Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Amaren pisua

Festa publiko bat egitea onartu dute Parlamentuan eta urtarrilaren 31n Londresko Parlamentuko plazan bilduko dira Brexitaren jarraitzaileak berrogeita zazpi urteko garaiaren amaiera ospatzeko. Historian gertatu den dibortzio politiko esanguratsuenetako bat izateko bidean dagoen gertaera horren atarian gaudela, eta ukatzen ari ginena «benetan» gertatzeko zortzi egun baino gelditzen ez direnean, inoiz baino albiste gutxiago dago entzungai telebistan. Konspirazioetan sinesten duten haiek esango dute diseinuz gertatu dela. Itzalean gelditu da bat-batean Brexit, ipuinetakoa ez bezalako printzesa baten istorioak itzalean utzi du. Erresuma Batuko monarkia dantzan jarri du Harry eta Meghan Markle Sussexeko duke-dukesen erabakiak, egiteko ofizialetatik atera eta Kanadara alde egin dutenean.

Ironikoki beste banaketa bat hemengo egunkarientzat eta bitartean espazio pixka bat Boris Johnsonentzat. Distrakzio bat, arnasa hartu eta bere garaipena oraindik lasaiago berretsi dezan. Zergatik ateratzen zaizkie batzuei gauzak beti beraiek nahi duten moduan? Leloek zortea aldeko duten hori akaso.

Prentsa sentsazionalista eta monarkikoen istorio aspergarri eta baliogabeen ondoan, amaren heriotzaren eraginak dukearen bizitza zenbat markatu zuen gaitzat hartuta egindako analisi psikologiko interesgarri bat edo beste irakurri dut. Ez da nire intentzioa interesatzen ez zaidan gai bati buruz lerroak biltzea, baina amaren gabezia horren gaiari heltzeko aprobetxatuko dut. Izan ere, “Ama” izenburuko liburua izan da urte honetako nire lehenengo irakurketa. Jose Ignacio Carnerok, Portugaleten jaiotako idazleak, gaztelaniaz idatzitako nobela autobiografikoa da, bere amaren galera kudeatu ahal izateko terapia bezala definitua kritiko batzuen hitzetan.

Bere ama hil aurreko hilabeteetan eta batez ere ostean egiten duen gerturatze emozionala biltzen du liburuak. Ibilbide heuristiko garden baten kontaketa da, hoztasun eta zuzentasun handiz idatzia, onestegia askotan, amarekin eta amarentzat egin ez zituen gauzak behin eta berriz argitara ekartzen. Aitormen lotsagabe horiek baliteke batzuetan sinesgarritasuna zalantzan jartzea, batez ere bere burua hainbeste apaltzen duenean, askotan muturrekoak diruditen auto salaketa eta kulpa erasoak bere buruari inposatzen dizkionean. Benetan hori al zen sentitu zuena? Damua gailentzen den konfesio binario horretan, noizbehinka alde grisago bat faltan bota dut; baina, narrazioak loratzen dituen sentsazioengatik egin nahi nuen aipamen bat. Esan behar, baita ere, bizipen pertsonalen kontaketaz gain, langile klaseko emakumeen aldarrikapena eta 80ko hamarkadan Bizkaira etorri ziren Espainiako immigranteen perspektiba interesgarriak ere biltzen direla.

Mundu honetatik azkarregi joateaz ari zen Carnero eta beste ustekabeko heriotza baten albiste tristea jasotzean horretaz aritu nintzen aurreko astean. Azkarregi zen, hainbeste zeukatenean bizitzari eskaintzeko. Horrelako bat gertuan tokatzen zaigunean bakarrik ohartzen gara azkarregi horren garrantziaz. Baina, ohartu eta gure bizitza azkarrekin jarraitzen dugu. Ez dakit Carnerok egiten duen ariketak zenbateraino balioko zion, baina pausatzearen balioa gutxietsita dagoela ziur nago. •