Maite Ubiria Beaumont

Sakoneko Estatuak «cameo» bat egin du Hexagonoan

Iragan urteko urtarrilean Christophe Castanerrek iragarpen bat egin zuen. Txaleko Horien mugimenduak astero-astero karriketan aitzina zeramatzan protestak ekiditeko Poliziak baliaturiko moldeek zeresana ematen zuten ordurako eta frantziar Barne ministroak komunikazioaren magia baliatu zuen zauritutako herritarren irudiek sortzen zuten zirrararen eragina mugatzeko. Lola Villabriga ikasle gaztea Biarritzen larriki zauritu zuen LBD motako gomazko pilota edo Antoine Boudinet baionarrari eskuineko eskua txikitu zion GLI F4 granada bezalako munizioak debekatu ordez, zera iragarri zuen Castanerrek, handik aurrera poliziek soinean kamera bat eramango zutela manifestazioetan gertatzen zen guztia grabatzeko. Urtebete igaro denean, aste honetan bertan prentsa frantsesak kargu hartu dio ministroari. “Le Canard enchaîné” astekariak plazaratu duenez, 2,3 milioi kostatu zen egitasmoa iruzur hutsa izan zen. 10.000 kameratik gora erosi zuen Ministerioak, baina horietatik gehienak komisaldegietako apalategietan gelditu ziren, matxuraren batengatik edota polizia arduradunek materiala egokia ez zelakoan alboratu zutelako. Berriak hautsak harrotu ditu, Castanerren inkonpetentzia agerrarazteaz gain, berriki Emmanuel Macronek berak polizien deontologiari buruz eginiko oharrari sinesgarritasun osoa kentzen diolako.

Gogoratzearren, Macronen gortea astindu duen eskandalurik handienak, “Benalla auziak”, irudiek izan dezaketen garrantzia frogatu zuen. “Mediapart”-en bidez lekuko batek aferari buruz eman dituen xehetasunak jaso ditugu: Macronen bizkartzain kuttun zenak bildutako informazio delikatua gordetzen zuten balizak berreskuratzeko operazioan Eliseoko agenteak inplikatu ziren, antza. «Macrongate»-ren enegarren kapitulu iluna kameraz jositako eremu ofizialetan gertatu zenez, nork daki, agian baten batek irudiak hartu zituen?

Bestalde, kamera batek susto handia eman dio polizia «armazale bati» Frantziako iparraldean. Kasu horretan, Arras hirian dagoen armak indargabetzeko zentroan polizia komandante batek osatu zuen legez kanpoko armategia zelatatzeko balio izan zuten kamerek. Heldu den apirilean izanen du epaiketa; besteak beste, gizarte zibilaren laguntzaz 2017ko apirilaren 8an Baionan burutu zen desarmatze ekimena bere mesedetan baliatu zuen poliziak. 200 bat herritarrek ETArenak izandako armak gordetzeko arriskua hartu zuten egun historiko hartako egunsentian, biltegi horien kudeaketa frantziar administrazioaren esku utziz. Iraganean, lardaskeriaren aitzakiaz, historia pasadizo zinez larriak gutxietsi izan diren bezala, 150 bat armaren lapurreta bitxikeriatzat hartzeko tentazioa egon daiteke. Oraingoz, aferak zera utzi du agerian, euskal herritarrek bakea eraikitzeko bidean ezinbestekoa zen armagabetzean estatu ordezkariek baino ardura handiagoz jokatu zutela.

Akatsak, txapuzak, gehiegikeriak.. nozio lasaigarriak baliatu baino, ezinbestekoa dirudi estatuaren arrazoiaren eroale den polizia sistema horren erro sakonak aztertzeak eta berria ez bada ere, gaur-gaurkoz, Macronek bere agenda autoritarioa aurrera eramateko bidean indarkeria ofizialak betetzen duen funtzio nabarmenari buruz eztabaida pizteak. Polizien biktimen bilduma Twitter bidez egin duen David Dufresne kazetariak idatzitako “Dernière sommation” liburua irakurtzea gomendagarria izan daiteke gogoetarako abiapuntu gisa. •