzeko aukera dagoenetik, legedia eta euskara sustatzeko politikak ere sostengu sendoa izan direla, zenbat eta asmo handiagokoak, orduan eta eraginkorragoak. Bistan da politika eraginkorrenak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin direla.

Joan den mendearen lehen erdiaren amaieran behea jo ondoren, are desagertzetik hurbil egotetik ere, diktadura betean hasi zen euskararen suspertze prozesua, herri ekimenetik bultzatuta. Ondoren, Hego Euskal Herriko autonomietan euskara legeak onartu eta hainbat plangintza abiatu izan dira, zenbait arlotan. Plan horiek guztiak onuragarriak dira, jakina, baina nahiko al dira? Bistan da batzuk motz geratu direla ustezko helburuei dagokienez, legedian jasotako helburuei dagokienez, hain zuzen. Eta, uste izatekoa denez, helburu horiek jendartearen nahien eta beharren araberakoak dira.

Lan munduaren txanda

Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana lau urte pasako lanaren ondorio da. 2015ean hasi ziren horretaz hitz egiten herri ekimeneko euskalgintzako erakundeak eta instituzioak. 2018an parte hartze prozesu bat abiatu zuten eta «eremu honetan euskara sustatzeko gako nagusiak jaso eta garatu ziren». Horietan oinarrituta, zenbait eragilerekin kontrastatzeko fasea zabaldu zuten. Besteak beste, aldundiak, hezkuntza arloko eragileak, enpresarien elkarteak, finantza entitateak eta sindikatuen proposamenak entzun ditu Lakuako Gobernuak, diagnostikoa egin eta planaren helburuak finkatzeko.

Planaren aurkezpenean, lan mundua arlo estrategikoa dela esan zuen Zupiriak, eta bertan bide luzea dagoela egiteko, baina hari heltzeko baldintza egokiak daudela: «Une honetan lehen gertatzen ez ziren baldintzak ditugu. Lan mundura heltzen ari diren belaunaldi berriek inoiz baino gaitasun handiagoa daukate beren zereginak euskaraz egiteko. Baina bidea erraztu behar zaie, eta lehen aldiz Plan zehatz bat daukagu horretarako».

Helburu nagusiak

Lakuak onartu berri duen planak zenbait «helmuga» zehaztu ditu 2023rako, helburu nagusien betetze maila neurtuko dutenak. Lau helburu nagusi dira: euskararen ezagutza, haren erabilera, hizkuntza eskubideak, eta entitateen eta kontsumitzaileen aktibazioa.

Hizkuntzaren ezagutzari lotuta, helburu hauek aurreikusi ditu planak: Lanbide Heziketan eta unibertsitateetan euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua handitzea, baita enpresetako goi karguetako euskaldun kopurua ere. Kasu guztietan kopurua %20 emendatzeko xedea dago. Hartarako, parte hartu behar duten eragileak, tresnak eta beste azaltzen dira.

Erabilerari dagozkion helburuak berriz, honakoak dira: kontsumitzaileen eta hiriguneetako zerbitzu enpresetan lan egiten dutenen artean erabilera %5 igotzea, eta, eskualde industrialetako langileen euskararen erabilera, %10.

Kontsumitzaileen eskubideei dagokienez, xedea kontsumitzaileen dekretuaren betetze maila handitzea da, hura betetzen duten enpresen kopurua %20 emendatuz.

Entitateen eta kontsumitzaileen aktibazioari lotutako helburuak honakoak dira: kontsumitzaileek zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskarien kopurua %5 handitzea, hartara enpresek euskararen sustapenari garrantzi handiagoa eman diezaioten, eta entitateek euskara erabiltzeagatik lortzen dituzten ziurtagiriak eta bestelako aitorpenak ere bost puntu igotzea.

Planak zenbait helburu estrategiko ere aurreikusi ditu xede nagusiak lortze aldera, hala nola hizkuntza paisaian eta ingurune digitalean eragitea, euskara zerbitzu hizkuntza bilakatzea, langileen euskara gaitasuna hobetzea, gizartearen aktibazioa lortzea, enpresetan euskararentzat arnasgune gehiago sortzeko aukerak zabaltzea eta akordioak lortzea.

Eremu estrategikoak

Planak, halaber, euskara lan munduan sustatzeko estrategikotzat jotzen dituen bi eskualde multzo zehaztu ditu. Alde batetik, EAEko hiru hiriburuen eskualdeak eta Behe Bidasoa, eta, beste alde batetik, Bizkaiko Durangaldea eta Gipuzkoako Deba eta Oria ibaien arroak. Lehen eskualde multzoan zerbitzuen sektoreak pisu handiagoa du, eta euskaldunen kopurua %20 eta %50 artekoa da; bigarrenean, berriz, industriak pisu handia du, enpleguaren %15 bilduta dago eta euskaldunen kopurua %50etik gorakoa da.

Hauxe da, gaingiroki, abiatzear dagoen plana. Batzuek egokia ikusten bide dute, beste batzuek ez duela balio helburuak betetzeko uste dute eta ez da falta izango inposizioa eta are eskubide urraketa ere ikusten duenik. Duela ia lau hamarkada onartu zen EAEko Euskararen Legea, baina hark dioena betetzeko neurriak hartzen direnean batzuek inposiziotzat jotzen dituzte. Paradoxikoki, legearen izenean eskubide politiko eta zibilak murriztea ontzat jotzen dutenek. Euskararen Legea ez betetzea, ordea, ez zaie ardura. Besteak beste, hezkuntza ereduen sistemaren hutsuneak nabarmenak dira aspalditik, baina, legea betetzeko neurriak aipatzen direnean, eskubide urraketak ikusten dituzte horiek.

Euskara lan munduan sustatzeko planak indarguneak eta ahulguneak aipatzen ditu, eta lehen indargunea legedia alde izatea da, hain zuzen. Indarguneak ondo baliatzen dira, ala presioei men egiten zaie neurri batean? Euskal sindikatu nagusiek hala uste dute. Diotenez, adibidez, akordioak eta inposiziorik ez izatea behin eta berriro nabarmentzea, hau da, plana gauzatzea borondatearen esku uztea, «erdararen egoera hegemonikoari eutsi nahi dutenen beto eskubidea onartzea da».

Langileen parte hartzerik ez

LAB sindikatuak prentsa ohar batean esan zuenez, beste eragile askok bezala kontrastatzeko fasean parte hartu bazuen ere, Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plana ez dela nahikoa uste du. «Sindikatuak kontraste fasean eragileak izan badira ere, plan estrategikoan ezabatu egin dira eragileen multzotik».

Amaia Aurrekoetxea sindikatu horretako euskara arduradunak GAUR8ri esan dio plana «hankamotz» ikusten dutela. «Ez dugu esan nahi bide bat abiatu ez dela, baina hutsune nabarmenak ditu». Plana egin aurretiko parte hartze prozesuan, eragile bakoitzak bere proposamenak egin zituen bi bileratan, planak nondik nora joan beharko zuen azalduz. Baina, LABek dioenez, bilera haietatik bi urte igarota, «han hitz egin zen terminoetatik eta aipatu ziren hainbat kontutatik aurkeztu dutenera sekulako aldea dago. Besteak beste, guk han esan genuen langileek ere eragileak, subjektu aktibo izan behar dutela, bestela eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plan batek ez duela zentzurik, euskaldundu behar bada, langileak ere euskaldundu behar baitira, eta langileen hizkuntza eskubideak bermatu behar baitira». Horretarako, neurri batzuk proposatu zituen sindikatuak eta, dioenez, planaren aurkezpenean ez dira agertzen.

LABen ustez, ez da patronalarekin bakarrik hitz egin behar, ezta bakarrik enpresa zuzendariekin edo kontsumitzaile elkarteekin ere. «Plan hori abian jartzeak langileengan eragina izango du; beraz, langileei ere parte hartzeko esan beharko zaie», dio Aurrekoetxeak. «Guri iruditzen zaigu plana kontsumitzaile dekretua betetzera bideratuta dagoela, eta horretarako neurri batzuk jasotzen ditu, batez ere dendei begira. Baina zerbitzu enpresak beste hainbat ere badira: jantokiak, anbulantziak, etxez etxeko laguntzak… Eurek zerbitzu enpresatzat ulertzen dutena eta guk ulertzen duguna ez da gauza bera. Eta hor beste lan bat egin behar da, planean aipatzen ez dena».

Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean dauden hutsuneak aipatzen ditu planak, baina ez da helburu argirik eta zehatzik proposatzen, Aurrekoetxeak dioenez. «Matrikulazio kopuruari begiratuko diote adierazle moduan, eta guk uste dugu aldatu behar dena eskaintza dela. Ez zaio matrikulazioari begiratu behar, eskaintza handitu behar da, jendeak euskaraz ikas dezan».

Lan mundura salto egin aurretik landu beharreko hainbat kontu daudela dio Aurrekoetxeak: hezkuntza ereduak amaitu, murgiltze eredua abian jarri, lanbide heziketa… Izan ere, lan mundura sartzen direnak euskaldunak izango direla bermatzeko funtsezko arloak dira.

Proiektu zehatzik eza

ELA sindikatuak dioenez ere, planak ez ditu bere ekarpenak aintzat hartu eta sindikatuak eta enpresa elkarteak ez dira eragile moduan agertzen. «Horrek argi erakusten du ez dagoela asmorik negoziazio kolektiboaren bitartez euskara planak egon daitezen». Pello Igeregi sindikatuko euskara arduradunak dio helburuak zehaztuta agertzen badira ere, ez dagoela proiektu zehatzik, «ez dago urratsik, ezta baliabide ekonomikorik ere. Ez da argitzen nola iritsiko den helburu horietara. Enpresetako euskara planak bultzatu eta langileek euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeari dagokienez, ez da inongo neurririk aurreikusten».

Plana garatzeko testuinguru egokiaren beharra ere sumatzen du ELAk. «Horretarako egungo ezagutza mailak ezin dira modu naturalean aldatuko diren elementu gisa hartu, ezagutzak inpultso politikoz aldatu daitekeen elementu bat izan behar du. Horregatik, euskararen ikasketen doakotasuna ziurtatu beharko litzateke 2020. urterako. Doakotasun horrek barnebildu beharko lituzke euskara ikasketen matrikulazioaren kostua eta euskara ikasi ahal izateko denbora».

ELAk nabarmendu dituen beste hutsune batzuk administrazioek azpikontratatzen dituzten enpresetan bermatu beharreko hizkuntza eskubideei eta hezkuntzarekin lotutako neurriei dagozkie. Sindikatu horrek proposatutakoaren arabera, «hezkuntza publiko zein itunduan finantziazio guztia soilik murgiltze eredura bideratuko da trantsizio epe baten ondoren. Lanbide heziketan plan honek irauten duen epean bermatu egingo da ikasketa guztiak D ereduan egin ahal izango direla eta, aurretik aipatutako trantsizio epe horren ondoren, murgiltze eredura bideratuko da finantziazio publiko guztia».

Esan bezala, batzuen ustez asmo handiko plana da, bestetzuen ustez, berriz, urria, eta, zenbaiten ustez, soberan dago. Edonola ere, planak berak sarreran dioen moduan, «orain arte egindako urrats estrategiko guztiek hurrengo urratsa eskatzen dute, egindako guztia ezerezean geratzeko arriskua uxatuko bada».

Lau helburu nagusi finkatu ditu planak: euskararen ezagutza, haren erabilera, hizkuntza eskubideak, eta entitateen eta kontsumitzaileen aktibazioa

Sindikatu nagusien ustez, enpresetako euskara planak bultzatzeari eta langileek euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeari dagokienez, ez da inongo neurririk aurreikusten