joseangel.oria@gaur8.info
EGIPTO

Beste iraultza bat hasi nahi dute 2011ko protesten bederatzigarren urteurrenean

2011ko urtarrilaren 25ean hasi ziren egiptoarrak Hosni Mubaraken aurkako lehen protestak egiten, Tunisiako eta beste herrialde batzuetako manifestariek erakutsitako bideari jarraituz. Bederatzi urte igaro direnean, egoera erabat ustelduta dago eta oposizioko indarrek ezinbestekotzat jotzen dute beste iraultza bat.

Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidente kolpista inolako arazorik gabe biltzen da munduko beste agintariekin, berak agintea lortzeko erabili zuen teknika zilegi izango balitz bezala. Hedabide nagusiek ez dute salatzeko moduko gauzarik ikusten Al-Sisiren erreinuan, nahiz eta herritarrak orain bederatzi urte bezain gaizki, edo okerrago, dauden. Orduan Hosni Mubarak garaiko presidentearen agintaldiari amaiera ematea lortu zuten manifestariek, eta hauteskunde garbiak egin ziren, behingoz. Baina egiptoarren erabakia, agintea Anaia Musulmanei ematea alegia, ez zen boteretsuenen gustuko izan eta giroa pozoitu egin zuten, estatu kolpe bati ateak zabaltzeko. Horrela iritsi zen Abdel Fatah al-Sisi presidente kargura, askatasunik gabeko hauteskundeen bitartez egoera zertxobait zuritu ondoren.

«Etengabeko salbuespen-egoera» bizi du Egiptok azken urteotan, orain hilabete batzuk giza eskubideen aldeko ekintzaileek salatu zutenez, eta egunotan inoiz baino garbiago ikusiko da Al-Sisiren lurraldean agintearen aurkako edozein adierazpen oso garesti ordaintzen dela.

Asko Al-Sisiren aurka

«Asko gara Al-Sisiren aurka gaudenak», esan dio Efe berri agentziari Mohamed Ali enpresari eta aktoreak. «Faraoi» deitzen dioten egiptoar honi berri agentziak leporatzen dio Egiptoko presidentea egoera larrian jarri izana. Presidentearen ustelkeria salatzeko bideoak egin zituen bere garaian, egiptoarrei kalera protesta egitera irteteko eskatuz. Urrian plazaratu zuen azken lana, bere burua arrisku bizian ikusten zuela adierazteko.

Orain, beste erbesteratu batzuekin bat eginda, «Egipto salbatzeko» mobilizazio erraldoiak egiteko eskatzen du, orain bederatzi urte izan zen giro iraultzailea berreskuratu nahian. Herbehereetako Hagatik egin du deialdia, hau da, nazioarteko justiziak duen egoitza nagusitik.

Hiri horretan elkartu direnek “Egiptoko ituna” sinatu dute, Al-Sisiren Gobernua hankaz gora botatzea helburu duen dokumentua. Lehen puntuan gaurko manifestazioak deitzen dituzte.

«Iraultzaren atarian gaude»

«Telenobelaren azken kapitulura iritsi gara. Iraultzaren atarian gaude. Trantsizio programa sinatuta dago, oposizioa mobilizatuta eta bat eginda, eta azken puntua baino ez zaigu falta: Egiptoko herriak berriz kaleak hartzea. Orain herritarrek dute azken hitza. Guk ahal dugun guztia egin dugu», esan dio Egiptotik kanpo bizi den Ali enpresariak Imane Rachidi kazetariari.

Mohamed Alik esaten duena betetzea zaila dirudi, ordea, erregimen militarrak kalean jarri dituen segurtasun-indarrak ikusita. Tahrir plazaren inguruetan, esaterako, ehunka agente ezkutatu gabe daude, guztiek ikus ditzaten. Herritar askok jakinarazi dute Poliziak arrazoirik gabe geldiarazten dituela, eta telefono mugikorrean duten materiala begiratzen dutela agenteek. Egipton debekatuta daude manifestazio eta protesta guztiak eta, norbait ausartuz gero, arazorik gabe emango zaio egurra. Epaileek bukatuko dute lana.

Aurrekariak topatzeko ez da urrutira joan behar. Orain lau hilabete, irailean, Al-Sisiren erregimenaren aurkako manifestazioak antolatu ziren Kairo hiriburuan eta beste hiri batzuetan: 4.000 pertsona atxilotu zituzten, giza eskubideen aldeko elkarteen arabera.

Iraultza egin nahi duen enpresariak 41 urte ditu eta, hedabideek diotenez, ikaragarri aberatsa da. Hilabeteotan «iraultza nola egin pentsatzen eta hausnartzen» aritu dela dio. Egungo «diktadura» «demokrazia parlamentario» bihurtu nahi du eta horretarako anbizio handiko programa dute esku artean: «Jendeak botoa Al-Sisi erortzean zer gertatuko den jakinda eman behar du».

Egungo oposizioarekin hitz egin dute, baita Mohamed Mursi presidente islamistaren jarraitzaileekin ere, Anaia Musulmanekin alegia. Al-Sisik berak zuzendu zuen Mursi presidente kargutik kendu zuen estatu kolpea. Gero kartzelan sartu zuten eta oso baldintza negargarrietan, gainera. Iazko ekainean hil zen presidente ohia. Nazio Batuen Erakundeko adituek azaroan esan zuten Mursiren heriotza «erailketa bidegabe» bat izan zela. Bizi-baldintzak bereziki txarrak izan ziren Torako espetxean eduki zuten bost urteetan. Diabetesa eta hipertentsioa zituen presoak, era egokian tratatu ezean hilgarriak izaten diren gaixotasunak. Agintariei behin baino gehiagotan jakinarazi zieten presidente ohia gaizki zegoela, baina ez zuen tratamendurik jaso.

Mursi presidente islamistarekin zer gertatu den ikusita, Agnes Callamard NBEko kontalariak zuzendutako aditu taldeak gomendatu zuen Egipton 2012az geroztik hil diren presoen inguruko ikerketa inpartzialak egiteko.

Aginteak nahi duen atentatua

Egiptoko Gobernua munduko beste exekutibo askok egiten duten moduan erantzuten ari da. Gaur manifestari gehiegi bildu ez daitezen, adierazi du islamistek «atentatuak» egiteko asmoa zutela eta segurtasun indarrek arriskua saihestea lortu dutela. Hasm izeneko talde armatua litzateke erasoak egin behar zituena. Turkian ihes eginda bizi diren islamistak lirateke aginduak eman dituzten politikariak.

“Al Ahram” egunkariak Barne Ministerioaren agiriaren berri eman du. Bertan nabarmentzen da ustezko plan horren helburua Egiptoko segurtasuna hankaz gora botatzea, kaosa eragitea eta ekonomia kaltetzea zela.