Antton Izagirre

Leiho bat

Eboluzioaren teoria aintzat hartuta asko eztabaidatu izan da gizakiaren sorreraz eta garapenaz. Besteak beste, joandako mendearen erdi aldera Raymond Dart ikerlariak «tximino hiltzailearen hipotesia» argitara eman zuen, argudiatuz hezurrak eta harriak arma gisa animalien eta espezie bereko beste gizakien aurka indarkeriaz erabiltzeko gure arbasoek garatutako gaitasunean oinarritzen zela gizaki izatearen funtsa. Ikerlari askok arbuiatu zuten arrazoi ezkorra inolaz ere, baina ez zen harritzekoa XX. mende horretan ematen ari ziren gerrak, gatazkak, arma nuklearren arriskuak tarteko, gizakiaren jatorrizko indarkeriaren hipotesi hark jarraitzaile eta sustatzaile ugari erakarri izana.

Gaur egun bertan Ameriketako Estatu Batuek, Iranek, Errusiak, Txinak eta munduko potentzia nagusiek baliatzen dituzten gerra hotsak eta mehatxuak ikusita, ez genuke argudio handirik beharko giza espezie modernoaren funtsa ere teoria harekin lotzeko. Hezurren eta harrien tokian irismen luzeko armak dituzte eskura. Batzuetan aurkarien armadako buruzagia hiltzeko erabiliko dute eta haren hiletetan hamarnaka herritar zanpatuta hilko dira, besteetan zibilez beteriko hegazkina eraunsteko baliatuko dute. Bihar, bake hitzarmenaz hitz egingo digute; etzi, beste arrazoi batzuk erabiliko dituzte gizartea indarrez menderatzen jarraitzeko.

Gerturago etorrita, Espainiako Kongresuko eztabaida saioetan eskuindarrek erakutsitako hizkera eta esku-dantza ikusita, inor gutxik jar dezake zalantzan eskuetan hezurrak eta harriak izan balituzte egin zezaketen erabilera.

Hala ere, etxera begira jarrita, urte luzez gure artean bizi izan dugun gatazka politiko eta armatuari akabera justua emate aldera, larunbatean, presoen giza eskubideen aldeko Bilboko manifestaldian jendarteak erakutsitako aldartea eta borondatea ikusita, leiho bat zabaldu genion esperantzari Axun eta Rosaren ahotsean. •