Mikel Zubimendi Berastegi

Herri ezberdina bagara, apustu ezberdina behar da

Bost egun barru greba orokorra deitua dago Euskal Herrian. Irakurri dudanez, duintasuna eskatzen da: lan, pentsio eta bizitzen duintasuna. Berria da planteamendua, ezohikoa. Aitortu behar dut: «duintasuna» politikaren edo protestaren erroan jartzen denean, normalean ez da gauza onik ateratzen. Ez dira duintasun neurgailuak ezagutzen, ez dago duintasunaren neurri unibertsalik, baina tira, nire arazoa izango da. Agian politika moderno eta fluidoek bandera horiek (duin, zintzo...) astindu behar dituzte. Klase sozialetan oinarritutako lubaki gerren garaia joanda egongo da, betiko agian. Aliantza, ideia eta sinesgarritasun publikoan metaketa berriak behar dira, bai, eta horri erantzutera etorriko da greba, agian. Baina bat egingo dut deialdiarekin, duintasunagatik baino gehiago, beste arrazoi batzuengatik.

Greba orokorrak, niretzat, kontra egiteko bezainbeste proposamenak egiteko izan behar du. Euskal gizarteari egokitutako eta hura zerbitzatuko duen ekonomia baten alde, eta ez ekonomiaren mendeko den euskal gizartearen alde. Herri ezberdina bagara, apustu ezberdina behar dugu, orain arteko politikekin ezin delako emaitza ezberdinik espero. Eztabaida ekonomikoa ez delako ñabardura txikien auzi batera mugatzen, ekonomia berri bat Euskal Herriarentzat ez delako, inondik inora, fantasia idealista hutsa.

Kontrarioak, normala denez, kontrako giroa sortzen ari dira, beti, indarrean dagoena egin daitekeen politika errealista bakarra dela erantsiz; esango dute dagoena edo kaosa, beste alternatibarik ez dagoela, pankarta atzean dabiltzanek ez daukatela maila ekonomiaz hitz egiteko, eta are gutxiago erabakitzeko, eta abar.

Azken hamarkadetan, oro har, ezkerrak ekonomiari forma berri bat eman nahi izan dionean zergen bitartez –irabazietan zentratuz, botere ekonomikoaren kontzentrazioaren beste forma batzuetan baino gehiago– eta nazionalizazioen bitartez –askotan sektore pribatuko elite baten kudeaketa instituzioek hautatutako beste batengatik aldatuz– saiatu da. Mugatuak, petatxatuak diren interbentzioekin. Behar eta egin beharrekoak, baina, sistemikoagoak, iraunkorragoak diren aldaketekin etorri behar du nahitaez.

Berrikuntza ezinbestekoa da. Modernizazioa. Ekonomia berri bat behar da, justuagoa, barneratzaileagoa, gizartearekiko eta planetarekiko hain suntsitzailea izango ez dena. Ekonomia berria bezala, gure herriaren oinarri nazional eta komunitarioen inguruan eraikitako gobernantza berria behar da.

Nola gertatuko da eraldaketa hori? Iraultzaren bitartez? Greba orokor mugagabearekin? Zalantzazkoa da. Protesta beharko da, diskurtso alternatiboa, indarrean dagoen eredu ekonomikoaren eraginkortasuna zalantzan jartzen duen praxia, bai. Eta Euskal Herrian horretarako badugu abiapuntu aski interesgarria, urtarrilaren 30ean berriz ere, beste behin, ikusiko denez. Eta gainera, badugu enpresa esperientzia eta lan kultura oparoa. Aski agian ez, baina asko da hori.

Euskal eredu sozial, produktibo, kultural aurreratua behar dugu. Euskal jendetik eta euskal jendearentzat. Munduko esperientzia aurreratuenekin konektatua. Gauden lekutik merezi dugun lekura abiatu ahal izateko. Ñabarduretan kateatzeke, alternatiboa den benetako ekonomia eta politika baten inguruan herri hau berriz ardazteko. •