Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Proportzioak

Zer du lurralde eremu, plaza edo gela batek ederra dela baieztatzeko? Galderaren zergatia argituz: espazioa ulertzeko eran normalizaturiko edertasun bat ba al dago? Dudarik ez, begirada estetikoa ikasi eta eraikitako zeozer dugu, eta, beraz, halako galderari boteprontoan erantzun bat eman baino, edertasuna problematizatzera behartuta gaude. Alor ezberdinetatik aritu gintezke leku/ingurune baten edertasunaren ulerpenera gerturatzeko: pentsamendutik eta filosofiatik edo korporalki eta sentsorialki. Eta litekeena da banaketa sinplifikatu honen bi alderdiak nahasirik izatea, inguratzen gaituen errealitate material eta fisikoak gugan “zeozer” eragiten duelako, baina edertasunaren gorputz sentsazioaren itzulpena egiten dugunean edertasunaren ulermen bat eraginean egon daiteke, intelektualizazioa dela medio.

Arkitekturako ikasketak burutzen ari nintzela, leku bat polita edo itsusia zela esatea begi txarrez ikusia zegoen, “eder” hitza debekuen armairura zokoratuz. Leku bat edertzea arkitekturaren egitekoetatik ezabatuta, estetika materialaz jarduten ginen (gauzen itxuraz, alegia). Egilearen –arkitektoaren– estetika pertsonalaren inposizioa gaitzesteko bide gisa zentzua duen arren, edertasunaren errelatorik ezak arkitektura gai objektibo, arrazional eta funtzionaletan murgiltzeko ariketa bilakatzen du, zehatza eta kuantitatiboa den esparrura eramanez –gorputzaren esperimentazioarekin loturan diren gaiak aldenduz–. Modu honetan arkitekturako klasea filosofiako batetik urrutiratzen da, arkitekturaren irakaskuntza argudio “sendo” eta ukaezinen errealitatean murgilduz. Eztabaidarako zirrikituak mugatzearekin batera, arkitekturaren ekintza gorputz esperientziatik aldentzea eragin du. Guztiagatik, edertasunaren aldarrikapenari balio politikoa gaineratu izan diot gerora.

Edertasunaren (espazio) eraikuntza bilaketa eta lanketa gisa ulertu beharko genuke, ez aurkitutako gauza bat bezala. Ikuspegi klasikoari kontrajarriz, edertasunaren ulerpen esentzialistarik ez dagoela pentsatu nahi nuke. Edertasunaren eraikuntzak egia bakarra ez duelakoan. Edertasuna zertan den azaltzea zaila izatearen arrazoia lekuak duen baina hitzez definiezina den “zeozer” eragiten ari zaigulako izan daiteke. Zeozer hori proportzioen edertasunarekin lotuko nuke. Espazio proportzionatuak zera esan nahi du, toki bat osatzen duten elementuen artean lotura zehatz batzuk ezarriak eta landuak daudela, neurri eta geometria sistema orekatu eta desorekatuak trebatuz.

Bukatzeko, itsustasunari aipamen bat. Arrotza (berria, ezberdina) zaigun egoera espazial baten aurrean, ezezagunaren sentsazio deserosoa itsustasunarekin nahastu ohi dugu. Ederraren ideia ohiturarekin harremanean jartzen dugulako, ikusi/sentitzen duguna onarturik dagoen kanon-egitura baten eskanerretik pasatzen dugu. Horregatik, esperientzia espazial batean gorputz-harridura sentitzen dugun hurrengo aldian, ezbaian jar dezagun ikasitakoa, edertasunaren ulermen zabalago bat lortzeko. •