15/02/2020

Iker Barandiaran
Aurre hartu

Aurrean bor-borrean edo atzerago lasai antzean baina agertokiari adi egotea nahiago izaten dut. Hala bizi izan ditut zuzenekoak, baina askoz hobe leku txiki edo ertainetan badira, zalantzarik gabe

Kontzertu batera sartu ahala gutako askoren lehen galdera izan ohi da: «zer talde ari da jotzen?». Jarraian, «non dago taberna?». Eta, ostean, «aurrerago joango gara?, aurre-aurrera?». Orain dela oso gutxi aspaldiko hainbat lagunok topo egin genuen hamarkada batzuk dela hara eta hona jarraitzen genuen musika talde baten ezusteko kontzertu borobilean. Bere sasoian haien kantu eta hitzak erabat barneratu genituen eta urte asko pasa arren agertoki parean jarritakoan azaleratu ziren berriro estalita ziruditen iraganeko sentsazio gogoangarri guztiak. A ze gozamena! Horrez gain, garrantzitsuena izan zen lagunok halako testuinguruan berriro batzea. Zer da, bada, musikak eragiten diguna? Barruko sentsazioen askatzea edo berpiztea, iradokitzen digun hori gogora ekarri zein ospatzea, eta, tonu berean hori guztia beste batzuekin partekatu ahal bada, askoz hobeto!

Kontzertua aurre-aurrean eta adi-adi ikusi genuen, batzuok ohitura dugun moduan eta beste batzuek horixe berreskuratuz, bejondeiela! Jakina, bero dezentekoarekin, kearekin eta giro paregabearekin. Arratsaldez bazen ere, gau itxura handia zeukan hark eta ospakizuna ere halakoa izan zen, erabatekoa: gu moduan, ikusle guztiak pozarren, irribarre erraldoiarekin, eta taldea ere oso gustura, bestelako presio nazkanteetatik kanpo musikaz, kantuez eta momentuaz disfrutatzen. A ze luxua!

Gogora ekarri dut orain gutxi hainbeste disfrutatutako pasarte hau, ezbairik gabe eman genuelako pausoa guztiok gorputzak hala eskatuta. Izan ere, hori horrela izanda ere, azkenaldian bestelako kontzertu batzuetan behin baino gehiagotan ingurukook zalantzan ibiltzen gara emanaldiak gradetan jarrita edo, aldiz, pistatik, zutik, ikusteko. Agertokiarekiko hurbiltasunak musika beste modu batean –sarkorragoan– bizitzea dakar nire ustetan, baina gaur egun eremu itxietan (eta irteteko trabak izan ohi dituztenetan are gehiago) zein halako talde kopuru handiekin ez da beti erosoena izaten jendetza artean zutik orduak eta orduak egitea. Hori, eta baita urteak pilatuz goazela ere…

Horregatik diot aurrean bor-borrean edo atzerago lasai antzean baina agertokiari adi egotea nahiago izaten dudala. Hala bizi izan ditut zuzenekoak, baina askoz hobe leku txiki edo ertainetan badira, zalantzarik gabe. Hori horrela izanda, zur eta lur gelditu nintzen pasa den Hatortxu Rock jaialdian, Atarrabian: publiko gehientsuena oso gaztea zen, eta, egia da, baziren horietatik ehunka eta agian milakaren bat jende agertoki parean adi-adi bertan gertatzen zenari arreta eginez. Baina “ikusle” gehienek, ordea, agertokiari bizkarra ematen zioten eta borobilean bizi izan zituzten kontzertuak haien lagunarteaz gozatzen, ondokoekin hartu-emanetan. Pentsa liteke taldeez paso egiten zutela, baina ez zen horrela! Zuzenekoa ematen ari ziren taldeak ezagutzen zituzten, baita haien kantuak ere; izan ere, hein handi batean kantuan ari ziren haiek ere, musikariei inola ere begiratu gabe.

Beste muturrean, baina, pare bat aste dela Donostiako Mogambo areto autogestionatu beteranoan egon nintzen aspaldiko partez. Ohikoa ez bada ere, Oi! estiloko hiru talde aritu ziren, indartsuak oraingoan, eta horietako birekin –Cuero bilbotarra eta Rixe frantziarra– sortu zen pogoa itzela izan zen, basatia! Jende oso gaztea zen, baina hil ala bizi ari ziren taldearen aurrean guztia ematen!!

Eta kasu horretan nagusiagook ginenok izkina batean batu ginen kiribilak ez irensteko eta, aldi berean, agertoki pareko ikuskizuna ere gertutik bizi izateko. •