18/01/2020

Reportaje
TXINA
Herritarren protestek gatazka armatuek adina nahastu dituzte hongkongtarrak

Hong Kong hiriko heldu ugarik, bertan azken hilabeteotan egin diren mobilizazioen eta segurtasun indarrek emandako egurraren eraginez, trauma osteko estresa sufritu dutela eman du jakitera «The Lancet» aldizkari zientifikoak. Politikaren inguruko berriak jasotzeko sare sozialetara joz gero, depresioa errazago iristen da.

Jose Angel Oria
Honggente

Zazpi milioi biztanle dituen Hong Kong hiriko helduen heren batek azken bolada honetan trauma osteko estresa sufritu duela eman du jakitera “The Lancet” aldizkari zientifikoak argitaratu berri duen ikerketa batek. Estres hori Pekingo agintarien erabakien aurka egin diren manifestazioek eta horien kontrako errepresioak eragindakoa da. Hongkongtarren protestaldia oso serioa dela ematen du aditzera datuak. Eta Txinako Gobernuak ez duela ezer konponduko ezikusiarena eginda.

Datu batzuk oso argigarriak dira. Esaterako, herritar helduen %10 inguruk depresio sintomak aurkeztu ditu, hau da, gatazka armatuetan edo atentatu ikaragarri baten ondoren erregistratzen diren ehunekoaren tankerakoa. Hong Kongeko Unibertsitateko ikerlariek azken hamar urteotan egin duten lanaren emaitza da orain aurkeztu duten txostena.

Iazko ekainean hasi ziren herritar gehienak nahastuta dituzten protestaldiak. Agintariek lege proiektu bat aurkeztu zuten herritarrak kontinentera estraditatzeko asmoarekin, baina manifestariek ezetz esan zioten Carrie Lam gobernadoreari, Pekinek kolonia ohiaren buruan ipinitako emakumeari alegia. Lege proiektua erretiratu egin zuten, baina beranduegi, ordurako Hong Kongeko kaleek anbizio handiagoko helburuak zituzten-eta: sufragio unibertsala ere exijitzen dute manifestariek, Pekingo agintariek aditu nahi ez duten eskaria.

Beste herriekin bat

Hong Kongeko manifestariek eutsi egin diote protestari egurra jasota ere. Gainera, sekulako trebezia erakutsi dute munduan egiten diren beste protestekin bat egiteko, Kataluniakoekin esaterako, eta mobilizazio ikusgarriak, ezkutatu ezin diren horietakoak, antolatzeko: aireportuaren okupazioa, esaterako.

Agintariek 6.000 lagun atxilotu dituzte hilabeteotan. Mila manifestariri delituak egotzi dizkiete. Gobernuaren aldeko manifestariek (horiek ere beren burua kalera atera beharrean sentitu dute) hitz gogorrak erabili dituzte auzitegien aurka, liskarrak saihesteko nahikoa egin ez dutelakoan.

Hong Kongeko Unibertsitateko ikerlariek egin dituzten kalkuluen arabera, iazko ekainean hasitako krisiak 2014ko Aterkien Iraultzak baino askoz ere zauri gehiago utzi ditu. Oraingo prebalentzia (gaixotasun jakin bat dutenen populazio osoarekiko portzentajea) ordukoa baino sei aldiz handiagoa da. Txostenaren egileek nabarmendu dute 2014ko protestaldietan ez zela indarkeriarik izan manifestazioetan.

Lan horren arabera, 2015eko martxoan helduen %5ek zeuzkaten trauma osteko estresaren sintomak, eta 2019ko irailetik aurrera kopuru hori %32raino iritsi da. Depresio sintomei dagokienez, gaur egun herritar helduen %11k dituzte, Aterkien Iraultzaren garaian kopuru hori %2ra baino iritsi ez zenean. 2017an, helduen %6,5ek, 2015ean baino gehiago eta gaur egun baino gutxiago.

Sare sozialen eragina ere neurtu dute ikerlariek. Politikaren inguruko berriak jasotzeko sare horietara joz gero, depresioa edo trauma osteko estresa jasateko aukerek gora egiten dute.

18.000 elkarrizketa

«Arazo psikologikoen gorakadari aurre egiteko nahikoa baliabiderik ez dugu Hong Kongen», adierazi du Gabriel Leung irakasle, Hong Kongeko Unibertsitateko fakultateko dekano eta ikerketa egin duen taldeko zuzendarikideak.

Ikerlariek milaka elkarrizketa egin dituzte 2009az geroztik. Giza mugimenduek herritarren osasun mentalean duten eraginari buruzko inoiz egin den lanik handiena da, egileen arabera: 18.000 pertsonarekin hitz egin zuten. Hala ere, ikerketak ez ditu kontuan hartu adingabeak, 18 urte bete gabe dituztenak, eta, adituen arabera, populazioaren sektore horrentzat protesten ondorioak beste inorentzat baino arriskutsuagoak dira.

«Mundu osoan gora egiten ari da aztoratuta dabiltzan gizarteen kopurua. Bartzelona, New Delhi, Paris eta Santiago bezalako hiri handietan, arazo sozialek populazioaren osasun mentalean duten eragina osasun publikoaren oinarrizko kontua da gaur egungo egoeran», nabarmendu du Michael Ni Hong Kongeko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak.

 

Krisiaren dimentsioak ikusita, neurri bereziak iragarri dituzte epaileek

Geoffrey Ma Tao Li Hong Kongeko Auzitegi Goreneko presidenteak aste honetan iragarri du «indar operatibo berezi» bat sortuko dutela protestek gero eta atxilotu eta inputatu gehiago eragiten dituztela ikusita.

Hiriko justizia administrazioak ez du bere lana bete, Pekinen aldeko herritar batek baino gehiagok salatu dutenez. «Bigunegiak» izatea leporatu zaie epaileei. «Garrantzia dauka askatasunak bere mugak dituela ulertzea. Esaterako, ezin da besteen askatasuna kaltetu. Norberaren askatasunaz gozatzeko eskubidea ezin da erabili besteen jabetzak kaltetzeko edo indarkeria sortzeko», adierazi zuen erretiratzera doan epaileak. 2010ean hartu zuen presidente kargua eta Ma bertan izanik jazo dira Hong Kongeko mobilizaziorik ikusgarrienak.

Manifestarien ustez, Pekinek gero eta gehiago esku hartzen du hego-ekialdeko hirian eta jarrera horrek eragin du herritarren haserrea. Txinako Gobernuak, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko gobernuei egotzi die egungo egoera kritikoa bultzatzea.

Kenneth Roth estatubatuarra da Human Rights Watch (HRW) giza eskubideen aldeko erakundeko zuzendaria. Aste honetan Kong Kongera joatekoa zen, aurtengo txostena aurkeztera, baina hiriko agintariek ez zioten bertara sartzen utzi ere egin. «Hong Kongera iristea debekatzeak oso garbi uzten du zein den arazoa», adierazi zien kazetariei Rothek. Edonola ere, HRWko buruak onartzen du berari gertatutakoa ezin dela alderatu txinatar ekintzaileek pasa behar izaten dutenarekin: espetxea, torturak eta desagerrarazteak.

Rothek pasatakoa beste batzuek ere pasa behar izan dute. Hong Kongeko egungo agintariek ez dituzte beren jarduerak salatzen dituzten pertsonak onartu nahi. Gutxiago, Pekinen ahuleziak agerian utziko dituzten lekukoak. Erresuma Batuko kolonia ohian izandako protestak dokumentatu zituen AEBetako argazkilari bati urtarrilean itxi zizkioten ateak, herrialde bereko Dan Garrett irakasleari irailean, eta, AEBetan erbesteratuta bizi den Tiananmengo protestaldietan buru izandako Feng Congderi, ekainean.

Rothek uste du Txinako Gobernuaren jarrerak beste estatuen esku hartzea exijitzen duela momentu honetan. «Egoerarekin kezkatuta dauden gobernuek jarrera tinko bat hartu beharko lukete», esan du. Erantsi du giza eskubideen aldeko lana egiten duten taldeei oztopoak jartzea ez litzaiokeela onartu behar Pekini eta zerbait egin beharko luketela gainerako potentziek, «beranduegi izan baino lehen».

Geng Shuang Txinako Atzerri Ministerioko eledunak herrialdera sartzeko baimena ematea beraiei dagokiela gogorarazi du: «Ekintza eta froga askok erakusten dute gobernuz kanpoko erakunde horrek Txinaren aurkako erradikalei laguntza eman diela eta muturreko indarkeria kriminalari arnasa eman diola».

«Separatistekin» bat egitea ere leporatu dio eledunak HRWko kideari: «Hong Kongeko gaur egungo kaosaren erantzule garbia da. Erakunde hauek zigortu egin behar dira, prezioa ordaindu beharra daukate».

Hong Kongeko manifestariek sekulako trebezia erakutsi dute munduan zehar egiten diren beste protestekin bat egiteko, urrian Kataluniakoekin egin zuten moduan

Sare sozialen eragina neurtu dute. Politikaren inguruko berriak jasotzeko sare horietara joz gero, depresioa edo trauma osteko estresa jasateko aukerek gora egiten dute